Pampliega eta Lopez BERRIAko kolaboratzaileak desagertuta daude Sirian

Hilaren 10ean gurutzatu zuten muga, Turkiatik, eta azken bederatzi egunotan ez da izan bi kazetarien berririk.Angel Sastre kazetaria ere desagertu da haiekin

Jose Manuel Lopezek Alepon ateratako argazki bat, iaz BERRIAn argitaratua. J.M. LOPEZ.
mikel rodriguez
2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Antonio Pampliega kazetaria eta Jose Manuel Lopez argazkilaria desagertutzat jo dituzte Sirian. BERRIAko kolaboratzaileak dira biak, eta FAPE Espainiako Kazetari Elkarteen Federazioak baieztatu du hilaren 12tik Pampliegaren eta Lopezen hurbilekoek ez dutela haien berririk. Haiekin batera desagertuta dago Angel Sastre kazetaria ere. Espainiako Atzerri Ministerioak adierazi du «jakinaren gainean» dagoela. Espainiako ABC egunkariak eman du haien desagerpenaren lehenbiziko berria, eta bahiketa bat izan dela argitaratu du, iturri propioak aipatuta. Zenbait kazetarik azaldu dute kasua gaur arte ez argitaratzeko erabakia hartua zutela Pampliegaren, Lopezen eta Sastreren senideek, haiek bilatzeko lanak errazteko asmoz. Horregatik, eztabaida gogorra sortu du familiaren onespenik gabe berria lehenago argitaratzeak. Hiru kazetarien familiek «pazientzia», «errespetua» eta «diskrezioa» eskatu dituzte agiri batean, eta jakinarazi dute ez dutela adierazpenik eginen gertatutakoaren inguruan.

Elsa Gonzalez FAPEko presidenteak Espainiako Efe agentziari jakinarazi dionez, Pampliega, Lopez eta Sastre hilaren 10ean sartu ziren Sirian, Turkiatik muga gurutzatuta. Alepo probintzian sartu zirela erran du Lopezek. Uztailaren 12tik haien berririk ez dela adierazi du FAPEko presidenteak. Pampliegak bi egun lehenago egin zuen azken txioa Twitter sare sozialeko kontuan —atzo desagertu zen kontu hori—. Espainiako Atzerri Ministerioak ere ez du xehetasun handirik eman.

Bahiketa bati buruz zenbait hedabide mintzatu dira, iturri propioak aipatuta. Espainian, ABC-k argitaratu zuen atzo arratsaldean, esklusiba gisa. Titularra hirutan aldatu zuen: hasieran, secuestrados (bahituak) erabili zuen; ondoren, retenidos (atxikiak), eta, azkenik, desaparecidos (desagertuak). Siriako hedabide batek, berriz, argitaratu du Ahrar al-Xams brigadaren baimenarekin sartu zirela Sirian. Fronte Islamikoa osatzen duen koalizio islamistako talde armatuetako bat da Ahrar al-Xams. Siriako Gobernuaren aurka borrokatzeko sortu zen Fronte Islamikoa. Bahiketa bat izan dela argitaratu duten hedabideek, ordea, ez dute erran zein talderen eskuetan dauden, eta aldarrikapenen baten berririk ere ez dago.

Alepo probintzia erabat banatuta dago Siriako armadaren eta gainerako talde armatuen artean. EI Estatu Islamikoak probintziaren ekialdean du presentzia, eta ez du lortu Alepo hirian sartzea. Hiria eta probintziaren gainerako zatia banatuta dago armadaren, gobernuaren aurkako hainbat talde armaturen —horien artean Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Frontearen— eta kurduen milizien artean.

Gatazken berriemaile

Pampliega 1982an jaio zen, Madrilen. Lopezek, berriz, 42 urte ditu, eta Leongoa da. Freelance modura egiten dute lan biek, gatazka guneetan. Pampliegak lau urte daramatza Siriara bidaiatzen, han gerra hasi zen urtetik (2011). Somalian eta Ukrainan ere egondakoa da azken urteotan. Lopezek hamahiru urteko esperientzia du, eta herrialde anitz ezagutu ditu: Afganistan, Irak, Palestina, Kosovo, Guatemala, Nagorno-Karabakh (Armenia eta Azerbaijan artean), Iran, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Siria. Munduko hedabide handiek argitaratu dizkiote argazkiak, eta nazioartean sariak irabazitakoa da.

Pampliegak eta Lopezek elkarrekin egiten dute lan, eta iazko udaberritik hainbat kolaborazio egin dituzte BERRIArekin. 2014ko maiatzaren 9an argitaratu zuten lehenbiziko erreportajea, Somaliatik egina: Indiako Ozeanoko perlaren ilusioa. Muqdisho hiriburuko bizi baldintzei buruz aritu ziren, Al-Shabab muturreko talde islamistaren aurkako gerraren testuinguruan. Ordutik, nagusiki Siriatik idatzi dute BERRIArentzat, baina baita Iraketik, Ukrainatik, Turkiatik eta Indiatik ere.

Iragan martxoan eta apirilean erreportaje bana argitaratu zuten Siria barneko Kurdistango Kobane hiritik, EIren 134 eguneko setioaren ondorena kontatzeko. Muturreko talde islamista iazko irailetik aurtengo urtarrilera arte saiatu zen Kobane hartzen, eta hiria erabat suntsituta gelditu zen borroken ondorioz. Turkiatik argitaratu zuten azken erreportajea BERRIArekin, joan den ekainaren 30ean; zehazki, Istanbuldik. Hor ere Siriako gatazka zuten hizpide. Estatu Islamikoaren infernua zuen titularra, eta kazetari bahituen gaia jorratu zuten. EIk iaz exekutatutako Steven Sotloff kazetari estatubatuarraren fixer edo itzultzaile-laguntzaile izandakoa elkarrizketatu zuen Pampliegak, Yosef Abobaker siriar gaztea. Abobaker bi astez eduki zuen bahituta EIk, Alepo probintziaren iparraldean. «Psikologikoki infernua da. Bakarrik zaude, eta burua etengabe biraka dabilkizu; zure txanda noiz iritsiko den galdezka beti», kontatu zion Abobakerrek Pampliegari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.