Karerik gabeko Aresti

Pisu nabarmena izan du aurten Eako Poesia Egunetan Gabriel Arestik.Haren literatura lanetan ageri den genero eraikuntza aztertuko dute gaur

Joseba Irazoki musikariaren laguntzarekin, Mariluz Esteban, Mikel Etxaburu, Luis Garde, Jule Goikoetxea eta Felipe Juaristi idazleek poesia errezitala egin zuten, atzo arratsaldean, Ean. Xabier Mendigurenek aurkeztu zuen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Ea
2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Mitoen garaia amaitu da». Karmelo Landarena da esaldia. EHUko literatura irakaslea da bera eta baita Gabriel Arestiren lanaren ikertzaile nagusietariko bat ere, eta, hain zuzen ere, Arestiri buruz ari da mitoen sasoia amaitu dela esaten duenean. Ez da ikonoklasia ariketa hutsa, ordea, erreskate saio bat baizik. Haren figura omentzeko jarri zituzten abian Eako Poesia Egunak orain 11 urte, eta haren figura omentzea da orain ere asmoa. Landak berak eta Laura Mintegik hari buruz eskainitako hitzaldi batekin hasi zen ostiralean aurtengo aldia, eta hari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute gaur ere. Eraikitzen jarraitu ahal izateko eraitsi beharrekoaz mintzo da Landa. «Oso momentu ona da mitomaniak hausteko, eta Euskal Herrian eraiki diren mitomania batzuk ari dira deseraikitzen. Estatuei karea eta pintura kentzeko une egokia da, eta autore horiek beren benetako ertzekin eta beren benetako dimentsioan erakustekoa. Beren mesederako da hori. Arestiren alderik eraginkorrena ari gara berreskuratzen hemen. Deseraikitze hori osasun seinale bat da».

50 urte dira aurten Arestik Harri eta herri argitaratu zuenetik, eta garrantzi berezia eman nahi izan diote horregatik antolatzaileek idazleari. «Inoiz ez bezalako presentzia izan du oraingoan», zehaztu du Castillo Suarez idazleak. Badira bost urte Eako Poesia Egunak antolatzen laguntzen dabilela eta, dioenez, pisu berezia izan du Bilboko idazleak aurten. «Beste aldietan beti izan da Arestiri egindako keinuren bat, baina aurten bi hitzaldi antolatu ditugu hari buruz, eta Gabrielen Lekua sentikaria ere izan dugu [ostiralean]. Gainera, orain arte ohikoa izan den arren, aurtengoan ez da izan kanpoko idazle gonbidaturik, eta horregatik uste dut esan daitekeela Aresti izan dela gonbidatua».

Nabarmena da, halere, Landak aipatutako desmitifikazio saioa. Karerik gabeko Aresti azaldu nahi izan dute antolatzaileek eta horregatik eskatu dute genero ikuspegitik egindako kritika bat. Gaur eskainiko dute Arestiren imajinario poetikoa eta genero-raikuntzak hitzaldia Danele Sarriugarte itzultzaile, idazle eta Elearazi webguneko kideak eta Iratxe Retolaza literatura irakasle eta kritikariak. «50 urteren ondoren gauza batzuk kritikatu behar dira, idazlea ez jainkotzeko». Eta Arestiren genero ikuspegia da zehazki haiek kritikatuko dutena, Sarriugartek azaldutakoaren arabera. Talkan irudikatu ditu Arestik sortutako hizkuntza eredua eta bere testuetan ageri den emakume eredua. «Arestik egin zuen hizkuntza garbiaren kontra, baina emakume garbiaren alde». Eta jarri du adibiderik ere itzultzaileak: idazleak puten inguruan idatzitakoak, adibidez.

Ez du horrek esan nahi erreskatagarria den Arestirik ez dagoenik. Kontrara. Sarriugarteren ustez balio handikoa da Arestiren ekarpena. «Gaur egungo egoera ekonomikoarekin badaude oso erreskatagarriak diren gauzak, eta beste gauza batzuei ez zaie halako garrantzirik eman. Nire ustez, oso interesgarria da, adibidez, Arestik nola apurtzen duen euskal arrazaren ideiarekin».

Ez da Aresti, ordea, aurtengo protagonista bakarra. Joseba Sarrionandiaren literaturaz hitzaldia eskaini zuen, esaterako, Eider Rodriguezek atzo goizean. Iurretakoaren lanetan itsasoak duen sinbologiaz aritu zen ikerlaria: Sarrionandiaren testuen kritiketan Sarrionandiaren biografiak duen zamaz, itsasoaren irudiak atzean duen borroka armatuari buruzko gogoetaz eta idazleak esaten duenaren eta esan ezin duenaren arteko tentsioaz. Itsasoa da bide bakarra izendatu zuen saioa. Eta une batez, eskutik joan zirenRodriguezen azalpenak eta leihotik sartutako herriko saltzailearen abisua. «Albaricoques, melocotones, naftalinas! [Sic]». Hizlaria, isildu, eta entzuleek, barre.

Kopiagarria zen idazlea

Koldo Izagirrek ere egin zion aipamen bat Arestiri. Bere azken poema liburuko testuak irakurri zituen Izagirrek herriko talan. Parisen bizi naiz bildumakoak, alegia. Eta literaturari buruzko gogoetak tartekatu zituen poema eta poema artean. Eta hor Arestiri buruzkoa. «Irakurle gara idazleok. Edo, behintzat, irakurle izan gara idazle batzuk, ze urtero sortzen dira espezie berriak eta akaso orain egongo da irakurtzen ez duen idazlerik ere; baina gu hala hasi ginen idazten. Irakurtzen genuelako. Irakurtzen genuena kopiatzen eta. Horregatik izan zen Aresti hain garrantzitsua belaunaldi batentzat. Kopiagarria zelako, eta hura irakurriz zera pentsatzen zenuelako: 'ni ere banaiz halako zerbait egiteko gauza'».

Bost poeta eta musikari bat batu zituzten arratsaldean. Joseba Irazokiren musikaren laguntzaz irakurri zituzten beren testuak Mikel Etxaburuk, Mari Luz Estebanek, Jule Goikoetxeak, Luis Gardek eta Felipe Juaristik. Etxepare RAP emanaldia eskaini zuen arratsaldean Imanol Epeldek, Mu-To: Txinaraino tunel bat zulatu dantza ikuskizuna jokatu zuen Laida Azkonak, eta zuzeneko saioa eskaini zuen Irazokik, azkenik.

Gaur goizean Eskolondon eskainiko dute Arestiri buruzko hitzaldia Sarriugartek eta Retolazak, Bide Ertzean taldekoek saioa egingo dute eguerdian, etaherri bazkariaren ostean, Hondakindegia poesia errezitala izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.