Erreferendumaren Legearen tramitazioa atzeratu du Kataluniako Legebiltzarrak

Erreferendum legea «oso zaila» dela argudiatu du Carme Forcadellek. Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi du parlamentuaren araudiaren erreforma

Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiaren lehen bilkura oporretatik bueltan, atzo goizean. ANDREU DALMAU / EFE.
2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Bukatu zaizkio oporrak Kataluniako Parlamentuari, eta atzo Legebiltzarreko Mahaiak bilkura egin zuen, ikasturte berriari hasiera emateko. Bilkuraren egitekoetako bat Junts Pel Sik eta CUPek uztailaren 31n onartutako Erreferendumaren Legea tramitatzea zen. Azkenean, tramitea atzeratu egin dute, baina, Carme Forcadell legebiltzarreko presidenteak esan duenez, «horrek ez du esan nahi egingo ez denik». Legea «oso zaila» izateari eta «politikaren judizializazioari» egotzi dio tramitea atzeratu izana. Lege horrek babes juridikoa emango lioke autodeterminazio erreferendumari.

Ikusmin handia sortu zuen bilkurak; izan ere, atzo zen, berez, Erreferendumaren Legea tramitera onartzeko eguna. Lege bat erregistratzean, tramitatuko den ala ez erabaki behar du Legebiltzarreko Mahaiak, legea erregistratu eta hurrengo bilkuran. Orain, zenbait aukera dituzte tramitazioari ekin eta legea onartzeko: hilabete onetako 22ko edo 29ko bilkuretan egitea, edo parlamentuaren lehenengo osoko bilkuran, irailaren 6 eta 7an. VilaWeb atari digitalaren arabera, azkenengoa litzateke egingarriena. Hurrengo osoko bilkuran, gehiengo independentistak, parlamentuko 81.3 artikuluaz baliatuz, lehentasuna eman diezaioke: bilkuraren hasieran JPS eta CUPek eska dezakete eguneko gaien zerrenda aldatzea Erreferendumaren Legea onartzeko, eta Mahaiak onar dezake.

Kataluniako Parlamentuko iturriek esan dutenez, bilkura «tentsio handiz» hasi zen. Oposizioko Ciutadans eta PSC alderdietako ordezkariek bilera «ohiko prozedurarekin» hasteko eta Erreferendumaren Legeari heltzeko eskatu zioten Forcadelli. Parlamentuko presidenteorde Jose Maria Espejo Saavedra (Ciutadans) haserre agertu zen kazetarien aurrean, bilkura amaitutakoan: «Forcadellek ezin du balorazio politikorik egin; lege bat erregistratuta badago, Mahaiak erabaki behar du tramitatuko den ala ez. Erabakiak hartzeko eskubideak lapurtzen ari zaizkigu. Ez gaude tempoak kudeatzeko».

Legebiltzarreko presidenteak, berriz, azaldu zuen ez zuela «inolako obligaziorik» gaiari atzo heltzeko, eta aztertzen daudela noiz ekin legearen tramiteari. Presidenteak Mahaiko bost kideren kontrako kereilak aurkeztu dituztela gogoratu zuen: «Mundu guztiak daki nolakoa den gure egoera eta nola ari den politika judizializatzen. Mundu guztiak daki zein egoeratan gauden Mahai honetako kide batzuk».

Nahiz eta ez dioten Erreferendumaren Legeari heldu, Kataluniako Parlamentuan Katalunia operazioaren inguruko komisioan deklaratu ez zutenen aurkako kereilak aurkeztea erabaki dute, Forcadellek azaldu duenez. Parlamentuak deklaratzera deitu eta agertu ez ziren buruzagien artean hauek dira izen handienetakoak: Mariano Rajoy Espainiako presidentea, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia.

Bestalde, Polizia parlamentura sartu behar denerako protokolo bat adostu dute: poliziei egoitzara sartzeko baimena emango diete, baina beheko solairuan itxaron beharko dute, eskatutako informazioa ematen dieten bitartean.

Espainiako Gobernua, prest

Erreferendumaren Legearen tramitea atzeratzeak Espainiako Gobernuaren erreakzioa atzeratzea ere ekarri du, oraingoz. Mariano Rajoyk lehenagotik jakinarazi zuen gobernuak horren kontra joko zuela, onartu eta segituan. Horretarako Ministroen Ezohiko Kontseilura deitua zuen, eta bide hori berretsi du Iñigo Mendez de Vigo gobernuko bozeramaileak, kontseilua amaitu zutenean.

Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak atzo baliogabetu egin zuen Kataluniako Gobernuak jarritako helegitea. Generalitateak helegitea jarri zuen abuztuaren 3an, parlamentuan legeak irakurketa bakarrean onartzeko araua baliogabetu zuelako Konstituzionalak. Horrek osoko bilkura egin zuen atzo, eta ordubetean baino gutxiagoan hartu zuten baliogabetzeko erabakia. Dena den, Madrilek herenegun esan zuen ez duela salbuespen neurririk ezarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.