Denbora amaitzen ari da

Unicefek ohartarazi du lau herrialdetako 1,4 milioi haur nutrizio txarragatik hil daitezkeela aurten. Uztailerako 5,5 milioi sudandar egongo dira goseak

Boluntario talde bat, Dablualdik ateratzen (Hego Sudan), joan den astean. NICOLAS PEISSEL / EFE.
ander perez zala
2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta okerragoa da gatazkapean dauden haurren egoera. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak jakinarazi duenez, aurten, Nigeriako, Hego Sudango, Somaliako eta Yemengo 1,4 milioi haur hiltzeko arriskuan daude, nutrizio txarragatik. Lau herrialde horietatik, Hego Sudan da gosetea zati batzuetan ofizialki iragarri duen bakarra; beste hirurak egoera horretara hurbiltzear daude. Hala ere, Unicefeko zuzendari exekutibo Anthony Lakek itxaropenerako hitzak esan ditu: «Milioi bat haurrentzat baino gehiagorentzat denbora amaitzen ari da, baina oraindik bizi asko salba ditzakegu».

Lakek gizakia jo du arazo horien errudun gisa, eta, horregatik, «azkar ekiteko» neurriak eskatu ditu, egindakoa konpontzeko. Helburua argia da: 2011n Afrikako Adarrean izandako gosete bera berriro ez gertatzea —kontinentearen ekialdean dago, eta Eritreak, Etiopiak, Kenyak, Somaliak eta Djibutik osatzen dute—. 60 urtean izandako goseterik eta lehorterik gogorrenak jasan zituzten: hemezortzi milioi pertsonak gosetea jasan zuten —horietatik bi milioi bost urte baino gutxiagoko haurrak ziren—. Horregatik, Unicefen Espainiako Batzordeko zuzendari Javier Martosek gogorarazi du krisiak edo gatazkak dituzten herrialdeetako haurrek jasaten dutela gosetea gehien.

Oraingoz, Unicef bere aliatuekin lanean ari da herrialde horietako milioi bat inguru haurri trataera terapeutikoa emateko: Nigeriako 220.000ri, Hego Sudango 200.000ri baino gehiagori, Somaliako 200.000ri baino gehiagori eta Yemengo 320.000 ingururi, haurren laguntzarako funtsak ohar batean azaldu duenez.

Herrialdeka aztertuz, Hego Sudanen egoera da larriena. Azken hiru urteotan barne gatazka gogorrak izan dituzte herrialdean, eta, horrek eraginda, herenegun Unicefek, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak eta MEP Munduko Elikadura Programak, gobernuarekin batera, gosetea ofizialki iragarri zuten herrialdeko eskualde batzuetan. 100.000 pertsonak gosetea jasaten dute, agentzia horien arabera, eta ohartarazi dute uztailerako zifra 5,5 milioira igo daitekeela, ezer egin ezean. Haurrei dagokionez, 270.000 dira elikadura urritasun «larria» jasaten dutenak.

Gaur egun, 4,9 milioi sudandarrek «premia handiz» behar dute elikadura; biztanleriaren ia erdia dira. Ateny Wek Ateny gobernuaren eledunak matxinoak jo ditu egoera horren errudun: «Gobernua errugabea da, matxinoak eta beren lider Riek Machar dira errudunak. Herritarrak izutu, eta beren eskualdeetatik ihes egitera behartu dituzte». NBEk eta beste hainbat nazioarteko agentziak, ordea, gobernua kritikatu dute laguntza humanitarioa oztopatzen duelako.

Bitartean, Europako Batzordeak iragarri du «larrialdiko»82 milioi euroko diru laguntza emango diola herrialdeari, gosetearen ondorioei aurre egiteko. Laguntza eraginkorra izan dadin, Christos Stylianides Laguntza Humanitariorako komisarioak gatazkako bi aldeei gogorarazi die armak utziz «soilik berreraiki dezaketela herrialdea». 2013ko abenduaz geroztik, batzordearen aditu talde bat herrialdean egon da egoeraren berri izateko, eta dagoeneko 381 milioi euro eman dizkiote Hego Sudani giza krisiari aurre egiteko. «Jende gehiago gosez ez hiltzeko» neurria da. Esaterako, herrialdeak 2014an jaso zuen laguntzaren %40 Europako Batasunak bidalitakoa izan zen.

Nigeria, Somalia eta Yemen

Hego Sudangoez gain, Unicefek Nigeriako, Somaliako eta Yemengo haurren egoeraz ohartarazi du Unicefek. Uste du Nigeriakoipar-ekialdean elikadura urritasun «larria» izango duten haur kopurua 450.000ra areagotuko dela urte honetan; batez ere, Adamawa, Borno eta Yobi estatuetan, Boko Haram muturreko talde islamistaren aurkako gatazka gehien jasan dutenak baitira. Fews Net Gosete Goiztiarraren Alerta Sistema Sareak 2016. urtearen amaieran ohartarazi zuen gosetea gehienbat Borno estatuko eremu iritsezinetan gertatzen zela, baita giza laguntza iristen ez zen tokietan ere.

Somalian, berriz, lehorteak are gehiago mehatxatu du hango biztanleria, Unicefen arabera, urteetako gatazkaren erruz jada «traumatizatuta» dauden herritarrak baitira —armadaren eta Al-Shabab talde jihadistaren artekoa—. Biztanleriaren erdiak, 6,2 milioi pertsonak behar dute giza laguntza; aurten, Unicefen kalkuluen arabera, 185.000 haurrek jasango dute elikadura urritasuna, eta baliteke zifra 270.000ra igotzea datozen hilabeteetan. 1991z geroztik, gatazkatik ihes doazenak Kenya bizilagunaren Dadaab kanpalekura joaten dira: han dauden 300.000 errefuxiatuetatik 262.000 dira somaliarrak. Iheslarientzako munduko gunerik handiena da.

Yemen da Unicefek aipatu duen laugarren herrialdea. 2014an hasitako gatazkaren ondorioz, egun 462.000 haurrek dute elikadura urritasun «larria», duela hiru urte baino %200 gehiagok. Egoera horri aurre egiteko egiturak ere gutxituz doaz: Saudi Arabia buru den koalizioak 40 bat ospitale suntsitu ditu, 2015eko martxoaren 26an bonbardaketak egiteari ekin zionetik. Kolera eta polio kasuak ere agertu dira herrialdean, haurrengan eragina dutenak. Guztira, 1.400 haur hil dira gatazka hasi zenetik. Laguntza handitzeko eskatu dute Unicefek, MEPek eta FAOk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.