Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Zinemagileak

«Pertsonaiei oso lotuta dauden istorioak kontatzen ditugu »

'Loreak' suspensezko drama Sail Ofizialerako hautatua izatea euskarazko zinema garatzen ari den erakusle izatea nahiko lukete. Uste dute Moriarti beren ekoiztetxeko lanek badutela zigilu propioa.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2014ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Lanak amaitzea kostatzen zaiela aitortzen dute Jose Mari Goenaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) eta Jon Garaño (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) zinemagileek. Horretan markak hausten dituztela diote; estreinatzeko egun jakinik gabe abandonatu egiten dutela sortzen ari direna, bukatu beharrean. Izan ere, iazko maiatzerako filmatuta behintzat bazeukaten Loreak pelikula —joan den abenduan «ia-ia» amaituta zeukaten—. Donostiako Zinemaldiko ordezkariak filmaketa platoan egon ziren egun batean: «Bukatuta zegoenean pelikula ikusi nahi zutela esan ziguten». Bada, Donostiako 62. Zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratu dute. Ez dakite zein bide egingo duen filmak gero —«aldagai askok eragiten dute horretan»—, baina iruditzen zaie izan dezakeen hasierarik onena izango duela.

Donostiako Zinemaldian estreinatuko duzue Loreak. Pozaz gain, zer sentitzen duzue?

GARAÑO: Kontuan hartu behar da orain hilabete dezente jakinarazi zigutela. Orduan, ondorengo hilabeteetan hainbat fase daude, baina, lana argitaratzeko unea hurbildu ahala, sentipen positibo horiek pizten dira. Pixka bat ahaztuta daukat lehen sentsazio hura, baina aurrenik harridura sentitu nuen, zerbait arraroa...

GOENAGA: Tira, lehenengo poza.

GARAÑO: Bai, harridura edo sentsazio arraro horien ondoren, poza. Eta, gero, dudak [barreak].

GOENAGA: Bai. Izan ere, Sail Ofizialean bazaude, kritikoek zorrotzago begiratuko diote lanari... Kritika negatiboak errazago etor daitezkeela iruditzen zait. Sail txiki batean bazaude, beti esan dezakete saila txikia dela, pelikula ere halakoxea dela, baina badituela bere gauzak. Sail Ofizialean bazaude, ordea, suposatzen da filmak ona izan behar duela eta luparekin begiratzen zaiola. Ilusioa, dena den, beldurra baino handiago da. Niri esaten badidate zer nahiago dudan, kritika negatiboak Sail Ofizialean edo kritika suabeago bat beste sail batean, bada, aurrenekoa aukeratuko nuke.

GARAÑO: Beldur hori, halere, minimoa da. Zinemaldi bat, azken finean, leiho baten modukoa da. Sail Ofizialaren leihotik jende gehiagok ikusten zaitu, eta, azken finean, guk hori nahi dugu. Sentitzen dugu norbaiti behintzat pelikula gustatu zaiola, eta norbait hori dira zineman adituak, edo behintzat filmak ikustera ohituta daudenak, irizpide bat daukatenak, eta hori asko baloratzen dugu.

Ba al zenekiten Sail Ofizialean lehiatuko den euskarazko bigarren filma dela zuena?

GARAÑO:Ke arteko egunak Sail Ofizialean eman zuten [Antxon Ezeiza], euskaraz, 1989an, baina, aktore nagusia Pedro Armendariz mexikarra izanda, bada, itzuli egin zuten. Alde batetik pozgarria da, bai, baina bestetik ez.

Eta zer-nolako garrantzia ematen diozue horri?

GOENAGA: Gustatuko litzaidake izatea gauzak garatzen ari diren erakusle; euskaraz geroz eta lan gehiago egiten direla, alegia, eta garapen bat gertatzen ari dela.Espero dut film geroz eta hobeak egitea hemen, nazioartean beste herrialdeetako lanekin parez pare lehiatu ahal izango direnak.

Harro egongo zarete, hortaz, zuek zaretelako aitzindari, nolabait.

GOENAGA: Igual gehiegi esatea da, baina aurrekoan komentatu genuen 80 egunean-ekin enbaxadore kultural gisa sentitu garela nazioarteko zinemaldietan. Euskal kulturarekiko eta euskararekiko berarekiko ere interesa sumatu dugu horren harira.

Iazko martxoan, filmatzen hasi baino lehenago, adierazi zenuten ahanzturaren eta memoriaren arteko tirabira bat erakutsiko zuela filmak eta, aldi berean, memoriaren inguruko gogoeta bat plazaratuko zenutela. Planteamendu horri eutsi al diozue gerora?

GARAÑO: Bai. Memoriaren gaiari garrantzi handia eman diogu. Erakutsi nahi dugu jendeak memoriaren inguruan zein jarrera izan dezakeen; ez dugula denok modu berean jokatzen, alegia. Horrek joko bat planteatzen du pelikulan.

Zein da istorioaren abiapuntua?

GOENAGA: Ane 40 bat urteko emakume bat da, eta ez dago bere bizitzako garairik onenean. Etxean loreak jasotzen hasiko da; ezagutzen ez duen norbaitek bidaltzen dizkio, astero. Hasieran pentsatzen du bere senarra dela, baina ez da hura... Itxuraz kalterik egiten ez duen gertaera horrek hainbat sentipen pizten ditu harengan eta beste pertsonaiengan.

Kontatu duzuenagatik, drama itxura dauka.

GOENAGA: Bai, baietz esango nuke... Baina badu misterio ukitu bat ere. Filmatu genuenean, komediatik gehiago edukiko zuela zirudien, baina azkenean ez du horretatik askorik izango.

GARAÑO: Suspensezko drama bat dela esatea gustatzen zaigu [umorez].

Proiektuak lantzen hasten zaretenean, edukitzen al duzue zinema motaren bat erreferentzia gisa?

GOENAGA: Galdera horri erantzuteak lotsa pixka bat sorrarazten dit; izan ere, gero, irakurtzean... [barrez]. Filma, azkenean, nahikoa aldendu da horretatik, baina [Krzysztof] Kieslowski bat, adibidez, izan genuen buruan. Idazterakoan, [Alfred] Hitchcock ere erreferentzia bat da, pelikula batean informazioa nola ematen duen kontuan hartzean. Erreferentziak dira, baina martxan jartzeko, ez gero pantailan ikusten denak horiekin zerikusia duelako.

Moriartirekin hainbat lan kaleratu dituzue: dokumentalak, film laburrak, 80 egunean... Zeuen lanetan ezaugarri propio batzuk igartzen direla pentsatzen al duzue?

GOENAGA: Baietz pentsatu nahi dugu. Dena dela, bosteko talde bat izanik [Xabier Berzosa, Jorge Gil eta Aitor Arregi dira Moriarti ekoiztetxeko besteak], hasieran, batez ere, pentsatzen genuen agian ez genuela edukiko autore zigilu hori. Beharbada, ez da hain ikusgarria beste kasu batzuekin konparatuta. Baina iruditzen zaigu gure lanak gu boston artean sortzen den tentsio horretatik sortzen diren zerbait direla. Orduan, iruditzen zait badagoela, azkenean, zigilu bat. Pertsonaiei oso lotuta dauden istorioak kontatzen ditugu, eta haiengana goxotasun batekin gerturatzen saiatzen gara. Ahalegintzen gara proiektu bakoitzean zerbait berria lantzen.

Urteotan euskaraz egindako zinemak komediatik jo du, batez ere. Zuek, ordea, beste esparru batzuk jorratzen dituzue. Nolabait esatearren, apurtzaileak al zarete?

GOENAGA: Formalki apurtzaileak ez garela uste dut —dena den, orain arte klasikotasunera jo dugu, eta Loreak, berriz, aberatsagoa da—, baina, agian, eta ez dakit zenbateraino, aukeratzen ditugun gaiek-edo ez dizute komertzialki arrakasta ziurtatzen. Alde horretatik, gaiak aukeratzerakoan, izan gaitezke apurtzaileak baino gehiago komertzialtasunari begiratzen ez diogunak.

Zinemaldietan bai, baina komertzialki lehiatu al daiteke?

GARAÑO: Pentsatu behar da zein motatako pelikula egiten duzun. Gure pelikula jendeak zinema aretoan ikus dezan nahi dugu, baina ez dugu espero Ocho apellidos vascos-ek erakarri duen jendetza biltzea. Beste publiko mota bat erakartzen ahalegintzen zara, oro har kulturan interes handiagoa duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.