Kolonbiako bake prozesua. ELNrekin elkarrizketak

Bakea «osoa» izan dadin

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak urriaren 27an ekingo diete elkarrizketa ofizialei,. Gobernuak espero du FARCekin ituna berradosteko negoziazioek asteak irautea

Mauricio Rodriguez eta Pablo Beltran, Kolonbiako Gobernuko eta ELNko negoziazio buruak, akordioaren berri ematen Caracasen, herenegun. C. HERNANDEZ / EFE.
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Orain aurreraka goazenez ELNrekin [Nazioa Askatzeko Armada], bakea osoa izango da». Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea herrialde osoari mintzatu zitzaion telebistaz herenegun. Ordu batzuk lehenago, Caracastik, komunikatu bateratua irakurri zuten Pablo Beltranek eta Mauricio Rodriguezek —ELNko eta Kolonbiako Gobernuko negoziazioko buruek, hurrenez hurren—, iragartzeko urriaren 27an elkarrizketa mahaia osatuko dutela ofizialki. Egun horretan bilduko dira publikoki Quiton, eta oinarriak jartzen hasiko dira amaiera emateko gobernuaren eta Kolonbiako gerrillarik zaharrenetan bigarrenaren arteko gatazka armatuari; 52 urtez iraun du. Venezuela, Ekuador, Txile, Kuba, Brasil eta Norvegia prozesuaren bermatzaile izateko prest agertu dira. Hala, egoitzak trukatuz, negoziazio taldeak herrialde horietan dira batzartzekoak.

Urriaren 27an, hain justu ere, hilabete beteko da gobernuak Bake Ituna sinatu zuela FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadarekin. Orduko hartan ere, sektore askotatik nabarmendu zuten ELNrekin akordio bat lortu ezean, herrialdeko bake prozesua herren geldituko litzatekeela. Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruak ongietorria eman dio albisteari: «ELNren bake ordezkaritzak gure babes militante eta solidario osoa du. Arrakasta handia izan dezala gaur [atzo] hasiko duen prozesuan». Kolonbiako alderdi gehienek ere babesa eskaini diote Santosen gobernuak ekindako bideari; Alderdi Liberalak «akordio pozgarriak» lortzea desiratu dio presidenteari, eta PDA Polo Demokratiko Alternatiboa baikor agertu da, «bake osoa eta bake iraunkorra» lortzeko bidean. Beste hainbat ahotsek baldintzak exijitu dituzte: «Ezin daiteke elkarrizketa publikoen faserik has, harik eta ELNk gatibu dituen lagun denak askatu arte», zioen U Alderdiko Armando Benedetti senatariak sare sozialetan.

Hain zuzen ere, bahiketen aferak zenbait eten eragin ditu prozesuan. Gerrillak ez dio utzi bahitzeari, argudiatzen baitzuen bahiketen gaia mahaian landu behar zela. Azkenak Arauco departamentuko zenbait arroz ekoizle izan dira. Gobernuak, aldiz, bahiketekin amaitzea exijitu dio ELNri, eta baldintza bat ezarri du negoziazio publikoak hasteko: gatibuak askatzea.

Ez dira tentsioa areagotu duten ekintza bakarrak izan. Duela hilabete, irailaren 12an, 72 orduko greba armatua ezarri zuen gerrillak herrialdean eragin handia duen sei eremutan. Gobernuak susmoa zuen FARCekin hitzartutako menia baliatuz, ELN bere eragin eremua zabaltzen ari zela, bai eta FARCeko disidenteak bere gerrillan hartzen.

Askapen prozesua

Blokeoa gainditzeko, ELNk aske utzi ditu bahituta zituen hainbat lagun. Azkena, atzo bertan, Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugan. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jakitera eman duenez, hiru lagun askatu dituzte azken bi asteetan. Halere, zaila da jakitea oraindik zenbat pertsonak jarraitzen duen preso. Tartean da Odin Sanchez kongresista ohia. Joan den apirilean bere anaia Patrociniorekin trukatu zuten —Chocoko gobernadore ohia—, hiru urte zeramatzalako ELNren eskuetan eta gaixo zegoelako. «Aurrerantzeanez da ELNren bahiketa gehiagorik izango Kolonbian», ospatu zuen Santosek bere hitzaldian. Presidenteak nabarmendu du hiru urte zeramatzatela lanean ELNrekin negoziazio bideak zabaltzeko, eta oinarrizkotzat jo du gerrillak gatibuen askapen prozesua abiarazi izana, gobernuak exijitu bezala.

Orotara, sei negoziazio puntuko agenda zehaztu dute: gizartearen parte hartzea bakearen eraikuntzan, bakearen aldeko demokrazia, bakea lortzeko eraldaketak, biktimak, gatazka armatuaren amaiera eta akordioen bermea. Santosek iragarri du FARCeko gerrillariak epaitzeko sortutako Bakerako Jurisdikzio Bereziak eragingo diela ELNko gerrillariei. Oraingoz, gobernuak eta ELNk ez dute behin-behineko su-etenik iragarri, baina, herenegun sinatutako testuaren arabera, bai gerrillak eta bai gobernuak «ekintza eta dinamika humanitarioak bultzatuko dituzte bakearentzat mesedegarri izango den giroa sortzeko».

Elkarrizketa mahaia osatuta, aurreneko puntuaren inguruan hitz egingo dute bi aldeetako negoziazio taldeek Quiton. Gizartearen parte hartzea zehaztea izango dute gairik korapilatsuenetakoa. Oraingoz ez dauka datarik, ez metodologiarik, baina sektore askotatik ezinbestekotzat jotzen dute. Besteak beste, ez berriro gertatzeko urriaren 2an gertatutakoa, kolonbiarrek ezetza eman baitzioten gobernuaren eta FARCen arteko akordioei. Plebiszitua galduta, gobernuak espero du FARCekin ituna berradosteko negoziaketek «asteak» irautea. «Hilabeteak luzatuta, gerra bukatzeko aukerak amaituko lirateke», esan zuen atzo Juan Fernando Cristo Kolonbiako Defentsa ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.