Ikurra lausotzen ari da

Cyril Ramaphosa izendatu dute Hegoafrikako presidente, Jacob Zumak amore eman ostean. ANCk datorren urtean emaitza onak lortzea izango du erronka

Pretoriako etxe batean ateratako irudi bat; Jacob Zuma, telebistako pantailan, eta Nelson Mandela hormako argazki batean. KIM LUDBROOK / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Jacob Zumaren lekukoa hartu zuen atzo Cyril Ramaphosak. Hegoafrikako historia demokratikoko bosgarren presidente izendatu zuten atzo, eta erronka itzela du aurrean, izan ere, inoizko atakarik zailenean dago jatorrian askapen nazionalerako mugimendua izan zen alderdia. ANC Afrikako Kongresu Nazionala hegemonia galtzen ari da. Apartheid-aren osteko lehen bozetan, 1994an, botoen %62,65 eskuratu zituen. Nelson Mandela kartzelatik atera eta lau urtera egindako bozak ziren, eta, ordutik, hauteskunde guztietan nagusitu da. Azken hamarkadan, baina, nabarmena izan da alderdiaren boto galera. 2014an, botoen %64 bereganatu zuen herenegun amore eman zuen presidenteak, haren aurreneko bozetan baino lau puntu gutxiago, baina abuztuko udal hauteskundeetan orain arteko babes txikiena lortu zuen; botoen %53,91. Hiri asko galdu zituen, tartean hiriburua: Pretoria.

ANCren ikurra, bada, lausotzen ari da. Eta Ramaphosaren zeregina, hortaz, alderdia bideratzea, barne zatiketa iraultzea, eta datorren urtean egitekoak dituzten hauteskundeetan emaitza onak lortzea izango da. Ramaphosa Hegoafrikako historia demokratikoko bosgarren presidente bilakatu da —Nelson Mandela (1994-1999), Thabo Mbeki (1999-2008), Kgalema Motlanthe (2008-2009) eta Jacob Zumaren (2009-2018) ostean—. Eta agintari berriak bere asmoen xehetasunak gaur jakinaraziko baditu ere, nazioaren egoeraren inguruko agerraldian, atzoko ekitaldian aurreratu zuen «umiltasunez eta duintasunez» gobernatuko duela.

Jacob Zumaren agintaldiaren zantzuak ezabatzeko ahaleginean, argi utzi nahi izan du «herria» izango dela bere «lehentasuna». Ustekeriaren kontra eta oparotasunaren eta batasunaren alde egingo duela ere agindu du: «Ez diot herriari huts egingo, gogor egingo dut lan».

Zuma hainbat ustelkeria kasutan egon da murgilduta, eta haren sinesgarritasun politikoa erabat kolokan zegoenean eman behar izan du amore. Asteazken gauean eman zuen dimisioa, goizean karguari eusteko asmoa erakutsi bazuen ere, baina, azkenean, alderdiaren eskaera onartu zuen, gaur egitekoa zen zentsura mozioan galtzea baitzen beste aukera bakarra —abuztuan egin zuten haren kontrako azken zentzura mozioa eta orduan alderdiko 40 bat diputatuk haren kontra egin zuten—. ANCren erabakia «bidegabea eta justifikaziorik gabea» iruditzen zitzaiola zehaztu bazuen ere, «alderdiko kide diziplinatua» zela azpimarratu zuen Zumak: «ANC ez da nire izenean zatikatuko».

Hauteskundeak aurreratu

Alderdiaren higadura, dena den, agerikoa da, eta oposizioak ahultasun hori baliatu nahi du. DA Aliantza Demokratikoa da oposizioko alderdi nagusia, eta parlamentua desegiteko eta hauteskundeak aurreratzeko deia egin du —eskaera horrekin bat egin du ere EFF Askatasun Ekonomikorako Borrokalariak—.

DA da, gaur-gaurkoz, azalaren kolorearen araberako bereizketa ezartzen zuen sistema politikoa eraitsi zuen alderdiaren amesgaiztoa. Mandela presidentetzara iritsi zenean, botoen %1,73 baino ez zituen eskuratu, baina urteotan etengabe egin du gora, hiriburua bera eskuratu arte. Apartheid-aren kontrako jarrera hartu izan du alderdiak, baina, buruzagitzan zuriak izan ditu herrialdean biztanleen %79 beltzak direnean. Mmusi Maimaneren izendapenak, baina, dena aldatu du. DAko buruzagi beltzak hainbat gotorleku kendu dizkio ANCri. Eta, gaur egun, lau hamarkada iraun zuen erregimen arrazistaren itzalak erabat ezabatu ez badira ere, beltzek jada ez dute soilik arrazaren arabera bozkatzen.

Horixe bera zen Mandelaren ametsa; Francois Pienaar rugby selekzioko kapitaina egunen batean presidente izatea gustatuko litzaiokeela esan zuen behin buruzagi historikoak. Eta ANC 2025era arte egongo zela agintean. Haren hitzak sententzia bat ote diren esango du Ramaphosak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.