Euskal eleberrigintza beltzaren sustatzailea oroimenean

Gotzon Garateren nobela beltzei buruz mintzatuko da gaur Miel A. Elustondo, Baztanen, 'Beltz guztiak ez dira bele' solasaldian. «'Show' beltza» izango dela ziurtatu du

ander perez zala
2017ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gotzon Garate idazlearen nobela beltzak hartu, eta haien belztasunaz arituko dira gaur Beltz guztiak ez dira bele solasaldian, 19:00etatik aurrera. Baztango Anizko elkartean finkatu dute hitzordua. «Show beltza» izango da, Miel A. Elustondo hizlariak BERRIAri adierazi dionez.

Garateren oroimenez egindako hitzaldia izango da, Hilbeltza Beltza jardunaldien barnean: «Hasteko, haren bizitza eta obraren berri emanen dugu, bideo eta musika zenbait ere baliaturik. Beroketa hori eginik, ur handiagoetara eginen dugu, eta detektibe nobela eta nobela beltza bereiziko ditugu. Txantxa eta jolas ariko gara, beltz, aski adiskidetsu, ez akademiko», ziurtatu du Elustondok.

2008an hil zen Garate Bilbon, Deustuko Unibertsitateko jesuiten egoitzan, 74 urte zituela. Euskal literaturan eta linguistikan pisu handia izan zuen, eta euskal kulturak erregimen frankistarengandik jasan zuen errepresioaren lekuko izan zen. Elustondoren arabera, abertzale eta euskaltzale «porrokatua» izan zen: «Zalantzarik ez horretan. Euskaldunagoa nahiko zukeen jesuiten lana Deustuko Unibertsitatean, behin eta berriz esan zuenez. Euskal Herriaren aldekoa zen, zazpi lurraldeen eta hizkuntzaren aldekoa. Jainkoa eta familia zituen bi zutarririk behinenak, ez zituen uztekoak». 21 urterekin hasi zen euskaraz idazten eta, 1967an, Euskal Herria bisitatzeari ekin zion. Emaitza emankorra lortu zuen: 17.000 esapide bildu zituen, gerora Erdarakadak eta Atsotitzak obren oinarri izango zirenak. «Estilo arina, jostaria, zuzena zuen. Zazpi euskal herrietako baserrietan jasotako solasak baliatu nahi izan zituen bere nobeletan».

Euskal literaturan Garateren garrantziaz ohartarazi du Elustondok: «Euskarak baturanzkoan egin zuen sasoian ez zen leitzeko aunitzik, eta ez pentsa euskaraz leitzen ere abilak ginenik. Hortakotz, Gotzon Garateren nobelak aski material baliagarriak izan genituen geure buruak euskaraz janzteko eta trebatzeko, euskararen hitz diferenteak ikasteko, eta abar. Entretenitzen gintuen aldi berean. Gotzon Garateren lanek, bertzalde, aski euskara egokiaren berme ziren, euskara batua asentatua ez zen sasoian. Horrek, zalantzarik gabe, haren lanak leitzera eraman zituen irakurle anitz, eta, haien eskutik, ikasle anitz ere haiek leitzera jarri ziren. Erran nahi dut, jende frankok leitu zituela Gotzon Garateren nobelak, milaka irakurle izan zituen».

2005ean, Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zion idazleari, «euskararen sustapena egiteagatik, eta haren ikerketa lanengatik». Besteak beste, Marxismoari buruzko gogoetak ere egin zituen, eta euskal eleberrigintza polizialaren sustatzailetzat dute. Euskaltzaindiaren Eleberrigintza saria jaso zuen 1981ean, Izurri Berria liburuagatik.

Idazlea ezagutzeko aukera izan zuen Elustondok, 1981ean: «Argitaratuak zituen lehenbiziko nobelak, Esku leuna eta Elizondoko eskutitzak, gogo onez leituak nituen. 1981eko Errege egunez, arratsaldean, Azpeitiko kalean behera ikusi genuen. Atzetik joan gintzaizkion, agurtu genuen, eta Odria auzoko Odriozolatxo baserrian zegoela esan zigun, baserritarren euskara aberatsetik edaten, esaera zaharrak eta denetariko hitzak biltzen. Ondoko egun batean Odriozolatxora egin genion bisita eta, harrezkero, eta hil zen arte, bostetan baino gehiagotan izan ginen elkarrekin, Bilboko Kafe Antzokian bazkaltzen, hedabideetarako elkarrizketak egiten, eta abar».

Gotzon Garate, oroimenera

Gonbidapena helarazi die irakurleei: «Ipuin bat kontatuko dugu, beltzean beltz, eta Aniz herrian gaindi itzulia ere eginen dugu, hotz ederrean. Eta, oroz gain, Gotzon Garate ekarriko dugu oroimenera, leituko dugu hau eta hura, haren gainean erranak gainbegiratuko ditugu belztasunaren froga bila, ohi denez. Polizia eleberria eta nobela beltza bereiziko ditugu, eta Gotzon Garate, nobela beltza eta Baztango zenbait irakurle finen asmo eder bezain beltz Hilbeltza Beltza ohoratuko ditugu, zein bere aldetik. Han izanen naiz ni pozik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.