Literatura, klik batean

Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du liburu digitalak mailegatzeko sistema.Urte bukaeran 3.000 titulu baino gehiago edukiko ditu eLiburutegiaren katalogoak

1.500 liburu inguru daude maileguan hartzeko moduan eLiburutegia zerbitzuaren bidez; horietatik 129 dira euskarazkoak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Liburu digitalen mailegu zerbitzuak ez du leku fisiko baten beharrik, baina bai liburuzainena, haiek aukeratzen baitituzte tituluak. Liburuetatik gertuen daudenak dira», adierazi zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atzo, Gasteizko Ibaiondo liburutegian egindako aurkezpenean. Abian da eLiburutegia, Euskadiko liburutegi digitala. EAEko liburutegien erabiltzaileek liburu digitalak mailegatu ahal izango dituzte, doan. Horretarako, Jaurlaritzak propio sortu duen plataforman sartu beharko dute: www.euskadi.net/eliburutegia.

Egun, 1.500 titulu inguru daude eLiburutegian. Baina Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak aurreikusi du urte bukaerarako 3.000 egongo direla. «Urtea bukatu arte, astean hirurehun titulu igoko ditugu». Jaurlaritzak Euskal Herriko eta Espainiako hainbat argitaletxerekin egin du akordioa. EAEko liburuzainek aukeratuko dituzte plataforma digitalera igo beharreko lanak. «Lau hankako» proiektu gisa definitu du liburutegi digitala Uriartek: «Liburuzainek, Eusko Jaurlaritzak, argitaletxeek eta irakurleek parte hartzen dute proiektuan. Hala ere, irakurleak dira garrantzitsuenak: haiek emango diote zentzua proiektuari, zuzenketak eta aldaketak proposatuko baitituzte».

Maileguak 21 egunekoak izango dira, eta irakurleek bi modutara eskuratu ahal izango dituzte liburuak: deskargatuta eta streaming bidez. «Lehenengo kasuan, erabiltzaileek edozein unetan irakurri ahal izango dute aukeratutako liburua. Streaming bidez, ordea, beharrezkoa izango da Interneterako konexioa», esan du Francisca Pulgar Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuen arduradunak. Mailegua bukatzeko bost egun falta direla, irakurleek ohar bat jasoko dute. Hala ere, liburua itzultzeko ez dute ezer egin beharko, liburutegi digitalak berak berreskuratuko baitu.

Liburuak deskargatzeko aukera egongo da ordenagailuetan, smartphone-etan, liburu irakurgailuetan eta tabletetan. Liburuak bilatzeko, idazlearen izena edo lanaren izenburua jarri beharko dira bilatzailean. Norberak ez badakizki datu horiek, badaude liburuak sailkatzeko 35 termino. «Saskibaloia jartzen baduzu, kiroletara eramango zaitu. Oraindik garatzeko dago hori, baina ez dugu garatuko liburu guztiak igo arte», azaldu du Muñozek. Liburua aukeratzean, azala eta sinopsia agertuko dira. Etorkizunean lanaren zati bat ere eskegitzeko asmoa dute kudeatzaileek.

Plataforma digitalera jotzen dutenek NA zenbakia eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaile pasahitza sartu beharko dituzte. Pasahitza gogoratzen ez dutenek euren liburutegian galdetu baino ez dute egin behar. «Guztiok dugu pasahitza. Baina, orain arte Internet bidez eskaintzen ziren zerbitzuak horren urriak zirenez, askok ahaztua izango dute», esan du sailburuordeak. Donostia, Bilbo eta Santurtziko (Bizkaia) liburutegiak ez daude Irakurketa Publikoko Sarean. Hango erabiltzaileek 2015era arte itxaron beharko dute plataforma berrian sartzeko.

Liburuzainek aukeratuko dituzte eLiburutegira igo beharreko lanak. Hasteko, kudeatzaileek jakingo dute zeintzuk diren deskarga gehien duten lanak. Horrekin batera, plataforman bertan sare sozialetarako loturak daude. «Irakurleek irakurri dutenari buruzko iritzia jarri ahal izango dute sare sozialetan. Hori interesgarria da guretzat, baina baita argitaletxeentzat ere», dio Pulgarreek.

Horrez gain, teknologiarekin arazoak dituztenei liburutegietara jotzeko deia egin die Muñozek. «Edozein arazo duenak liburutegietara jo dezake laguntza eske». Beraz, nahi duenak eskura ditu euskal literaturako lanik garrantzitsuenak Interneten, modu seguruan eta doan. Literatura klik batera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.