Zipre. Uhartea batzeko prozesua

Zipre batzeko negoziazioak «azkartuko» dituzte, bake ituna aurten adosteko asmoz

Uharteko bi komunitateen agintariak bildu dira Nikosian, bake prozesua berriz abiatzeko. Hurrengo astetik aurrera astean bitan elkartzea adostu dute

Nicos Anastasiades Zipreko presidentea, eta Mustafa Akinci Ipar Zipreko presidentea, ekain haiseran Nikosian eginiko bilkuran. KATIA CHRISTODOULOU / EFE.
Adrian Garcia.
2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ziprek 30 urte baino gehiago eman ditu banatuta, baina, uhartea zatitua duten bi estatuen agintarien hitzen arabera, konponbidea gertu dago. Data bat ematera ere ausartu da Zipreko Errepublikako bozeramailea: urte amaierarako ituna egina egon daiteke. «Gure helburua da akordio osoa erdiestea lehenbailehen, EB Europako Batasunaren legeen eta balioen araberakoa. Eta 2016. urtean lortzea egingarria da», adierazi du Nikos Christodulides Zipreko Gobernuko ordezkariak. Atzo bildu ziren etsaitutako bi aldeen buruzagiak, Nikosian; Nikos Anastasiades Zipreko Errepublikako presidentea eta Mustafa Akinci Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako estatuburua. Elkarrizketak indartzea adostu dute, eta astean bitan elkartuko dira ekainaren 17tik aurrera.

Nikosiako aireportuko NBEren egoitzan elkartu dira bi agintariak, eta bi aldeen desadostasun nagusiak zeintzuk diren aztertu dituzte. Nikosia bera da horietako bat; bi estatutan zatituta dagoen Europako azken hiriburua da. Bi aldeek argitaratutako ohar bateratuaren arabera, hurrengo asteetako elkarrizketa saioak «eraginkorrak» izango dira, metodologiari buruzko alorrak adostu baitituzte. Azken elkarrizketa prozesua abiatu zutenetik aurrerapausoak egin dituzte, eta baikortasun mezuak helarazi dituzte, alde batean zein bestean. Zipreko errepublika batetik bestera bidaiatzeko bisen eskakizuna kendu zuten iaz, borondate oneko keinu gisa. Baina gai garrantzitsuenak adosteko dituzte.

1974ko Turkiako tropen inbasioan, iparraldeko greziar-zipretarrak kanporatu zituzten, 200.000 inguru. Eta hegoaldean bizi ziren 40.000 bat turkiar-zipretarrek Turkiaren menpeko zatira ihes egin zuten. Gatazkaren zauriak orbandu gabe daude oraindik, alde bateko zein besteko iheslarien jabetzei buruzko eskakizun guztiak negoziatzeko baitituzte.

Gai korapilatsuagoak ere badituzte esku artean. Bitan zatitutako federazio bat izango da konponbidearen oinarria, baina gobernatzeko sistemaren inguruan badituzte tirabirak. Turkiar-zipretarrek txandakako presidentetza bat nahi dute, eta Akincik marra gorritzat jo du hori.

Bermeen auzia da beste desadostasun iturria. Zipreko Errepublikako ordezkariek bermatu nahi dute «hirugarren herrialde batek» ez izatea tropak uhartean. Turkiari egiten dio erreferentzia, okupaziotik 35.000 bat soldadu ditu eta. Hirugarren herrialde horrek alde bakartasunez esku hartzeko aukera izatea galarazi nahi dute ere greziar-zipretarrek. Akincik ez du gai horri buruzko adierazpenik egin jendaurrean, baina turkiar komunitateak nekez onartuko luke Turkiari «bermatzaile estatusa» kentzea. Esan gabe doa Turkiako Gobernuak oniritzia eman beharko diola azken itunari. Lurraldetasunaren inguruan ere handiak dira eztabaidak, bi estatuen arteko banaketa lerroa auzitan jartzen baitute bi aldeek.

Liskar diplomatikoak

Anastasiadesen eta Akinciren arteko bilkura ofizialak beste bultzada bat eman dio bake prozesuari, azken boladan bi agintariek izandako liskar diplomatikoen ondoren. Izan ere, Turkiak uhartearen iparraldeko zatia okupatu zuenetik, nazioarteak ez du onartzen bertan ezarritako errepublika. Baina maiatzean Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Akinci gonbidatu zuen Istanbulgo nazioarteko bilkura humanitario batera, eta Ziprekekitaldia utzi zuen. Bilkura horretan, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonekin eta NBEko Ziprerako mandatariarekin bildu zen Akinci. Protesta modura, Zipreko Gobernuak bertan behera utzi zituen mandatariarekin eta Akincirekin hitzartuak zituen bilkurak.

2014. urtean abiatu zituzten azken aldiz bake elkarrizketak, eta ordutik hainbat gorabehera izan ditu prozesuak. Iaz Akinci hautatu zuten Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako presidente, batasunaren aldeko politikari independentea, eta itxaropena zabaldu da uhartean.

Aurreko bake ahalegin guztiek huts egin dute, bi komunitateen artean handia baita konfiantzarik eza. 2000ko hamarkada hasieran NBEk bide orri bat bultzatu zuen, eta bi gobernuek ituna adostu zuten. Baina galdeketan ezezkoa atera zen greziarren aldean; iparraldean batzea adostu zuten.

Greziar eta turkiar komunitateen arteko bi ideia kontrajarriak banatu du uhartea azken mende erdian; alde batetik, enosis mugimenduak (batasuna, grezieraz), Zipre Grezian integratzea nahi du. Bestetik, taksim delakoa (banaketa, turkieraz) Zipren turkiarren presentzia bermatzeko estatu bereizi bat sortzearen aldekoa da. 1974an Greziako Junta Militarraren laguntzarekin enosis mugimenduaren aldekoek estatu kolpea jotzean ezarri zen egungo banaketa, Turkiak iparraldeko zatia inbaditu baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.