Gasteiz, argazkilarien elkargune

Viphoto argazki azokak gaurtik igandera arte zabalduko ditu ateak. Argazkien salerosketez gain, tailerrak eta hitzaldiak ere egongo dira

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera bitarte, argazkigintzaren zaleek hitzordua dute Gasteizko Viphoto argazki azokan. Hamabi argazkilarik beren lanak erakutsi eta salduko dituzte eta, gainera, mahai inguruak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, baita book jockey bat ere. «Kalitate handiko ekitaldia da hau, argazki munduarentzat esanguratsua», esan du Peio Lopez de Muniain Gasteizko Udaleko zinegotziak.

Azokaren funtsa argazkien salerosketa da. Hamabi argazkilariren lanak egongo dira salgai. Hala nola Javier Berasaluzerenak, Patricia Bofillenak, Alvaro Gomez-Pidalenak, Laura Gonzalez Rierarenak, Carmen Isasirenak, Anna Jornet Puigenak, Manu Mazpulerenak, Geray Menarenak, Evaristo Montañorenak, Rosa Neutrorenak, Javier de Reparazenak eta Concha de la Rosarenak. Guztiak Amarika aretoan egongo dira, eta erosleek haiekin hartueman zuzena izateko aukera izango dute. «Egilearekin aurrez aurre egonda, lana gertuagotik ezagut dezakezu, eta hori oso aberasgarria da bi aldeentzat», aipatu dute azokako antolatzaileek.

Denera 70 dosier inguru jaso dituzte, eta aditu talde batek aukeratzen ditu hamabi onenak. «Espainia osotik jasotzen ditugu lanak, eta atzerritik ere bidali dizkigute batzuk. Argazkilarien artean izen oneko erakusketa da», azaldu du Pilar Gutierrez Barco Viphotoren koordinatzaileak.

Antolakuntzakoek nabarmendu dute urtetik urtera hazten ari den azoka dela. «Iaz baino eskaintza zabalagoa prestatu dugu. Aurten, mahai inguru gehiago, hitzaldiak, tailerrak... prestatu ditugu, baita book jockey bat». Azken horretan, DJ batek egiten duen moduan, Gabriela Zendoia argazkilaria bere argazki bilduma arrakastatsuenekin jolastuko da, eta proiektatuko dituen argazkiak bere iruzkinekin jantziko ditu. Horrez gain, gaur egungo argazkigintzari eta argazki-liburuaren garrantziari buruzko bi mahai inguru egingo dituzte; Marta Dehesak sare sozialak eta egile eskubideak uztartuko dituen hitzaldia egingo du; azkenik, familia albumen inguruko tailer praktiko bat ere egongo da.

Argazkigintzari lotuta

Gasteizek argazkigintzarekin harreman estua duela nabarmendu du Lopez de Muniain zinegotziak: «Munduan erreferentea den World Press Photo erakusketa urtero dugu ikusgai, eta argazkigintzari lotutako ekintzak antolatzeko orain arte ez geneukan hitzarmen bat ere sinatu dugu». Goia eraikinean Alberto Schommer argazkilari gasteiztarraren izena daraman gune bat zabaldu nahi dutela iragarri du zinegotziak, «ez soilik haren argazkiak erakusteko, baizik eta baita argazkilari gazteei aukera emateko eta argazkigintza zabaltzeko ere».

Harrera ona izaten dute argazkigintzari lotutako ekitaldiek Gasteizen. Iaz mahai inguru guztiak bete egin ziren, eta argazkilariek, denera, 3.700 euro fakturatu zituzten: aurten zifra horiek hobetzea espero dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.