Haserrea lurralde okupatuetan

Suminaren Egunean bost palestinar hil dira, eta dozenaka zauritu.Protestak Jerusalemdik Zisjordaniara eta Gazara zabaldu dira.Josefen hilobia erre dute hainbat gaztek molotov koktelekin

Soldadu israeldar bat labanaz zauritu zuten atzo, Hebrongo Kiriat Arba kolonian. Irudian, soldadua artatzen ari dira; erasotzailea bertan hil zuten. A. AL HASLHAMOUN / EFE.
Ane irazabal
Betleem
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Barealdiak 24 ordu iraun du. Israelgo Gobernuak Jerusalem ekialdeko auzoak itxi ondotik, Zisjordaniara eta Gazara hedatu da haserrea. Lurralde okupatuetako palestinarrek protestak egin dituzte Suminaren Egunean, eta areagotu egin dira erasoak.

Nablusen, Josefen hilobia erre dute hainbat gaztek molotov koktelekin. Gerizim mendixkan dagoen santutegia erromesaldi gune famatua da juduentzat. Alta, bigarren intifadatik PAN Palestinako Aginte Nazionalaren kontrolpean dago, eta erromes eta kolono juduen bisitak koordinatzen ditu Israelgo armadarekin. «Polizia ez da gune santuak babesteko gai, eta guk gure armekin zainduko ditugu», adierazi dio David Ha'ivri Zisjordania iparraldeko kolonoen eledunak BERRIAri.

Nablustik kilometro gutxira, kolono talde batek Burim herrixkan bizi diren nekazari palestinarren ehunka olibondo erre ditu. Oliba biltzeko garaia hasi da, eta, urtero bezala, areagotu egin dira nekazari lurren kontrako erasoak. Haiek ere ez dute Poliziaren babesik jaso. Handik gertu, Beit Furiq herrixkan, gazte palestinar bat hil dute Israelgo soldaduek.

Zisjordania iparraldeak presio eltze bat dirudi, baina hegoaldea ere ez zaio atzean geratzen. Hebrongo Kiriat Arba koloniaren ondoan, gazte palestinar batek labanaz eraso dio soldadu israeldar bati. Militarrak zauri arinak ditu, eta erasotzailea tiroz hil dute. Israelgo armadak zabalduriko irudien arabera, gazte palestinarrak Press (kazetaria) zioen txaleko bat zeraman. Israelek Hamasi egotzi dio erasoa: «Argazkilari baten gisan mozorrotu da, eta Hamasen hurbileko telebista batek grabatu du guztia», adierazi du Israelgo armadak.

Protestak eta hildakoak

Betleemen ere liskarrak izan dira eguerdiko otoitzaren ostean. Aida eta Deishe errefuxiatu eremuetako gazteek harriak bota dizkiote Zisjordaniako harresiko dorre militarrari. Negar gasekin erantzun du armadak. «Jerusalemgo anai-arrebei esan nahi diegu bakarrik ez daudela. Okupazioak ez du irabaziko», adierazi du Mohamed izeneko nerabe batek, gasen ondorioz protesta utzi ondotik. Ramalako Kalandia kontrolgunean ere antzeko liskarrak izan dira, eta manifestazioetan hainbat zauritu dira.

Edonola ere, Polizia palestinarrak indarrez isildu ditu Zisjordaniako protesta gehienak, eta 19 pertsona atxilotu ditu. Mahmud Abbas PANeko presidenteak ez du herri matxinadarik nahi, eta, Israelen indarkeria salatu arren,eutsi egin die segurtasunaren gaineko akordioei.

Gazarentzat, berriz, ostiral beltza izan da. Izan ere, Suminaren Egunean hiru pertsona hil dira bertan. Ehunka gazatarrek protesta egin dute Israelgo mugaren ondoko buffer edo segurtasun eremuan, eta Israelgo armadak benetako balak erabili ditu manifestarien aurka. Axraf al-Kidra Gazako Osasun Departamentuko ofizialak adierazi du biktimetako bat kazetaria dela. Hamas izan da lurralde okupatuetako protestak antolatu dituen mugimenduetako bat, eta intifadatzat jo ditu azken asteetako liskarrak. Mugimendu islamistak protestan jarraitzeko eskatu die Zisjordaniako eta Jerusalemgo palestinarrei, baina, aldi berean, gazatarrei ukatu egin die mugan manifestazioa egitea, eta geratu egin ditu Gazatik Israelera jaurtitako suziriak.

Nazio Batuen deia

Mahmud Abbas eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa mahai berean esertzeko prest agertu dira. Jordaniak eskua luzatu die biei, eta indarkeria amaitzeko konpromiso bikoitza iragarriko dutela adierazi dute PANeko iturri ofizialek.

Azken asteetan biziki tenkatu da bi agintarien arteko harremana. Abbasek Israeli egotzi dio Meskiten Zelaiguneko kontrola juduei pasatu nahi diela. Netanyahuk, berriz, gezurtitzat jo du PANeko presidentea, eta juduen kontrako sentimendua zabaltzea egotzi dio PANi. Biek ala biek, ordea, ez dute hirugarren intifada pizterik nahi, eta elkar ulertzera derrigortuta daude.

Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bilera bat egin du egunotako indarkeriari buruz eztabaidatzeko eta duela hilabete bateko egoerara itzultzeko. Israelek, halere, argi utzi du ez duela Meskiten Zabalguneko kontrola nazioarteko indarren esku utziko. «Nazioartearen esku hartzea ez da lagungarria Meskiten Zelaiguneko egonkortasuna bermatzeko. Azken zazpi hamarkadetako statu quo-a suntsituko luke horrek», esan dio Danny Danon NBEko Israelen enbaxadoreak Haaretz egunkariari. 1967ko gerratik Israelen kontrolpean dago eremua, baina Jordaniako erregeak gidaturiko Waqf fundazio islamikoak kudeatzen du Al-Aksa meskita sakratua. Juduek debekatuta daukate han otoitz egitea, baina, azkenaldian, hainbat talde erradikal barrura sartu dira, eta bertan judaismoaren Hirugarren Tenplua eraikitzeko eskubidea daukatela aldarrikatu dute.

Bestalde, Israelgo Gobernuak harturiko segurtasun neurri berriek biziki beldurtu dituzte Jerusalemgo palestinarrak. Beste ostiral batez, 40 urtetik beherako gizonezkoek ezin izan dute Al-Aksako meskitan otoitz egin. Ekialdeko auzoetara sartu eta irteteko, berriz, kontrolak gogortu ditu Poliziak. Hori guztia, «ordena» berreskuratzeko helburuz. Israeldarrei eraso egiten dieten palestinarren familiek bizitoki baimena galduko dute aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.