Emakumeen eskubideek, aurrera

Ben Aliren diktadura bukatu eta sei urtera, Tunisian aukeratutako lehen parlamentuak genero indarkeriaren aurkako lege integral bat onartu du. Aitzindaria da mundu arabiar-islamikoan. Aurrerapauso handiak bildu ditu testuak.

Ricard Gonzalez.
Tunis
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Tunisiako elkarte feministek lehentasun argi bat zuten 1993tik: lege berri bat onartzea, emakumeen kontrako indarkeria zorrozki zigortu eta estatua behartuko zuena biktimak aterpetu eta laguntzera. Ben Aliren diktadurak ez zituen sekula haien eskaerak entzun, nahiz eta emakumeen egoera erabili Mendebaldeko herrialdeen babesa lortzeko, eskualdeko herrialdeetan baino eskubide gehiago emanda. Tiranoa erori eta sei urtera, konstituzio demokratiko berriaren babespean Tunisian aukeratutako lehen parlamentuak genero indarkeriaren aurkako lege integral bat onartu du, mundu arabiar-islamikoan aitzindaria. Tunisia ari da berriro bidea irekitzen, eta duela bi aste bertan erlijioen arteko ezkontza baimendu zien emakumezko tunisiarrei.

«Oso pozik gaude. Aurrerapauso handia da indarkeria guztiak zigortzen dituen lege bat izatea», azaldu du Monia Ben Jamaik. AFTD Tunisiako Emakume Demokraten Elkarteko presidentea da. «Zirriborroak zenbait kontraesan ditu zigor arloan, baina aurrerago saiatuko gara hori konpontzen». 2010ean egindako ikerketa baten arabera, Tunisiako emakumeen erdiek eraso fisikoak jasan dituzte. Gehienetan, erasotzailea familiako kide bat da, edo bikotekidea bera.

«Garai zirraragarria da, eta harro gaude Tunisiaz, egitasmo historiko baten inguruan bildu ahal izan garelako», adierazi zuen Naziha Laabidi Emakumeen Gaietarako ministroak. Hainbat esparrutako aurrerapauso handiak jaso dituzte testuan. Berritasun nabarmenenei dagokienez, adibidez, Zigor Kodetik kendu egin dute 227 bis artikulu lotsagarria; artikulu horren arabera, adingabe bat bortxatzen zuenak ez zuen espetxe zigorrik bete behar, biktimarekin ezkonduz gero. Duela bi aste, heldutasun sexualaren gaiak eztabaida luzea piztu zuen hemizikloan. Orain arteko legearen arabera, 13 urterekin hasten da heldutasun sexuala, eta, azkenean, 18 urte bete arte atzeratu dute.

Beste aurrerapauso handi bat da sexu jazarpena delitutzat jotzea. Berriki egindako ikerketa baten arabera, emakumeen %53k sexu eraso fisiko bat jasan dute toki publikoetan, eta %78k, hitzezko eraso bat. «Ez dut erabiltzen garraio publikoa puntako orduan, ez eta gona edo arropa estua jantzi badut ere, ukituak egitea errazten baitu. Etengabeak dira iruzkinak eta begirada lizunak, eta inoiz masturbatu ere egiten dira zure parean», azaldu du unibertsitate ikasle batek, Yosra M'Barek.

Talde feminista laikoek, ATFDk adibidez, funtsezko eginkizuna bete dute mugarri historiko hori lortzen. Ennahda alderdi islamistako emakumeen belaunaldi berria izan dute ustekabeko aliatu; haiek ere konprometitu dira emakumeen eskubideak hedatzen. Haien ordezkaririk mediatikoenetako bat Saida Unissi da, Lanbide Heziketako estatu idazkaria: «Tunisiako emakumeentzat oso garrantzitsua da lege hau, eta gure alderdiko buruak konbentzitu genituelako onartu ahal izan zen». Nida Tunis alderdi laikoak irabazi zituen 2014ko hauteskundeak, eta hangoa da herrialdeko presidentea, baina, alderdi horren zatiketaren ondoren, Ennahda da Ordezkarien Asanblean diputatu gehien duen alderdia.

Ennahdak 2011ko lehen hauteskunde libreak irabazi zituen, eta haren gorakadak egia bihurtu zituen talde feminista laikoen izu-ikarak. Mugimendu islamista gobernuan izan zen 2013ra arte, eta hango hainbat sektorek ontzat jotzen zuten atzera egitea diktaduran emakumeei emandako eskubideetan. Baina gizarte zibila kalean mobilizatu zen, eta lortu zuen konstituzioak «emakumeen eta gizonen eskubideen berdintasuna» ezartzea.

Guduak alderdien barruan

Estatu idazkari berria ez dago ados interpretazio horrekin: «Bada eskema bat dioena ezkerrak emakumeen eskubideak babesten dituela eta islamismoak ukatu, eta hori hautsi nahi dut. Hemen ia alderdi guztiak dira kontserbadoreak. Hasieran, ezkerreko alderdi asko genero indarkeriaren aurkako legearen kontra zeuden. Adibidez, Haraka al-Xaabeko nazionalista arabiarrek esan zuten familiaren oinarriak suntsituko zituela eta homosexualen arteko ezkontzaren bidea irekiko zuela!», dio politikari gazteak. Uste du egiazko gudua ez dela alderdien artekoa, horien barrukoa baizik. Izan ere, joan den udako Ennahdaren kongresuan, moderatuek irabazi zuten; haiek irekiagoak dira aldarrikapen feministak sartzeari dagokionez.

Eraso matxisten kontrako legeari beste mugarri historiko batek eman dio jarraipena: emakumezko musulmanei erlijioen arteko ezkontza onartzea. Orain arte, gizonezkoei zegokien eskubidea zen hori. Hala, ezkontza zibilen baliotasuna guztiz aitortzen duen estatu arabiar bakarra da Tunisia.

Joan den abuztuan ere polemika handia eragin zuen Essebsi presidenteak iragarritako beste ekinbide batek. Sexuen arteko berdintasuna lortu nahi dute herentziari dagokionez ere—azterketa fasean dago proposamena—.

Presidentearen apustuak hauteskunde kutsu handia du, tokiko bozen kanpainaurrean egin baitu. Haren alderdiak, Nida Tunisek, Ennahdatik bereizi nahi du, gobernu nazionalean aliatu deserosoa baitu hura. Nolanahi ere, argi dago demokrazia iritsi eta erakundeetan islamismoa sartu izanak ez duela atzeratu Tunisiako emakumeen egoera, aurkakoa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.