Barnierrek Londresi esan dio Irlandako muga orain arte bezala mantendu behar dela

EBko 'brexit'-erako negoziatzaileak nabarmendu du dibortziorako akordioa «arriskuan» egongo dela bestela. DUPentzat, ez du ulertzen «kultura unionista»

Michel Barnier, EBren brexit-erako negoziatzaile burua, atzo, Newryra (Ipar Irlanda) bilera baterako iristen. PAUL MCERLANE / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak brexit-erako trantsizio ituna itxi zuten joan den martxoaren 19an. Ez zuten, ordea, Irlandako mugaz akordiorik egin, eta, hain zuzen, auzi hori ari da korapilatzen, batez ere, bi aldeen arteko negoziazioak. Michel Barnier EBren brexit-erako negoziatzaile buruak mezu argia helarazi dio, berriro, Erresuma Batuko Gobernuari: Irlandako mugak orain arte bezala jarraitu ezean, dibortziorako akordioa «arriskuan» egongo da. EBk proposatu du Ipar Irlandak merkatu eta aduana batasunean segitzea, eta tesi horri eutsi zion atzo Barnierrek, Irlandan. Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin bildu zen, baita Ipar Irlandako hainbat ordezkari politiko, ekonomiko eta sindikalekin ere. Gaur arte egongo da han.

Negoziazioen egutegiari erreparatuz, behintzat, Erresuma Batua EBtik ateratzeko akordioak datorren urrirako egon beharko luke sinatuta. Baina Barnierrek beste data mugarri bat ezarri du, eta hori da ekainaren amaieran Europar Kontseiluak —EBko estatuetako agintari gorenek osatutakoak— egingo duen bilera. Barnierrek atzo Dundalken (Irlandako Errepublika) adierazi zuenez, ordurako «aurrerapen funtsezkoak» gertatuko dira negoziazioetan. «Ipar Irlandari buruzko irtenbide espezifikoek soilik funtzionatuko dute», aurreratu zuen. David Davis Erresuma Baruko brexit-erako ministroaren esanetan, ordea, EBk ekainerako ezarri nahi duena «mugarri artifiziala» da.

Bien bitartean, mugari buruz joan den abenduan bi aldeek adostutakoak jarraitzen du mahai gainean. Horren arabera, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko lankidetza babestuko du Londresek. Horrek esan nahi du muga zurruna saihestea, azpiegitura fisikoak eta kontrolak barne. Alde guztiak bat datoz horretan, beharrezkoa iruditzen baitzaie Ostiral Santuko Akordioari eusteko. Baina muga zurruna saihesteko EBk planteatzen duena da Ipar Irlandak merkatu eta aduana batasunean jarraitzea, eta hori da Londresek onartzen ez duena. Izan ere, brexit-a gauzatuta, aduana batasunetik atera nahi du Erresuma Batuak, bere akordio komertzial propioak garatzeko asmoarekin.

Irlandako Errepublikak EBren jarrera defendatzen du, eta Varadkarrek halaxe jakinarazi zion atzo Barnierri.«Erresuma Batuak negoziaziorako duen ikuspegia aldatu beharra dauka», nabarmendu zuen lehen ministroak. Ipar Irlandako unionistak, bestetik, ez daude inondik inora ere ados. Arlene Foster DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren buruarentzat, EBren negoziatzaileak ez du ulertzen «kultura unionista».«Ulertu beharra dauka Erresuma Batuan jarraitu nahi dugula, eta ez soilik ikuspegi konstituzional eta politiko batetik, baita ikuspegi ekonomikotik ere». Barnierren bisita kritikatu zuen, bestalde, Sinn Feineko ordezkariz «inguratuta» egongo dela pentsatzen baitu. DUPekoak ez dira harekin bilduko, eta, horretarako, argudiatu dute beste hitzordu batzuk dituztela.

DUP rol garrantzitsua jokatzen ari da egun Erresuma Batuan. Izan ere, Theresa May lehen ministroak unionistei esker osatu ahal izan zuen gobernua gutxiengoan, iazko ekainean. Eta brexit-aren harira, etxean bertan ari da sufritzen May. Joan den apirilaren 19an, esaterako, brexit-erako legea tramitatzeko Lorden Ganberan egindako bozketan, gehiengoak aduana batasunean jarraitzearen alde bozkatu zuen. Eta, atzo, gobernuaren irizpideen kontrako beste zuzenketa bat onartu zuten. Horren arabera, parlamentuak edukiko luke brexit-erako akordioari buruzko azken hitza. Halere, Komunen Ganberak atzera bota dezake zuzenketa hori. Alderdi Kontserbadoreak gehiengoa du bertan, baina, brexit-aren harira, tentsioak areagotu egin dira alderdiaren barruan.

Barnierrek presatu egin du May, eta datorren ekainerako mugari buruzko beste proposamen bat aurkeztu dezala eskatu dio, argi utzita, betiere, Irlandaren gaur egungo estatus ekonomikoa mantendu beharko duela. Europako Parlamentua eta Erresuma Batukoa aurtengo urria eta 2019ko martxoa bitartean dira bozkatzekoak brexit-ari buruzko behin betiko akordioa.Erresuma Batua 2019ko martxoan da EBtik ateratzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.