«Ezin diogu eutsi gaur egun daukagun Durangoko Azokaren ereduari»

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzari 70.000 euro gehitzea eskatu dute antolatzaileek, galerarik ez izateko.Azokak egiten duen ekarpen ekonomikoa azpimarratu dute

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Azoka honi eusteko estu eta larri gabiltza». Laguntza dei zuzena egin zien atzo Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak erakunde publikoei eta alderdiei, Durangoko Azoka antolatzen duen lantalde osoaren izenean. Gauzak ez badira aldatzen eta finantzaketa publikoa ez bada handitzen, argi utzi zuen azokaren egitura bera dagoela arriskuan. «Ditugun datu ekonomikoekin ezin diogu eutsi gaur egun daukagun azokaren ereduari».

Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean izan ziren atzo Mujika eta Aitziber Atorrasagasti kudeatzailea, guneetako arduradunek lagunduta. Egoera «premiazkoa» dela ohartarazi zuten, eta aurtengo azokara begira eskaera zehatza ere egin zuten: Eusko Jaurlaritzak aurreikusia duen laguntza %87 handitzea. Iaz onartutako aurrekontu proiektuaren arabera, aurten 80.000 eurorekin lagunduko du Iñigo Urkulluren gobernuak Durangoko Azoka. Antolatzaileek 150.000 euro jartzea eskatu dute, eta aurrera begira finantzaketa hori egonkortzeko konpromisoa hartzea nahi dute .

Joan den urtean aurrekontua estutu eta gastuak jaitsita ere, galerak izan zituen azokak —56.000 euro, EH Bilduk emandako datuaren arabera—, eta aurten ezin dela halako zulorik sortu azpimarratu zuten Gerediagako ordezkariek.

Neurriko laguntza

Durangoko Azoka euskal kulturarentzat «estrategikoa» dela gogoratu zuen Mujikak. Izaera kualitatibo hori alde batera utzita, ekonomiari ekarpen kuantitatiboa egiten zaiola azaldu dute sustatzaileek. Txosten bat propio egin ez bada ere, kalkulatu dutelau milioi euro fakturatzen direla ekoizleen salmentekin eta ostalaritzarekin. Diru horretatik milioi erdi bat ogasunen kutxetara doa, BEZ zergaren bidez.

«Milaka herritarren babesa daukagu, baina erakundeetatik jasotzen dugun babesa ez da horren neurrikoa», Mujikaren aburuz. Atorrasagastik egoera ekonomikoaren irudi oso esanguratsua eskaini zuen, halaber. «Gaur egun azoka hezurretan dugu, koipe barik, inbertsiora jotzeko aukera barik». Eta hor ia 600.000 euro doaz urtero.

Legebiltzarreko taldeen artetik, EH Bilduk eta PPk finantza beharrak handitzeko eskaera babestu zuten, eta horren alde lan egingo dutela adierazi zuten. EH Bilduko ordezkariak, Estitxu Breñasek, azpimarratu zuen Guggenheimi ematen zion diru sailarekin 60 azoka ordaindu litezkeela. PSEko ordezkariak, Vicente Reyesek, azoka «euskaraz egindako kulturarena edo euskal kulturarena den» argitzeko eskatu zuen, eta azkeneko kasua baldin bada, gaztelerazko ekoizleei irekitzeko eskatu zuen.

EAJren izenean, labur, eskaera aintzat hartu eta aztertuko dutela esan zuen Peio Iparragirre legebiltzarkideak. Pilota, hortaz, Eusko Jaurlaritzaren eta alderdien eskuetan dago, azoka egiteko sei hilabete baino ez direnean falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.