Behin-behineko porrota

Boliviako kontsultako botoen %72 zenbatuta, ezezkoak %56 jasoko luke.Gobernuaren arabera, datuak eskas dira, eta emaitza alda lezakete oraindik

Evo Morales Boliviako presidentea, joan den asteko mitin batean. JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
La Paz
2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ospakizunak goiz hasi zituzten igande arratsaldean Bolivian, «goizegi» Alvaro Garcia Linera presidente ohiaren arabera. Suziriak jaurti zituzten konstituzioaren aldaketaren kontrakoek bozen erdia baino gehixeago baizik ez zelarik zenbatua izan. Lehen datuek ezezkoaren garaipen argia ematen bazuten ere, igande iluntzean Ipsos eta Mori enpresen datuek diferentzia txikiagoarekin ematen zioten garaipena ezezkoari. Atzo, edizio hau ixterako orduan botoen %72 zenbatuta zeudela, %56ko babesa zuen ezezkoak, Hauteskunde Batzordearen arabera.

Ezagutzera eman diren datuek argi uzten dute Evo Morales berriz aurkeztearen kontrako iritzia hiri nagusietan errotu dela. Bederatzi hiri nagusietatik La Pazen, Cochabamban eta Oruron izan ezik, beste guztietan ezezkoak irabazi du, behin-behineko emaitzen arabera. Hiri horietan ezezkoak bozen %60 inguru lortuko luke. Zenbaketa ofiziala bukatzeko, aldiz,landa eremuetako bozak dira eskas, hain zuzen Moralesi sostengu gehien erakutsi izan dioten eskualdeetakoak. Horregatik azpimarratu zuen presidenteordeak emaitza guztiak itxarotea zela egokiena, eta aldaketak egon daitezkeela datozen orenetan.

Hirietan ez

Halere, behin-behineko emaitzak jaso arte itxaroteko deia egin dute. «Benetako berdinketa teknikoa gertatzen ari da» zioen Garcia Linerak igande gauean egin adierazpenetan, zehaztuz «aipatzen den diferentzia 110.000 bat bozkakoa» dela. «Hobe da karra gordetzea, eta pazientziaz emaitzen zain gelditzea» esan zuen, baita oposizioari zuzenka gehitu ere: «Ospakizun behartua negarra bihur daiteke». Oposizioko kideen artean ospakizunak egin baitziren, jende askorekin gainera, bereziki hiri nagusietako karriketan. Emaitza ofizialak ezagutu gabe ere, hedabide gehienek ziurtzat jo zuten ezezkoaren garaipena.

Moralesek galdu duen sostenguaren sinboloetarik bat bilaka daiteke Potosi, behin-behineko emaitzak berretsiko balira. 2005eko hauteskundeetan emaitzarik onena bertan lortu bazuen ere, igandean bozkatu zutenen %14k soilik egin zuten Morales berriz aurkeztearen alde. Hirietan, oro har, boz emaileen %54,6 zenbatzen da, eta, ondorioz, hirietako sostenguaren parte bat galdu izana islatzen du erreferendumak.

Nahiz eta bi sufragioak konparaezinak diren, 2014ko lehendakaritzako hauteskundeetatik hainbat eskualde galdu zituen Moralesek igandean. Santa Cruz, Tarija eta Beni departamentuetan lehen sailkatu zuten orduan, eta igandean ezezkoak irabazi zuen nabarmen eskualde horietan. Ofizialki zenbatu gabeak zeuden landa eskualdeetan, berriz, ez dirudi sostengurik galdu duenik.

Zenbakiekin borrokan

Hedabide gehienek ezezkoa irabazletzat jotzen dute jadanik, zenbaketa ofizialak bukatu gabeak direnean. Gobernuak, aldiz, «emaitza onartuko» duela dio Moralesen ahotik, baina zain egon behar dela erraten aritu zen atzo behin eta berriz. Zenbaketa ofizialean eskas diren bozkak eskualde «antinperialistetakoak» direla erran zuen Evo Moralesek. Boliviatik kanpo bizi diren herritarren bozkak ere zenbatzekoak dira oraindik, nahiz eta herrialde batzuetatik emaitzak iritsi diren. Hala, Brasil eta Argentinan baiezkoak irabazi luke.

Oposizioak, berriz, garaipena ziurtzat jo eta Moralesi emaitza onartzea galdetu zion igandean. Samuel Doria Medina enpresaria eta oposizioko UN (Batasun Nazionala) alderdiko bozeramaileak hala galdetu zion presidenteari: «Onar dezala emaitza, eta segi dezala lan egiten falta zaizkion lau urteetan; boliviarrentzat batasunaren tenorea da, ez mendekuarena, herriak hartu duen delibero hau umiltasunez eta baikortasunez hartu behar dugu».

2019an eginen diren hauteskunde nagusietarako eskema aldatuko litzateke erreferendumeko lehen emaitzak konfirmatuko balira. Iaz lehertu zen ustelkeria kasuak eta azken hilabeteetako polemikak —Evo Moralesi influentzia-trafiko kasu bati lotuta izatea egotzi zioten— eragina ukan zuten, dudarik gabe, igandeko erreferendumean. Baina oposizioko hiru aurpegi nabarmenenak, Samuel Doria Medina (UN), Tuto Quiroga presidente ohia eta Santa Cruzeko gobernadore den Ruben Costa zatituak dira, inork ez baitu balizko oposizioko batasun baten lider izatea lortu.

Moralesek, berriz, ezezkoak irabazirik ere prozesuak segituko duela oroitarazi zuen atzo, hedabideen aitzinean. Agintaldia bukatzeko urteak gelditzen dira batetik, eta, bestetik, 2009ko hauteskundeetan bere alderdiko (MAS) hautagai batek irabaz lezake. Alde horretatik, atzoko agerraldian ziurtatu zuen boliviar guztien onerako inbertsioak azeleratuko dituztela ondoko urteetan.

Aurreko egun eta asteetan bezala, berriz ere «gerra zikina» salatu zuen Moralesek astelehenean. «Sare sozialen bidez» AEBek gerra zikina egin izana salatu zuen, eta bere ustez horrek eragina ukan zuen igandeko emaitzetan. Oposizioko kideak zaku berean sartu zituen: «Proposamenik ez daukatenez, gerra zikinean sartzen dira, nazioarteko hedabideen bitartez interes sektorialak edo kanpoko interesak defendatuz».

Nahiz eta Bolivian ezin den aldaketarik aipatu erreferendumaren behin-behineko emaitzei begira, Latinoamerikako ezkerreko mugimenduentzat bada beste porrot bat —behin-behineko emaitza berretsiko balira—. Chavismoak Venezuelako hauteskunde parlamentarioak galdu ondotik, eta Argentinako lehendakaritzarakoak eskuinak irabazirik, Boliviako erreferenduma ildo beretik doala interpreta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.