Bizitzako arrakalen kronika bat

Sonia Gonzalezek 128 testu laburrez osatu du 'Erreka haizea' liburua. Boterea, herioa eta isilpean eramaten direnak hartu ditu ardatz

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hamahiru urte igaro dira Sonia Gonzalezek (Barakaldo, Bizkaia, 1977) azken liburua plazaratu zuenetik. Bi poesia liburu —Sagarroiak (2002); Poema amniotikoak (2005)— eta nobela bat —Ugerra eta kedarra (2003)— argitaratuak ditu aurretik, eta saiakera batekin itzuli da orain: Erreka haizea. «Eta ez da nolanahiko itzulera», Leire Lopez Susako editorearen hitzetan. Botere, isilpen eta herioaz darama azpitituluan, eta horiek dira, ertz askotatik, liburua gurutzatzen duten ardatzak. Horien bueltan ondutako gogoetak dira testuetako asko, baina, ez bakarrik. 128 testu labur bildu ditu denera idazleak, eta eguneroko bizitzan sar daitezkeen adinako gaiei egin die leku. Bakarka irakur daiteke testuetako bakoitza, baina, liburua osotasunean irakurriz gero, beste dimentsio bat hartzen du irakurraldiak, kronika baten itxurakoa. Lopez: «Minaren kronika bat izan daiteke, sendatzearen bilaketa bat, mundua eta gertatzen zaizkigunak ulertzeko saiakera bat».

Jarraian datoz 128 testuak, etenik gabe, gaiaren araberako inolako sailkapenik gabe. «Bizitza bera ez delako gaika antolatzen, eta gaiek diruditen baino lotura gehiago dutelako euren artean», azaldu du editoreak. Idazleak bizitako minak eta amorruak daude liburura eramandako hausnarketa askoren erroan, eta, hala, «narratzailearen minaren geografia bat» izan daiteke liburua, Lopezen hitzetan. Iraganaren berrirakurketa, testu teorikoago, amesgaizto, narrazio, poema eta bestelako idatziekin eman dio forma geografia horri.

Bizipenen saiakera bat

Saiakera gisa aurkeztu dute liburua, baina ez da «ohiko» saiakera bat; ez du akademiaren gertuko estilorik. «Beste bide batzuetatik heltzen da saiakera akademikoek duten sakontasun horretara», aipatu du Lopezek. Eta idazleak aitortu du, idatzi bitartean, berak ere zalantza egin duela benetan saiakera bat ote zen sortzen ari zena. «Saiakera kanonikoak begirada urrun batetik idazten dira, eta hau kontrakoa da: barru-barrutik idatzita dago». Bizipen propioak kontatu ditu, baina ez kontatze hutsagatik, horien inguruko pentsamendua sustatzeagatik baizik. «Gizartearen miseriak disekzionatzen» dituela erantsi du horregatik Lopezek. Hortik saiakera izaera.

Hiru hari nagusiak —boterea, isilpea eta heriotza— aurrez bila joan gabe, idatzitako testuetan behin eta berriro zeharkatzen zirela jabetu zen Gonzalez. Botereaz aritzean, batez ere, pertsonen arteko botere harremanetan jarri du fokua idazleak. Emakumeen gaineko boterekeriaz aritu da, eta, aipatu du, halaber, botereaz jardun duela egunerokoan gutxi hausnartzen den gaia iruditzen zaiolako, ez bada feminismoan. Helduek haurrekiko duten botere jarrera ere ekarri du erdigunera.

Isilpeaz aritzean, harremanetan esan gabe geratzen diren horiek guztiak hartu ditu hizpide Gonzalezek. Eta emakume izateak dakarren isiltasuna ere azpimarratu du: «Batzuetan norberak isiltzen du, hala ikasi duelako. Eta besteetan, isilarazten zaituzte». Belaunaldiz belaunaldiko transmisioan isildu direnak ere landu ditu; 36ko gerra, kasurik garbiena. «Horren isiltasuna zelan pairatu dugun gure bizitzetan, gorputzetan, familietan». Euskalduntasunera eta jatorrira ere iritsi da horrela: «Zer den guraso etorkinen alaba euskaldun izatea».

Hiru ardatzetan «ilunena», heriotzarena. Suizidioari heldu dio Gonzalezek, eta bere buruaz beste egin zuten emakume idazleei leku handia eman die liburuan. «Suposatzen dut emakume horiengana, eta ez idazleengana, hurbiltzeko egin nuen ahalegin bat izan zela, ia antzekotasunik topatzen nuen nirearen eta euren bizitzako momentu latzen artean», azaldu du Gonzalezek. Aitortu duenez, bizitzako une gogor batean idatzi baitzituen orain liburura eramandakoak. «Hori ez da gaia, baina izan daiteke markoa. Min horien kronika bat topatu daiteke». Kontrapuntua bilatu du editoreak: «Horrela azalduta liburu ilun bat ematen du agian, baina ez da horretan bakarrik geratzen. Badu umorea, eta, horrez gain, esango nuke narratzailea duintasun horretatik abiatzen dela gertatzen zaizkigun gauza asko argitzeko; argitasun hori da irakurleari geratzen zaiona».

Erreka haizea hego haizea da Gonzalezentzat, eta giro hori eraman du izenburura. «Haizea errekatik etortzen da hegoalderantz, eta horregatik hego haizea, zoro haizea».

Ahulenaren aldeko hautua

Liburuaren atal batean ume garaian bereganatutako «eskertzeko ikasgai bat» aipatu du Gonzalezek: «Beti ahulenaren alde paratzekoa». Erreka haizea ikasgai horren erakusgarri dela aipatu du editoreak; hori nabarmentzen dela liburua osorik zeharkatzen duen «begirada sozial eta feministan».

Modu «kaotikoan» sortu ohi duela aipatu du Gonzalezek, eta halaxe hasi zela Erreka haizea ere forma hartzen. Bizipen eta memoria propioak kontagai bihurtzeko bultzada, baina, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberriak eman zion. «Norberaren arima biluzteko balizko lotsa hori uxatzen lagundu zidan». Eta horren balioa goratu du editoreak: «Sarri esaten dugu pertsonala politikoa dela, horren froga on bat da liburu hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.