Gdeim Izikeko sahararrei militarrek jarritako zigorrak berretsi ditu auzitegi zibilak

Marokok lau urte eta bizi osora arteko kartzela zigorrak ezarri dizkie 22 sahararri. Epaiketa «politikoa» dela eta «akats berak» egin direla salatu dute begiraleek

Gdeim Izikeko presoen senideak eta lagunak, euren askatasuna aldarrikatzen, epaitegiaren aurrean, Salen (Maroko). ABDELHAK SENNA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Goizaldean etorri zen sei hilabetez luzatu den epaiketaren sententzia, hamalau orduko deliberazioaren ostean, etengabe atzeratu diren zazpi saioren ondoren, azkenekoan akusatuen abokatuei hitza ere eman gabe. Marokoko Saleko Helegite Auzitegiak lau urtetik bizi osora arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien atzo 22 ekintzaile sahararri. Gdeim Izikeko presoak zazpi urte daramatzate kartzelan, eta auzitegi militar batean epaituak izan ostean, bide zibiletik epaitu dituzte berriz, neurri handi batean auzi militarrean ezarritako zigorrak berretsi badira ere: zortzi laguni bizi guztirako kartzela zigorra ezarri diete, hiruri 30 urteko kartzela zigorra, bosti 25 urtekoa, eta beste hiruri 20koa.

Akusatuetako bi aske geratu dira; izan ere, lau urte eta bost hilabeteko, eta sei urte eta erdiko zigorrak ezarri dizkiete, biek denbora hori baino gehiago igaroa dutenean kartzelan.

Gdeim Izik kanpalekua eraitsi zutenean, 2010eko azaroan, 11 poliziaren heriotzaren erantzuletzat jo dituzte, egile edo konplize gisa, zehaztu gabe nork hil duen nor, hala nola indar publikoei eraso egiteaz eta hilotzak mutilatzeaz, nahiz eta oraingoan, auzi militarrean ez bezala, ez dieten egotzi talde kriminala eratzea. Rabatek 2013ko otsailean epaitu zituen ekintzaileak, auzitegi militar batean, ordurako bi urte luze preso zeramatzatenean. Nazioarteko gobernuz kanpoko hainbat erakundek epaiketa frogarik gabe egin zela salatu zuten, eta akusatuek torturapean deklaratu zutela. Torturaren Kontrako Batzordeak ere bat egin zuen salaketarekin; Naama Asfari presoa torturatuta izan zela eta bere eskubideak urratuak izan zirela berretsi zuen. Marokok erakundearen zigorra jaso zuen horregatik, eta horrek ondorioak izan zituen. Kasazio Auzitegiak, 2016ko uztailaren 27an, epaia eman eta hiru urtera, ezeztatu zuen auzitegi militarraren sententzia, forma eta eduki akatsak argudiatuta, eta epaiketa bide zibiletik egiteko eskatu zuen, akusatuen helegiteak onartuta.

Irregulartasunak

Justizia unibertsalarentzat atzokoa «egun beltza» izan zela salatu zuten ekintzaile sahararrek. Nazioarteko begiraleek ere epaiketa zibilean militarrean egindako «irregurlartasun eta akats berak» egin direla salatu dute. Juan Soroeta EHUko Nazioarteko Zuzenbide irakaslea eta jurista da saioetan begirale gisa aritu direnetako bat. BERRIAri jakinarazi dionez, «hasieratik bukaera arte» egin dituzte «huts berberak»: «Marokoren makillaje operazio bat baino ez da izan; epaiketa militarra ez bezala, zibila berme guztiekin egiten ari zela ikusarazi nahi zuen, zuzenbide estatu batean bezala ari zela, baina beste behin agerian geratu da ez dagoela botere banaketarik, eta hau epaiketa politiko bat izan dela».

Kasazio Auzitegiak berak argudiatukoa ez dela aintzat hartu salatu du Soroetak: «Sententzia militarra baliogabe utzi zuenean esan zuen ez zegoela prozesatuen eta hildakoen arteko inolako loturarik, autopsiak ere ez baitituzte egin. Ez dago inongo frogarik zigorra justifikatzeko. Froga bakarra torturapean hartutako deklarazioak dira».

Amnesty Internacionalek eta Human Rights Watchek torturapean hartutako deklarazioak aintzat ez hartzeko eskatu zioten herenegun Marokori. Eskaera, baina, ezerezean geratu da.

Soroetak, horren harira, defentsak, bermerik ez zegoela ikusita, maiatzetik bere lana egiteari uko egin ziola gogoratu du: «Naama Asfarik, akusazioaren arabera, kanpalekua eraitsi zuten goizaldean 'ahal zituzten guztiak' akabatzeko agindua eman zien besteei, armak ere banatu zizkiela, baina kontua da bezperatik zegoela atxilotuta, Aaiunen. Lekuko batzuen deklarazioak gezurrez beteta zeuden, akusatuen abokatuek ere barrez egiten zutela».

Okupazioa

Epaiketa autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen herriaren kontrakoa izan dela uste du Soroetak. Hassanna Aalia ekintzailea bat dator iritzi horrekin: «Erresistentzian ari den herri bat zigortzea da asmoa, beldurra sorrarazteko, baina guk gure borrokari eutsiko diogu, bide baketsuetatik». Marokok ez duela sahararrak epaitzeko eskumenik adierazi du ere Aaliak: «Marokok Mendebaldeko Sahara okupatuta dauka, eta, hortaz, ezin ditu hango herritarrak epaitu, legez kanpoko epaiketa bat da; Aaiunen gertatuko zerbait Rabaten ari dira epaitzen. Gdeim Izikekoek hasieratik salatu dugu hori».

Hassana Aalia epaiketa militarrean zigortutako 24 ekintzaileetako bat da; bizi guztiko kartzela zigorra ezarrio zioten, auzi-ihesean epaitu bazuten ere. Ordurako Euskal Herrian bizi zen, eta asilo politikoa eskatu zuen Espainian —iazko urrian aitortu zioten estatusa—. Gdeim Iziken lehenengo aldiz aske sentitu zela adierazi izan du Aaliak. Duintasunaren Kanpalekua erresistentziaren ikur bilakatu zen; 2010eko urrian, sahararrek milaka haima ezarri zituzten hiriburuaren kanpoaldean, baina azaroaren 8ko goizaldean, Marokok indarrez desegin zuen kanpalekua. Ordutik, haimak eta ikurrak debekatuta daude Mendebaldeko Saharan. Iraultza arabiarren abiapuntua izan zen askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.