Israel-Palestina gatazka. Jerusalemen hiriburutza

Matxinada hotsak

Palestinarrek greba orokorra egin dute AEBek Jerusalem Israelen hiriburutzat onartzearen aurka. Hamasek intifada bat prestatzeko «lanean» hasi nahi du

Manifestari bat sutan dauden pneumatikoen gainetik jauzi egiten, Ramallahen. Hiri horretan, soldaduek lau lagun zauritu zituzten tiroz. SHADI HATEM / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak herenegun egindako iragarpenari berehalako erantzuna eman diote palestinarrek. Jerusalem ekialdean, Zisjordanian eta Gazan greba orokorra egin zuten atzo, AEBek Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartuko dutela-eta protesta egiteko. Milaka herritarrek manifestazio jendetsuak egin zituzten erabakiaren aurka, eta Israelgo indarrak gogor oldartu zitzaizkien. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 50 manifestari zauritu zituzten; horietako bederatzi, suzko armekin tirokatuta. Hamas alderdi islamistak matxinada bat pizteko eskatu die herritarrei eta erakundeei. «Etsai sionistaren aurka intifada bat hasteko lan egin beharko genuke», adierazi zuen atzo Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagiak, Gazan emandako hitzaldi batean. Bihar beteko dira 30 urte lehenbiziko intifada hasi zela.

Palestinarrek greba orokor batekin hasi dute AEBen erabakiaren aurkako protesta. PAN Palestinako Aginte Nazionalaren Osasun Ministerioak eskola eta unibertsitate guztiak itxi zituen atzo, eta irakasleei, ikasleei eta gurasoei eskatu zien manifestazioetara joateko. Alderdi islamistek eta laikoek bat egin zuten deialdiarekin.

Eraso larrienak Gazan gertatu ziren. Soldaduek tiro egin zieten Israelgo mugara hurbildu ziren manifestariei, eta bortz zauritu zituzten balaz, Maan agentziak zabaldu zuenez, Palestinako Osasun Ministerioaren datuekin. Ramallahen ere (Zisjordania) suzko armekin zauritu zituzten bertze lau manifestari. Bertze zortzi herritar gomazko balekin zauritu zituzten, iturri berberaren arabera. Manifestazioen eta liskarren berri Zisjordaniako hiri gehiagotan eman zuen PANek: Betleemen, Hebronen, Nablusen, Jeninen, Qalqiliyan, Tul Karmen, Al-Birehen... Jerusalemgo erdigune historikoan ere antolatu zituzten protestak, nahiz eta Israelgo indarrek neurri zorrotzekin oztopatu. Israelgo armadak jakinarazi zuen miliziaren batek Gazatik bi suziri jaurti zituela, baina ez zirela Israelera ailegatu. Israelgo armadak batailoi gehiago hedatu zituen atzo lurralde okupatuetan, «egoera aztertu ondoren».

Protestarako deia gaurko

Atzo hasitako protestak matxinada zabalago bat bihurtu nahi ditu Hamasek. «Erabakiak hartu behar ditugu, eta bertze estrategia bat eraiki Palestinaren aurkako konplot berriari aurre egiteko», adierazi du Haniyehek. «AEBek babesten dituzten sionisten politikei aurre egiteko modu bakarra bertze intifada bat piztea da okupazioaren aurka, eta ongietorria ematea okupazio horren aurkako erresistentziari». Hamaseko buruzagiak PANi eskatu dio «adorea» izan dezala Osloko Akordioak bertan behera uzteko. «Palestinako koroak duen diamantearen aurkako gerra deklarazioa izan da», erran du Haniyehek Trumpek herenegun jakinarazitakoari buruz. Gaur protestara deitu du Hamasek, «amorrua erakusteko». Daud Xihab Jihad Islamikoaren —Palestinako bigarren fakzio islamistaren— bozeramaileak ere PAE Palestina Askatzeko Erakundeari eskatu dio Osloko Akordioak bertan behera uzteko, eta «erresistentzia areagotzeko Palestina osoan, Zisjordanian barne».

Azken urteotan behin baino gehiagotan aipatu da hirugarren intifada pizteko aukera, gatazka aspaldian karrika itsu batean sartuta dagoelako. Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean 2015ean piztu zen azken indarkeria zikloari ere Labanen intifada erran izan zaio, baina ez da izan PAEk edo erakunderen batek hauspotutako erresistentzia mugimendu bat, eta ez du intifadek izan zuten matxinada zabalen izaera hartu. Eraso gehienak haien kabuz jardun zuten norbanakoek egin zituzten, labanak edo ibilgailuak erabilita. 2015eko urritik 2016ko ekainera arte gutxienez 235 palestinar —60 inguru, erasotzaileak— eta 38 israeldar hil zituzten.

Intifadek bertzelako eragin bat izan zuten. Intifada-k matxinada erran nahi du arabieraz. Duela 30 urte, gaurko egunez, gidari israeldar batek lau palestinar hil zituen kamioi batekin harrapatuta Erezen, Gazaren iparraldean. Hildakoetako hiru Gazako Jabalia errefuxiatuen eremuko biztanleak ziren, eta Jabaliako herritarrek protesta handiak antolatu zituzten. Segidan, lurralde okupatu guztietara hedatu zen mugimendua, tokian tokiko kontseiluek antolatuta. Alderdi palestinarrak eta PAE bera ere batu zitzaizkion. Protesta jendetsuak eta bide zibilak hobetsi zituzten, baina Israelek gogor egin zuen horien kontra. Soldaduen aurkako harri jaurtiketak bihurtu ziren erresistentziaren sinbolo. Matxinadaren lehenbiziko urtean, Israelek 140 palestinar inguru hil zituen, eta ez zen israeldarrik hil. 1993an bukatutzat eman zuten intifada, Osloko Akordioekin. Ordurako, Israelek 1.600 palestinar inguru zituen hilak, eta palestinarrek 280 israeldar inguru.

Azken intifada: 2000-2005

Bigarren intifada 2000. urteko irailean piztu zen, Ariel Sharon eskuin muturreko liderrak Meskiten Zelaigunera bisita egin zuelako, palestinarrei desafio egiteko keinu gisa. Praktikan, Osloko Akordioak hondoratu zituen horrek. 2001ean Sharonek hauteskundeak irabazi zituen, eta errepresioa gogortzea erabaki zuen. Milizia palestinarrek ere borroka armatua erabili zuten Israeli aurre egiteko. 2005era arte iraun zuen matxinadak, eta lehenbizikoa baino odoltsuagoa izan zen: 3.000 palestinar baino gehiago hil zituzten, eta 1.000 israeldar inguru. 2005eko otsailaren 8an, Sharonek eta Mahmud Abbas PANeko buruzagiak su-etena jakinarazi zuten. Intifada itzali zen, baina gatazkak bere horretan jarraitu du orduz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.