Noiz sortua: 2017-02-28 00:30:00

Pantxoa Bergara 'Xabaltx'. Musikaria

«Galdera izan da: zer egin, plazerarekin igotzeko oholtzara?»

Zazpi urtez deus grabatu gabe egon eta heldu da 'Loreak askatu' disko berriarekin Xabaltx; bere kantu ezagunak bildu ditu, eta gustuko kantuen bertsioak; berriz ere plazera hartzeko eta emateko gisan.
AURORE LUCAS

Nora Arbelbide -

2017ko otsailak 28

Zazpigarren diskoa du Loreak askatu (Agorila) Pantxoa Bergara Xabaltx-ek (Zuraide, Lapurdi, 1969). Zazpi urte diskorik atera gabe egon da. Orain, zuzenean jotzeko gosez dago, eta araberan du pentsatua diskoa. Hirukotea osatu du horretarako, baterian Jimmy Arrabit eta akordeoian Jean-Noel Lassalottekin. Bere kantu ezagunez gain ?Beti taberna huntan, Ostatu Psi, Belar hoberena?, maite dituen kantuen euskal bertsioez osatu du diskoa, dela The Clash, Neil Young eta Bob Geldofen kantuak tarteko. Badu Anje Duhalderekin kantatzen duen sorkuntza bat ere. «Disko erraza» dela badakiela dio. Baina oroz gainetik, «plazera» du behin eta berriz heldu zaion hitza. Plazera hartu eta plazera eman nahi du.

Zazpi urtez taula gainetik urrun egon zara.

Mixuren [Mixelena] heriotzaren ondotik, musika egiteko gogoa galdu nuen, taula gainera igaiteko gogoa. Barne indarrak galdu nituen. Gauzen egiteko proposamenak ukan nituen, baina ez nuen ene burua bortxatu nahi. Bien bitartean, orduan sortu zen makilaren ideia. Musikarekin beti gauza abstraktuetan zara. Soinuak. Idazkera. Pentsaketak. Zerbait gauzatu behar nuen. Horrela sartuko naiz makilaren ekoizpen horretan.

Horrek zer ekarriko dizu?

Pausatuko nau anitz. Gauzak zentzu guztietara eramaten nituen ordura arte. Hor, aldiz, bost urtez horretan zentratuko naiz, gauzak ongi eraman ahal izateko, ideiak sintetizatzeko. Ikasiko dut gauzak neurtzen, egiten. Egiteko mementoan, ez dela dena nik uste bezala egiten... ez dudala nik beti arrazoia... Ikasiko dut lana banatzen eta konfiantza egiten besteen baitan. Eta hori dena musikan erabiliko dut. Azkenean, askatuko nau gauza anitzetatik.

Disko hau ez doa zure aitzineko bi lanen bide beretik, dela Cymeus edo SMS galduak. Elektro popetik zuten, intimoagoak ere baziren. Hor aldiz, bateria eta akordeoia lagun, zuzenagoa da.

Aipatzen dituzun bi disko horiek nire disko onenak direla erran nezake. Borobilenak.

Baina ez dutela beren publikoa atzeman erran izan duzu.

Ez.

Hori faltan sentitu duzu agian ?

Nik ez. Zuzenean jo izan ditugu kantu horiek taldearekin eta plazer handia hartu dugu. Baina ez dute publiko zabal bat atzeman. Eta alta, kantu goxoak ere badira.

«Zer egin publiko zabal bat aurkitzeko?» galderatik partitu zara aldi honetan?

Ez, ez. Galdera izan da: zer egin taula gainera igotzeko plazerarekin? Kontziente naiz disko erraz bat egin dudala. Argi dut. Horren beharra badut, konfiantzarekin itzultzeko berriro taula gainera.

Horregatik nahi izan duzu funtzionatuko duen zerbait.

Ematen dituzularik lau kantu ezagun, baita zure hiru kantu onenak, eta, horrez gain, kantu bat Anjerekin... Norbaitek erran dit: «Azeri bat haiz!». Arrazoia du nolazpait. Bai kalkulatua da, baina faltsukeriarik gabe. Niri eta ene musikariei buruz pentsatuz dut kalkulatu. Zerbait eskaintzeko eta goxoan izateko.

Diskorako, lehenik, hirukotea osatu duzu; bigarrenik, disko baten egiteko baietza ukan duzu Agorilaren partetik, baita askatasun osoa ere. Ez zenekiela oraindik zer eginen zenuen. Eta gero zara lotu edukiari.

Nahiz eta zazpi urtez ez naizen taulen gainean egon, kantu batzuk idatzi ditut tarteka. Baina irakurri ditudalarik laster ohartu naiz ez direla une honetan bizi dudan fase berekoak. Ilunak dira. Eta nik argi dut ez dudala ildo horretatik joan nahi. Gauza alaiagoa nahi dut. Kantu malenkoniatsuek pixkanaka itotzen naute. Beti malenkonia horretan egoteak... Ez, aldi honetan, loreak askatu! [irriak]

Cymeus diskoa aurkeztu zenuenean erran zenuen zure «edateko kantuak» behin betiko zure gibelean utziak zenituela.

Iduriz ez! [irriak]. Kantu horiek ez dira gehiago nireak. Beren bizia egiten dute. Ostatu Psi Iruñeko Taberna Ibiltaria taldeak jotzen du gaur egun. Edo beste adibide bat emateko... Uda honetan Itsasuko bestetara joan nintzelarik eta goizeko lauetan urrundik entzun nituelarik Goxokikoak pilota plazan orroaz kantu hori kantatzen... Horrek plazer egiten du... Nahi baduzu, azkenean gauzak ifrentzuz hartu ditut. Nire kontzeptuak laster lehertzen dira.

Kontzeptuak? Nola hori?

Duela zazpi urte erraten dut gibelean uzten ditudala kantu horiek, baina tarrapataka etorri zaizkit gibeletik eta orain hor ditut ondoan. Bideo batzuk ikusi ditut Youtuben, Baionako Pyrenees ostatuan kantu horiek orroka kantuz... Plazer ematen du. Berriz ere plazera hartu nahi nuen nik. Eta plazera eman nahi nion jendeari ere. Kasik beste belaunaldi bat da. Orain 48 urte ditut, eta 20 urteko gazte batzuk dute kantatzen Ostatu psi. Horregatik ere eman dut diskoan. Hitzak ukan ditzaten. Kantua bizi dadin beste modu batetara.

Nola entzuten dituzu zure kantu horiek orain?

Ostatu psi pixka bat bigarren mailan irakurri behar da, eta ez naiz segur jende anitzek horren gaitasuna duenik. Pixka bat kexatua izana naiz ere kantu horiekin. Horregatik ere idatzi nuen Edaten. Errepika arras sinple batekin. Eta ondotik kopletan gauza sakonagoak sartu nituen, arras bihurriak. Euskararen egoeraren aipamena egiteko. Erraza dela oihukatzea: «Edaten! Edaten! Lalalalalalala...». Hitzek badute zentzu bat. Lan bat bada gibelean.

Baina lehen graduak du irabazten.

Hori da, beti. Beti.

Aldiz, disko berrian ez duzu sartu Edaten, zergatik?

Burutik pasatzen diren gauza batzuek ez dute baitezpada zentzurik, eta, kasu honetan, ez nuen sentitzen.

Klip bat eginen diozu Ostatu psi kantuari. Irisarrin grabatu berria, publikoarekin.

Kantu hori 1994an egin nuen. Belar hoberena ere ordukoa da. Garaian euskal irratien bidez zabaldu zen eta horrela egin zen ezagun. Hegoaldean Napartheid aldizkarikoek zabalduko zuten. Pentsatu dut garaia zela klip bat egiteko, otarre polit batean sartzeko.

Beti taberna huntan kantuak ere istorio luzea du.

17, 18 urte nituen kantu hori sortu nuenean, 1986 aldera. Ipar Haize taldearekin. Egun batez gure kontzertutik landa Minxoriak taldea aritu zela, kantu hau gustukoa izan zuten, eta berenganatu zuten. Ondorioz, kantu hori Euskal Herri osoan ibili zen lauzpabost urtez. Xantza handi bat da kantu batek horrelako oparia izatea.

Orain zuzenekoak aldizkatzeko prest zaude, beraz?

Ikusiko dugu zer emanen duen. Baina zernahi gisaz jadanik kontent naiz, kontent gara. Eta plazeraren inguruan segi dezagun.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna