Jerusalem ekialdea, itota

Israelgo Gobernuaren «salbuespenezko neurriak» zigor kolektibo bat direla salatu dute palestinarrek.Hamasek eta DFLPk Suminaren Egunera deitu dute

Polizia israeldarrak, Jerusalemgo Al-Amud auzoko sarreran ezarritako kontrolean, atzo, palestinar bat miatzen. ATEF SAFADI / EFE.
Ane irazabal
Jerusalem
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Palestinarrek tentsio giroan eman diote ongietorria urte berri musulmanari. Jerusalemgo alde zaharreko saltoki asko itxita daude egunotan. Beldurragatik edo debekuengatik, saltzaile askok ez dituzte negozioak ireki: «Alde zaharrean lan egiten duten gazte asko Jerusalem ekialdean bizi dira, eta gehienei ez diete utzi beren auzoetatik irteten utzi. Israelgo Gobernuak harturiko salbuespenezko neurriek gure ekonomia suntsituko dute», adierazi du Abudi izeneko ostalariak.

Deitoreen harresiko sarrera baten aurrean dauka jatetxea Abudik. Haren ustez, «arnastezina» da Jerusalemen dagoen giroa: «Arabiarroi zigor kolektibo bat ezarri digute. Juduen kontrako labankada baten lekuko bagara, erasoaren konplizetzat jotzen gaituzte, eta gure saltokiak hainbat egunez ixteko agindua ematen dute», azaldu du gazteak.

Ostalariaren jatetxetik metro gutxira, neska judu bat Deitoreen harresira doa presaka. Sei hilabeteko haurtxo bat dauka altzoan,eta Israelgo bi poliziak eskolta ematen diote. «Edozein momentutan eraso egingo diguten beldur gara, baina ez dugu amore emango. Jerusalem juduona da», nabarmendu du.

Etengabeko paranoia eta mesfidantza giro hori eguneroko bilakatu zaie hiri santuan bizi diren herritarrei. Jerusalemen banaketa, mendebalde eta ekialdearen arteko zatiketa politikotik harago doa. «Alde zaharra da hiri honen bihotza. Hiru erlijiok, kristautasunak, islamak eta judaismoak bat egiten dute, baina azkenaldian kaosa da nagusi. Bizitza jasangaitza egiten ari da», dio Elia izeneko saltzaile armeniarrak.

Tentsioa gora

Izan ere, 41 pertsona —34 palestinar eta zazpi israeldar— hil dira azken bi asteetako indarkeriaren ondorioz. Jerusalemen eta Zisjordania okupatuan biziki tenkatu da egoera, eta inork ez daki zein eragin izango duten Israelgo Gobernuak harturiko azken neurriek. «Ez diot susmo onik hartzen. Ekialdeko auzoetan kontrol militarrak jartzeak, erasotzaileen familiei Jerusalemen bizitzeko baimena kentzeak eta etxeratze agindua ezartzeak gorrotoa oraindik gehiago areagotuko du», nabarmendu du Eliak.

Indarkeria, indarkeriari erantzuteko. Horrek dirudi Israelgo Gobernuaren estrategia. Eta sua gehiago berotzeko, zazpi erasotzaile palestinarren etxeak botatzeko agindua eman zuen atzo, gehienak Jerusalem ekialdeko auzoetan.

Hala, tentsioak ez du baretzeko itxurarik. Isawya auzoan, adibidez, protesta gogorrak izan dira, eta Poliziak zazpi pertsona atxilotu ditu. Haserrea, kontrolguneen beste aldean ezkutatzen da orain. «Nire etxera bueltatu nahi dut, eta sarrera ukatu didate. Bi ordu daramat itxaroten», salatu du Jabal Mukabir auzoko bizilagun batek. Harri blokeek argi erakusten dute hemendik aurrera mugatuta egongo direla Jerusalem ekialdeko bizilagunen mugimenduak.

Edonola ere, haserrearen arrazoiak sakonagoak dira Yasser Haitta ekintzailearen aburuz: «Labanez erasotzen dutenak edo Zisjordanian protestan ari direnak adingabeak dira gehienak. Bigarren Intifada osteko harresia, ustelkeria politikoa eta aukerarik eza pairatu dituzte. Etsipenak jota dagoen belaunaldia da».

Belaunaldi hori, gainera, ez da Mahmud Abbasek zuzendutako PAN Palestinako Aginte Nazionalak ordezkatuta sentitzen. «Abu Mazenen lidergoa kolokan dago. Fataheko gazteek ere ez diote kasurik egiten, batez ere, errefuxiatuen guneetako ordezkariek», nabarmendu du Haittak. Horregatik, Abbasen hitzek ez dute tentsioa arintzeko balio izan. Baina, Haittaren ustez, gazteen haserrea ez da PANera mugatzen: «Nazkatuta daude alderdi eta mugimendu tradizionalekin. Ez dago okupazioaren aurka borroka egiteko erreferentzia izan daitekeen lidergo politikorik». Eta hutsune horrek erlijio gatazkaren mamua piztu du. Hori da, behintzat, Israel zabaltzen ari den mezua.

«Benjamin Netanyahuren gobernuak ez dauka Meskiten Zelaiguneko statu quo-a aldatzeko inolako intentziorik. Abbasek, Hamasek eta Anaia Musulmanek zabaldu dute albiste faltsu hori, israeldarren kontrako sentimendua zabaltzeko. Juduen aurkako nazioarteko kanpaina bat pairatzen ari gara. Mugimendu musulman erradikalak gero eta boteretsuagoak dira Israelgo arabiarren artean», nabarmendu du Yuval Steinitzek, Netanyahuren segurtasun kabineteko arduradunak.

Netanyahu eta Abbas

Jerusalemen «islamizazioa» salatu, eta Israelek Abbas egin du azken erasoen erantzule. Horregatik, Netanyahuren gobernuak ez ditu begi onez ikusi Human Rigths Watch-ek eta John Kerry AEBetako estatu idazkariak egindako adierazpenak, Israel palestinarren aurka «gehiegizko indarkeria» erabiltzen ari dela salatuz. Kerry ondoko egunetan joatekoa da Ekialde Hurbilera.

«Ez dakite ezer egoeraz. Abu Mazen gezurtiaren hitzak sinesten dituzte, gureak sinetsi beharrean», esan du bere izena eman nahi ez duen polizia israeldar batek. Izan ere, Abbasek exekuziotzat jo ditu bi erasotzaile palestinarren aurkako tiroketak, baina bietako bat, 13 urteko Ahmad Manasra gaztea, bizirik dagoela erakutsi du Israelek. Netanyahuk ere gezurtitzat jo du Abbas, baina berarekin berriz ere biltzeko prest dagoela adierazi du. Bi liderrek segurtasunaren gaineko akordioei eutsi diete. «Ez bati ez besteari ez zaie komeni Intifada berri batek eztanda egitea; beraz, atxiloketekin jarraituko dute Jerusalemen eta Zisjordanian», nabarmendu du Haittak.

Bitartean, protestek ez dute etenik Zisjordaniako iheslarien guneetan. Hamasek eta DFLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoak Suminaren Eguna deitu du gaurko, ostiraleko errezoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.