Justizia itsuaren ajeak

Espainiako justiziak ETAren eta beste batzuen indarkeriari emandako erantzuna aztertu dute De Prada epaileak, Iruin abokatuak eta Lamarca katedradunak

Garbiñe Biurrun, Carmen Lamarca, Jose Ricardo de Prada eta Iñigo Iruin, atzo, mahai ingurua hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Tolosa
2016ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Justiziak ez, ezingo lukeelako. Baina epaileek bai, argi bistan dituztelako begiak, eta ikusi dutelako, eta ez soilik, justizia gai dela injustizia sekulakoak egiteko. Itsu izatearen eta itsukeriaz jokatzearen aldea, eta justiziak begiak estaliak izatearen ajea.

Legearen eta Justiziaren erantzuna indarkeriaren aurrean. Denak balio al du? Galdera horri erantzuten saiatu ziren atzo hiru legelari, Tolosako udaletxeko areto nagusian, herri horretako Bizikidetza Foroan. Aspaldiko hiru ezagun: Jose Ricardo de Prada Solaesa Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea, Iñigo Iruin abokatua eta Carmen Lamarca Zigor Zuzenbidean katedraduna. Garbiñe Biurrunek gidatu zuen saioa, EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko presidenteak. Presoen auziak sortu zuen interesik handiena han bildu ziren berrehundik gora lagunen artean.

Hori konpontzeko, oraindik indarrean dauden «salbuespeneko» zenbait neurri eta interpretazio juridiko amaitu behar direla uste dute hiru legelariek, eta egoerari buruzko hausnarketa sakona egin behar dela, auzitegietatik hasita, bereziki Madrilen, Kolonbian bezala, hemen ere «konponbide prozesu batean gaudelako», De Pradak azpimarratu duenez. Auzitegi Nazionaleko magistratuak uste du justizia ezin dela «mendekuan» oinarritu, baina aitortu du euskal auziarekin lotutako kasuetan zigortutakoei ezarri dizkieten zigorrak «neurriz kanpokoak eta gainerakoekiko erabat desberdinak» izan direla.

Iruinek argi dauka: «Emergentzia desagertu da (ETA), baina ez salbuespena». Uste du presoen auzia dela gaur egun Auzitegi Nazionalak mahai gainean daukan gai nagusietako bat. Horren harira, gogora ekarri du 2003an Jose Maria Aznarrek esan zuela presoak kartzelan usteltzeko lege bat nahi zuela, eta legelariek halako bat idatzi zutela (07/2003). Abokatuaren arabera, lege horrek zailtasun eta traba ugari ezartzen dizkie euskal presoei, espetxe onurak eta gradu aldaketak lortzeko. Horiek indargabetzeko aukera ikusten du, hala ere, Iruinek. «Espero dut presoek lege bideak erabiltzeari heltzen badiote, nazioarteko estandarretara egokituz, agerian utziko dituztela salbuespen neurri horiek».

Traba horietako bat da, adibidez, biktimei barkamena eskatzea, Lamarcak gogoratu duenez. «Arau penalek ezin dute izan tresna bat moral jakin bat zabaltzeko». Unibertsitate irakasleak bere hitzaldian azaldu du «terrorismo fenomeno» guztiak ez direla berdin tratatu Espainian, ezta horiek eragindako biktimak ere, estatu terrorismoaren biktimak, bereziki. Babes bera eskatu du biktima guztientzat. Eta nazioarteko arauetara egokitutako legedi bat presoentzat.

De Prada bat dator ikuspuntu horrekin eta Iruinek aipatutako legearen aurkako jarrerarekin. Berarentzat «anormaltasun erabatekoa da sistema demokratiko batean». Presoen auziari irtenbide bat eman behar zaiola azpimarratu du, baina bideak juridikoa eta banakakoa izan behar duela uste du. «Kezkatuta nago espetxe onurak jasotzeko betebeharrak gogortzen ari direlako». De Pradaren iritzian, hori oztopatzeko nahia politikoa da. «Eta politikarientzat erosoa izaten da epaileengana jotzea euren helburuak gauzatzeko».

Justizia eta politika

«Auzitegi Nazionalak ez zuen inoiz exititu behar. Politika egiteko aukera ematen duen auzitegi bat da». Ibilbide luzeko epailea da De Prada. Progresista deiturikoen ildokoa. Nazioarteko zigor zuzenbidean aditua da —Kolonbiako bake prozesuan parte hartzen ari da, besteak beste—, eta egokitu izan zaio euskal auziarekin loturiko epaiak idatzi behar izatea ere. Baina bereziki ezaguna da salbuespena izan delako Espainiako Auzitegi Nazionalean, neurri handi batean behintzat, bere areto edota epaimahaikoekin ados egon ez eta boto partikularrak kaleratzeagatik. Auzitegi Nazionalean emandako 26 urteetan ikusi dituen hainbat «patologia» azaldu ditu bere hitzaldian. Bereziki, poliziek mahai gainean jarritako froga eta argudioekin epaile batzuek duten pentsamendu «akritikoa». Besteak beste, jarrera horrek torturaren erabilera erraz dezakeela ohartarazi du. Argi mintzatu da torturari buruz. «Torturak egon dira, modu argian. Nire bizitza profesionalean susmo argiak izan ditut. Auzitegietan ez zaio erantzun horri».

Iruinen ustez, horrelakoak gertatzen dira Espainian erabaki politikoak berehala txertatzen direlako egitura juridikoetan, eta nabarmendu du Auzitegi Nazionaleko epaileen gehiengoarentzat prozesu penala «borroka une» bat dela, independentzia judiziala alde batera uzten dutela eta helburu politiko baten mesedetan lan egiten. «Ez da egia bilatzen». Horrek eragiten du, besteak beste, abokatuaren iritzian, atxilotu eta auzipetuen bermeak ez ziurtatzea. «Epaileek forma juridikoa baino ez diote ematen fiskaltzak eta poliziak mahai gainera eramaten diotenari». Neurri handi batean bat datoz horrekin Lamarca eta De Prada: «Epaileoi agintzen zaigu helburu politiko batzuen alde borroka egitea. Eta hori onartezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.