Itunaren zimenduak

Irango programa nuklearrari buruzko aurreakordioa hitzartu dute Teheranek eta 5+1 Taldeak.Ekainaren 30erako xehetasun teknikoak landu beharko dituzte

Federica Mogherini EBko diplomaziaburua eta Mohammed Javad Zarif Irango Atzerri ministroa, atzo, Laussanen, adierazpen bateratua ematen. V. FLAURAUD / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Fase berri bati bide emango dion gutxieneko elkar ulertzea adostu dute Laussanen, Suitzan, Irango eta 5+1 Taldeko Atzerri ministroek. Itunaren zirriborroa idazteari ekingo diote datozen asteetan. Xehetasunak ez dituzte publiko egin, baina, albiste agentziek aipatutako iturrien arabera, EBk eta AEBek bertan behera utziko dituzte alor nuklearreko zigor guztiak. Iranen uranioa aberasteko prozesua mugatua izango da hamar urtez, eta egun dituen purutasun handiko material nuklearrak disolbatu edo atzerrira eraman beharko ditu. Gainera, 25 urtez IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen gainbegiratzepean izango da.

Astebeteko negoziazio luze eta nekezen ostean, zazpi herrialdeek adierazpen bateratu bat kaleratu dute. Federica Mogherini EBko diplomazia buruak eta Mohammed Javad Zarif Irango Atzerri ministroak irakurri dute oharra. Mogheriniren hitzetan, «pauso erabakigarria» eman dute Mendebaldearen eta errepublika islamikoaren arteko auzia konpontzeko. «Irango instalazio nuklearrak ez dira izango helburu militarretarako, eta uranioa aberasteko gaitasuna mugatua izango du». Bi ordezkariek esandakoaren arabera, Natanz izango da uranioa aberasteko zentral bakarra, eta lurpeko Fordo azpiegitura zientzia zentro gisa erabiliko dute.

Martxoaren 31n amaitu zen aurreakordioa lortzeko epe muga, baina bi egunez luzatu dituzte elkarrizketak. Uztaila baino lehen itun osoa sinatzeko, alde bakoitzak hartu behar dituen konpromisoak zehaztu dituzte. Datozen hiru hilabeteetan aurreakordio hori garatu eta ñabardura teknikoak eta xehetasun legalak argitu beharko dituzte.

Barack Obama AEBetako presidenteak historikotzat jo du hitzarmena, eta akordioa defendatu du. «Guztiz ezartzen bada, Iranek bonba nuklearra egitea saihestuko du. Elkar ulertze honek itun oso batera eramaten bagaitu, gure herrialdea, aliatuena eta mundua seguruagoa egingo du».

Irango presidente Hassan Rohanik Twitter sare sozialean adierazi du behin betiko akordioa lortzeko bidean aldeek gai giltzarrietan bat egin dutela, eta ekainaren 30a baino lehen erdietsiko dutela itun osoa.

Baikor agertu dira, halaber, Alemaniako eta Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak. «Orain hemezortzi hilabete aurreikusitakoa baino hobea da akordio hau. Akordio on baterako oinarri fina da», esan du Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak.

Oraingoan ere, Frantziak hartu du jarrera zorrotzena. François Hollande presidenteak ontzat eman du Laussaneko negoziazioen emaitza, baina ohartarazi du zigorrak berrezarriko dituztela itunaren oinarria betetzen ez bada.

Adierazpen bateratuak bertan behera utzi ditu azken orduetako ezinegon eta zurrumurruak. «Komenigarria ez den konfiantzarik gabeko zikloa amaitu dugu», esan du Irango diplomazia buruak prentsaurrekoaren ostean. Halere, Zarifek ohartarazi du atzo lortutakoa ez dela behin betiko ituna, eta ez dituela aldeak ezertara behartzen. «Urrats handia egin dugu, baina oraindik urrun gaude egon nahi dugun tokitik».

Izan ere, ministroak euren adierazpenetan baino zuhurrago agertu dira Mendebaldeko hainbat diplomazialarik albiste agentziei eginiko filtrazioetan; AEBen eta Iranen artean gainditu beharreko amildegi sakona legoke oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.