Oinazeak senideturik

Euskal ordezkaritza batek Gernikako Arbolaren kimu bat landatu du Auschwitzeko esparrutik gertu. «Bizikidetzaren bideak» goraipatu ditu Urkulluk ekitaldian

Iñigo Urkullu lehendakaria, Gernikako Arbolaren kimua landatzen, instituzioetako beste ordezkari batzuekin, atzo, Oswiecimen. STANISLAW ROZPEDZIK / EFE.
gotzon hermosilla
2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Esanguraz beteriko ekitaldi batekin amaitu da euskal instituzioetako ordezkaritza batek Polonian egin duen bidaia. EAEko lehendakari Iñigo Urkullu buru zutela, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute Oswiecim hiriko Zasole parkean (Polonia). Auschwitz da Oswiecim hiriaren alemanezko izendapena, eta parke hartatik oso gertu dago izen bereko kontzentrazio esparrua, II. Mundu Gerran naziek milaka eta milaka preso sarraskitzeko erabilitakoa. Gernikako bonbardatzearen 80. urteurrenaren aurreko egunetan egin dute ekitaldia.

Urkulluz gain, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Oswiecimeko alkate Janusz Chwierutek, Enrique Villamor APTCE Europako Tradizio eta Kulturaren Aldeko Elkarteko presidenteak eta erakundeetako beste zenbait ordezkarik hartu dute parte ekitaldian, Euskal Herriko eta Poloniako 500 bat gazterekin batera. Euskal Herritik hara joandako neska batek eta Poloniako mutil batek ureztatu dute Gernikako Arbolaren kimu landatu berria, eta Oswiecimeko alkateak hango lurra zuen kaxa bat eman dio Urkulluri.

Bakerako «giza eskubidea»

«Mundu zabalean gerra hots ilunak» ugaritzen ari diren honetan, hitzaldia baliatu nahi izan du Urkulluk NBE Nazio Batuen Erakundeari eskaera zehatza egiteko: bakerako eskubidea «giza eskubide unibertsal» izendatzea galdegin dio. «Horixe da defenda daitekeen baliorik gorena: mundu osoan giza eskubideak sustatzea pertsona guztientzat», esan du lehendakariak.

Auschwitz eta Gernika alderatu eta bi hirietako esperientziak parez pare jarri ditu Urkulluk. Esan duenez, Auschwitz eta Gernika «denboran eta belaunaldiz belaunaldi iraun duen garrasi lazgarriaren adierazle» dira. Horregatik, ekitaldian «Auschwitzeko lurra eta Gernikako hazia» uztartu nahi izan dituzte, «bakearen fruitua eman eta zabaltzeko».

Bi herriek pairatutako «gerra eta indarkeria» atzean uzteko asmoarekin bat egin eta «bakearen eta bizikidetzaren bideak» goraipatu ditu Urkulluk. «Basakeriaren, izuaren eta sarraskiaren» aurrean «pertsona guztien bizia , duintasuna eta giza eskubideak» aintzat hartuko dituen mundua proposatu du.

«Gure nahia eta helburua berbera da», esan du lehendakariak: «bakea, bizikidetza eta giza eskubideak mundu osoan sustatu eta indartzea». «Iraganean bizi izandako oinazearen esperientziatik, etorkizuneko bizikidetza konpromisoa partekatu nahi dugu», azpimarratu du Urkulluk, eta erantsi du Gernikako Arbolaren irudia «gizakiek duten bake, justizia eta bizikidetza premiaren ikur» dela.

Aurrerantzean, bakearen ikur horren kimu gaztea Oswiecimeko Zasole parkean egongo da, Auschwitz-Bikernau kontzentrazio esparrutik gertu, baina Gernikako Arbolaren kimuak bake eta bizikidetzarako esanguratsuak diren guneetan landatzeko ohitura ez da berria. Besteak beste, euskal erakundeek azken urteotan Nairobin (Kenya), New Yorken (AEB), Buenos Airesen (Argentina) eta Gurseko kontzentrazio esparruan (Frantzia) landatu dituzte Gernikako Arbolaren kimuak.

Landaketa ekitaldiaren aurretik, Oswiecimeko Gazte Topagunerako Nazioarteko Zentroa bisitatu du Urkullu buru zuen euskal ordezkaritzak. Zentro horrek «mundu osoko gazteen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea» sustatzea du helburu. Izan ere, bidaia honetan Euskal Herriko hiru ikastetxetako ikaslez osatutako talde batek ere parte hartu du, eta APTCEk antolatuta hainbat jarduera egin dituzte Poloniako ikasleekin batera. Gazteen aurrean herenegun eginiko hitzartzean Urkulluk azpimarratu zuen giza duintasunaren errespetuak izan behar duela «balio gorena», edozein helburu eta ideia politikoren gainetik.

Gernikako Arbolaren kimua landatzearekin amaitu da euskal instituzioetako ordezkariek egin duten bi eguneko bisitaldia Polonian. Iñigo Urkullu eta Ana Otaduiz gain, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Joseba Gezuraga EH Bilduko legebiltzarkideak, Josu Montalban PSE-EEkoak eta Elsa Pamparacuatro Ahal Dugu-koak,Bizkaiko Batzar Nagusietako kideek eta Kirmen Uribe idazleak hartu dute parte ordezkaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.