Pinar Selek. Turkiako idazlea, soziologoa eta feminista

«Bakea behar dugu, eta dena egin behar da erregimena kentzeko»

Turkian gaur egitekoak diren erreferendumean ezezkoa ateratzeko itxaropena ez du galdu Selekek. «Errepresioak eta ustelkeria giroak» boto-emaileak Erdoganen aurka bozkatzera bultzatuko dituela uste du.

BERRIA.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Gaurko erreferendumaren inguruan ez da guztiz ezkor Pinar Selek, Turkiako idazle eta ekintzailea: «Itxaropena badut ezetzak irabaz dezan. Errepresio eta ustelkeria giro horretan ere inkestek erakusten dute ezetza %53 inguruan izan daitekeela. Beldur dira».

Atxilotua, torturatua eta presondegiratua izan zen Selek 1998an. Turkiako epaile batek atentatu bat egiteaz akusatu zuen, eta, nahiz eta ikerketak erakutsi ez zuela deus ikustekorik, delako zartatze hura ez zela bonba izan baina gas isuri batek eragina, jazarpen judizialak segitu du. Lau aldiz zuritua izan da, eta azkenik 2014an, baina prokuradoreak dei egin zuen. 2017ko urtarrilaren 25ean, Kasazio Gorteko fiskalak berriz ere bizi osorako espetxe zigorra eskatu du Seleken kontra. Orain, azken erabakia gorte horren esku da. Jazarpen horrengatik ihes egin zuen Turkiako idazleak, eta zenbait urte hauetan Frantzian bizi da.

Galdeketaren kanpaina denboran Recep Tayyip Erdogan presidenteak erabili mehatxua, Turkian berean eta nazioarteari begira, ez zaio harrigarri Seleki. Estatu-nazioek transnazionalen aitzinean indarra galdu dutela dio, are gehiago nazioarteko erakundeek. Turkiako agintariek hori badakitela eta, beraz, denekin ari dela tratuan, hala nola Estatu Islamikoarekin: «Estatu Islamikoak ez du petrolioa saltzen bakarrik, kotoi eta beste gauza franko saltzen ditu. Gatazka militarra baldin bada ere, negozio egiten segitzen dute. Horregatik, badute dirua; ez soilik bi estatuk laguntzen dituztelakoan. Enpresa transnazionalak denetan dira. Turkiako Gobernuak ere baditu bere sare transnazionalak; bereziki, Ekialde Hurbilean. Adibidez, [Masud] Barzani, Irakeko kurduen burua, Erdoganen kofradia edo ekonomia sare berekoa da. Irakeko Kurdistanen berinak, mahaiak ikusiko dituzu; denak dira Made in Turkey».

Asli Erdogan, Pinar Selek eta beste idazle, unibertsitario, kazetari franko pertsegituak dira azken hilabeteetan, baina Selekek berak oroitarazi du ez dela orain hasi: «Nire kasuak erakusten du errepresio sistemaren jarraipena. Nire aurkako lehen auzia gobernu hau baino lehenagokoa baitzen. Otso grisen eta nazionalisten arteko koalizio bat zen orduan. Preso nintzelarik, 45.000 preso politiko bazeuden, torturak, erailketak, eta abar. Noiztenka, Turkian, badira lasaitze garaiak, esperantza aldiak, eta gero berriz hasten dira. Ez da lehen aldia purgatzeak badirena».

Bizkitartean, haren kontrako tematze horrek boterearen aurpegiaz hainbat gauza salatzen dituela uste du: «Nire kontra iduri luke gorroto pertsonala badutela. Ez ditut kurduak soilik aipatzen, armeniarren arazoa aipatzen dut ere, eta beste gai batzuk. Emakumea naiz, feminista, librea, sexualitatea aipatzen duena. Faktore anitz badira». Horiek horrela,Erdoganen gaurko erregimenaren jokamoldeak ez duela deus onik iragartzen aitortu du: «Sistema arbitrarioa da guziz, eta gaur egungo egoera politikoak eragina izan dezake epaileen erabakian».

Boterearen gogortzea aztertu du Selekek: «Sirian, errusiarrekin eta [Baxar] Al-Assadekin aritzeagatik aski bakarturik gelditu da gobernua, eta aliantza berria egin du ultranazionalistekin. Turkia gerran da; ez soilik gerra zibila kurduen aurka, baina ere nazioarte mailakoa Sirian, Iraken. Ez du oposizio izpirik onartzen. Unibertsitarioei, kazetariei terrorismoa leporatzen die».

Kurduen aurkako gerra

Kurduen kontrako jazarpenaren kontra borrokatu da beti Pinar Selek, nahiz berak ez duen Kurdistan hitza erabili nahi: «Antinazionalista eta antimilitarista naizenez, ez dut Kurdistan hitza erabiltzen. Armeniarren lurrak ere bai baitira. Nahiago dut Anatolia erran, edo Mesopotamia; talde anitz baita han. Gutxiengoan diren jende anitzekin lan egiten dut, eta beti hitz ezberdinak dituzte lur berarentzat».

Ez du kentzen salatzen duela kurduen kontra berpiztu den gerra Ipar Kurdistanen: «Hiltzen dute jendea, kartzelatzen, eta ulertu dudana da jendeen ontasunak ere bahitzen dituztela. Hango erakunde, udaletxe askoren ontasunak bahitu dituzte. Gauza berria da, eta beldurgarria. Ez dute bakarrik kurduei jasanarazten, baita gulenistei ere». Halako garbiketa bat bidean dela ikusten du: «Auzo osoak debekatu dituzte, jendeak behar izan du joan bere etxetik, eta suntsitu dituzte eraikinak. Hamabost hiritan bederen, alde zaharrak suntsitu dituzte».

Etxegintzarena estrategia bat dela deitoratu du: «AKPk burgesia berri bat erabiltzen du, etxegintza arloan ari dena, aski kontserbadorea. Badu urte bat hiriak lurrera botatzen dituztela, alde historikoak eta eraikin berriak ematen horien ordez, itsusiak, hamabost solairukoak. Terrore testuinguruan nehork ezin du deus erran. Jende asko joan dira, edo, proposatu zaielarik etxebizitza berria, ez dute onartu».

Suntsiketa horren ikur bezala da Diyarbakir hiri historikoa: «Kurdistango hiri handiena da, eta alde historiko guzia suntsitu dute. Han nintzelarik, baziren ostatu, txoko txikiak, mendeetakoak zirenak; dena bota dute».

Erreferendumarentzat, gainera, Erdoganek Kurdistan zeharkatzen duen Siriarekin duen muga baliatzen du nolabait, idazleak esplikatu duenez: «Ez ahantz Siriako errefuxiatu asko badagoela han orain; 4 milioi inguru. Erdoganen aldekoak dira orain, eta turkiar hiritartasuna eman nahi die berehala bozkatzeko ahala izan dezaten».

Emazte eta LGTBen egoera

Kurdistango mugimendu feministek bezala, Turkiakoek ere ikusi dute gerra egoerak nola areagotzen duen emazteen aurkako jazarpena: «Mugimendu feministak Turkia osoan gauza asko aldatzen lortu du. Emakumeen kontrako bortizkeriak agerian emateko mekanismoak plantan eman. Horri esker, emakumeen kontrako bortizkeria apaltzea lortu zen, baina urte bat honetan emendatu da azkarki berriro».

Testuinguru horretan jendea bera bortitzago bihurtzen dela ohartuak dira Turkian diren Seleken hurbilak: «Ene lagun guziek gauza bera esaten didate, erokeria dela, eta emakumeek dute pairatzen. Bake testuinguru baten beharra dugu, eta dena egin behar da erregimen horren kentzeko».

Gisa berean, botere kontserbadorearen jomuga izan da maizLGTB mugimendua, Selekek ongi ezagutzen duena. «Ihardukitzailea da aspalditik. Taksimeko manifestaldiak izan zirelarik, LGTB mugimenduak zituen leloak, ekintza moduak finkatu. Feministekin eta antimilitaristekin bilduz mobilizazio modu aski sortzaileak ekarri ditu». BainaLGTBek ere egoeraren bortitza pairatzen dute: «Duela lau urte, AKP gobernuan zen; diskurtso homofoboak entzuten baziren ere, LGTB mugimenduak ekintza eremua zabaldu zuen. Auzoetan, eskoletan formazioak egiten zituen. Baina gerra eta bortizkeria testuinguruak dena suntsitzen du. LGTB militante asko kartzelan daude; asko desagertzen dira. Nazionalistak, otso grisak berriz indartsu dira, eta islamistak baino bortitzagoak dira homosexualen aurka Turkian; bitxia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.