Pedro Mendoza Leon. Tarta diseinatzailea

«Zenbat eta gehiago aritu, orduan eta maiteago dut ofizioa»

Parisko Sugar Erakusketan urrezko domina lortu zuenetik, izen handiko gozogile ugarik egin dio lan eskaintza. Hark, ordea, bere kasa nahiago. Hendaian atelierra zabaltzeko lanean ari da buru-belarri.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
garbine ubeda goikoetxea
Hendaia
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Pedro Mendoza Leon Venezuelan sortu zen, 1980an. Bere urtebetetze egun batean sortu zitzaion tartagintzari heltzeko txinparta, Madrilgo banku batean abokatu gisa lanean ari zen garaian. Hark tarta karratu soila nahi zuen, batere apaingarririk gabea, baina inon aurkitzen ez. Zapuztuta, berak egingo zuela deliberatu zuen. Emaitzarekin pozik, gozogile ikasketei heldu zien, eta ezin izan dio inoiz bide horri utzi.

Venezuelatik joan zenetik, hiri handi asko izan ditu bizitoki: esate baterako, New York, Atenas, Madril eta Paris. 2012ko udan, berriz, Euskal Herrira aldatu zen, Hendaiara zehazki.

Ikasketaz abokatua, lanbidez bankuetan aritua, azkenik gozogile bihurtua. Nolatan?

Bolada batean gozogile izateko ikasketak, bankuko lana eta nire tartetako esperimentazioa uztartu behar izan nituen, baina egun batean amaitu egin zitzaidan bankuko lan kontratua, eta hura izan zen momentua: nire pasioari heldu nion buru-belarri. Bitartean, gainera, jarraitzaile ugari bildu zitzaizkidan sare sozialetan; animoak ematen zizkidaten, sormena txalotzen zidaten. Horri esker egin nuen aurrera. Halaxe atera nituen gozogintzan eta gozoen dekorazioan ditudan diploma guztiak. Gozogintza ikasketak amaiturik, Frantziara jo nuen, han dagoelako gozogintzaren muina, jakina denez. Txokolatea landu nahi nuen, eta arbendola pasta, gerora area berri honetan jarduteko. Egia esan behar badizut, zenbat eta gehiago aritu, orduan etamaiteminduago nago ofizioaz.

Hendaian finkatu zara. Zein da zure helburua?

Atelier bat sortu nahi nuke bertan, profesionalei nahiz amateurrei eskolak emateko, eta, era berean, enkarguzko tartak ere egiteko.

Zergatik Hendaia?

Oso argi nuen Frantziako gozogile ikasketak egin nahi nituela. Hendaian lagunak ditut, eta abiapuntu ona iruditu zitzaidan. Beraz, Hendaiara heldu, gustatu, eta bertan gelditu nintzen. Lana ere berehala aurkitu nuen, eta, ikasketak egiten ari nintzenez, praktikak egiteko aukera ere izan dut.

Nire negozioa sortzeko lanetan buru-belarri ari naiz orain. Toki bila ari naiz, lantegia ezartzeko areto aproposaren bila; gainerako guztia badut.

Apirilean, Parisko Sugar Erakusketan lehen saria irabaziz geroztik, lan proposamen ugari heldu zaizu.

Bai, eta horietarik asko Paristik bertatik etorri zaizkit. Baita Madrildik ere. Tiraka ari zaizkit batetik eta bestetik, baina nik kapritxo emozional eta sentimentala daukat Hendaian bertan gelditzeko eta gozogile gisa hemen finkatzeko. Herri honek aukera handiak eskaintzen dituela uste dut. Hemen jende asko daukat nire atelierra noiz zabalduko zain,zeinahirentzat antolatuko ditudan ikastaroetan izena emateko.

Zer-nolako tartak eskatzen dizkizute?

Denetarik egin dut: eztei eta bataioetarako tartak, Bazko jaietarako nahiz Gabonetarako erakusleihoak konposatu, pieza biziki handiak sortu; txokolatezkoak, almendra edo azukre pastaz eginikoak; helduentzat, haurrentzat...Parisko Sugar Erakusketan, adibidez, superheroien gaia eman ziguten. Minions pertsonaien zale porrokatua naizenez, heroiez eta bilauez mozorrotuta irudikatu nituen.

Ahaleginak eta bost egiten ditut beti, lan bakoitza bakana izan dadin, ez lehendik egindako beste baten kopia.

Parisen ez ezik, beste hainbat tokitan ere lehiatu zara.

Bai, eta sariketa asko irabazi ditut. Esaterako, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan...

Zer zarete, gozogileak ala eskultoreak?

Egia esanda, cup design deritzon arloan gabiltzanok bien arteko nahasketa gara. Gozogileak gara, baina baita eskultoreak ere, modelatu egiten dugulako. Figurak sortzen ditugu, bizkotxoa eta tarta oinarri hartuta. Esan beharra dago geure tartetan den-dena dela jangarria.

Eskultura oso handi eta konplexuak egiterakoan, bada aukera, dena jangarri izan gabe, barneko zati bat bestela betetzeko. Bloke betegarri hori arroz puztuz egiten da, modelatzeko aproposa delako. Normalki ez da jaten, ez bederen ospakizunaren egunean, baina jangarria izan, bada.

Ongi hartzen al zaituztete gainerako gozogileek?

Frantziako gozogintzan hutsune bat dago gure jardunari dagokionez. Zalantza dago, ez dago garbi zein kategoria eman behar zaion tarta diseinatzaileari. Frantses gozogileek duten artea gutxietsi gabe, area honek zenbait teknika eskatzen ditu, jarduna are eta gehiago konplikatzen dutenak. Frantziako gaurko estatusaren arabera, ez dugu gozogile aitortzarik, baina jardun honetan aritzeko gozogile izan behar dugu. Gozogintza ikasketetan aurki adar berri bat zabalduko dutelakoan nago. Gozogintza eta tarten diseinua elkarrekin joan daitezke, baina banatuta ere bai.

Nondik datorkizu figurak modelatzeko trebetasuna?

Haurra nintzela, marraztu, margotu eta arteari lotutako gauza asko egiten nituen. Maite dut abokatu izatea, baina arauei lotuegi sentitzen naiz horretan ari naizenean. Ofizio berriak arauetatik ateratzen laguntzen dit, legeetatik eta grabitatetik gaindi sortzen. Trebetasun hori lozorroan izan nuen, gozogintzari serio heldu nion arte.

Non bilatzen duzu inspirazioa?

Tarta jasoko duenarentzat oparia benetan berezia izan dadin bilatzen dut beti. Beraz, eskaera jasotzen dudanean, solasaldi bat izan ohi dut bezeroarekin. Hari galdezka, miatzen aritzen naiz, tarta jasoko duenaren asmoak eta gustuak zein diren jakiteko. Elementu horiek bildutakoan, zirriborro bat egiten dut, eta bezeroari erakusten diot.

Tartari ekiten diozunean, zirriborroan baino elementu gehiago eransten dizkiozu; obra aberastuz joaten zara lana egin ahala, eta, batzuetan, amaieran lortzen duzunak ez du zirriborroaren antz handirik izaten. Gehienetan, askoz hobea izaten da.

Zein dute zure tartek osagai nagusia?

Azukreaz gainera, material ugari balia ditzakegu modelatzeko pasta egiteko: arbendola, txokolatea, goma... Horien konbinazioak ere baditugu.

Zer-nolako tarta eskatu dizute orain hurrena?

50 urte bete dituen bati egin diot nire azken lana. Golfzale porrokatua denez, gai horri heldu nion. Telefonoz hots egin zidan, esker ona adierazteko. Pozik zegoen.

Joan den astean, bestalde, disko musikan girotutako cup cake-ak egin nituen.

Zer neurri zuen egin duzun tartarik handienak?

1,80 luze. Oinarria, berriz, metro batekoa zela uste dut. 300 edo 350 lagunentzat adinakoa. Olaf zen, Disney faktoriako pertsonaia.

Halakoak al dira estimatuenak?

Haurrentzat direnean, bai.

Eta helduentzat?

Oro har, bakoitzaren afizioei heltzen zaie. Bezeroek neure esku uzten dute askotan; nahi dudana egiteko esaten didate, baina nik galderak egiten dizkiet. Apur bat arakatuz, tarta jasoko duenaren gustuetara heldu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.