Zein aulkitatik idazten den

'Demagun ehun urte barru' argitaratu dute, Donostia 2016k Anjel Lertxundiri emaniko 'Karta zuria'-ren emaitzarekin. Sei idazle eta itzultzaile hizkuntza gutxituetan aritzen direnen aulkian eserarazi dituzte

Lertxundi eta Cano idazleak EIZIEko lehendakariorde Amaia Apalauzarekin eta Donostia 2016ko ordezkari Xabi Payarekin, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zenbateraino eragiten dio hizkuntzaren egoerak idazleari? Zer esan nahiko luke ama hizkuntza hegemonikoa duten idazleentzat bizirik irauteko kezkarekin bizi den hizkuntza batean idazteak? Donostia 2016k Karta zuria eman zionean, galdera horien inguruan hausnarrean hasi zen Anjel Lertxundi idazlea, eta praktikara eramatea erabaki zuen. Hiruna idazle eta itzultzaileri eskatu zien jartzeko hizkuntza gutxitu batean ari diren idazleen larruan, aldatzeko euren ohiko aulkia. Jardunaldiak egin zituzten, eta hor hausnartutakoak bildu dituzte orain Demagun ehun urte barru liburuan (EIZIE).

Ariketaren nondik norakoak azaltzeko, pasadizo bat jarri du adibide. Frankismo garaian, inprentetan, garestiago kobratzen zituzten liburuak itzulpenak baldin baziren: «Hara non, Euskal Herrian, Donostian zeuden inprentetan kanon hori aplikatzen zioten hizkuntza arrotz moduan euskarari ere». Bazegoen salbuespen bat: Itxaropena argitaletxeak gaztelaniazko liburuen pare kobratzen zituen euskarazkoak ere, hemengo hizkuntza baitzen. «Hura zen euskara arrotz gisa tratatzen ez zuena, baizik eta hemengoa kontsideratzen zuena. Inportantea iruditzen zait sinbolo gisa azpimarratzea».

Izan ere, jabetu zen abiapuntu desberdina dutela idazle batzuek eta besteek, erabiltzen duten hizkuntzaren arabera: «Ni neu abiatzen naiz hizkuntza baztertu baten puntutik». Hala, Karta zuria baliatu zuen hizkuntza hegemoniko batetik ari diren idazleek alderantzizko bidea egin zezaten: «Jakin nahi nuen posible ote zen hainbat jende ezagun hurbiltzea arroztasun horretara, guk sentitu izan dugun arroztasun horretara, eta arroztasun horretatik ea kapaz izango ziren gure larruan jarrita hausnarketa bat egiteko». Zertarako, eta jakiteko hizkuntza gutxitu batek «zer pintatzen duen» globalizazioaren aroan.

Sei idazle eta itzultzailek onartu zuten Lertxundiren erronka: Javier Cercasek, Marie Darrieusseqek, Raul Zelikek, Adan Kovacsicsek, Miguel Saenzek eta Karlos Cidek. Ohiko ikuspuntutik mugitu, eta beste batetik idazteko eskatu zien, beste aulki batean eseri eta handik mintzatzeko. «Hara non disidentziarik handiena ez den izaten politikoa, baizik eta kulturala: kulturako pertsonei disidentzia eskatzen zaie, beste pertsonen larruan jartzea, eta pentsatzea: 'baldin eta ni banintz halako, nola pentsatzen dut jokatuko nukeela zirkunstantzia horietan'».

Esertzeko erak eta erak

Partaideak aulki horietan eseri diren modua da Lertxundirentzat garrantzitsuena. «Ez dira modu berean eseri, baizik eta modu ugari batean, modu desberdin batean, eta egiten dituzten hausnarketak ere desberdinak dira: oso-oso desberdinak dira sei testuen idazkuntza, tonua eta, batez ere, helburu genuena, edukia».

Zelik, esaterako, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua alemanierara itzuli nahi duen autore baten azalean jarri da: harengana bidaiatzen du liburuan —Zelikek berak itzuli zuenez nobela hori alemanierara, Lertxundik nabarmendu du ezin dela jakin zenbat duen kontakizun horrek fikziotik eta zenbat errealitatetik—. Darrieusseqek azaltzen du frankofoniatik idazten duela, eta idazten duenean bere identitate arazoarekin idazten duela: euskaldun jatorrikoa da, haren aurrekoek euskaraz egiten dute, baina berak ez —nahiz gerora ikasi duen—. Frantsesaren etorkizunarekin kezkatuta dagoela ere adierazi du.

Partaideen ekarpenak kontuan hartuta, disidentziaren aldeko aldarria egin du Lertxundik: «Erreibindikazio bat egin nahi nuke kulturaren, literaturaren eta itzulpenaren planteamendu disidente baten alde: disidentzia hori ulertuta, betiere, bestearen aulkian jartzearen aldeko jarreraren alde. Eta bestearen alde jartzekotan, nahiago arazo gehien dituzten hizkuntzen alde jarri».

Donostia 2016k «faborea» egin zion Lertxundiri, haren esanetan. XX. mendean bizi izan zen zientzialari baten istorioa kontatu du, azaltzeko: burua galtzen hasi zenean, bere buruari gutunak idazteari ekin zion. «Konturatu naiz, pitzatu samar zegoen hark bezala, liburu hau eskaintzeaz aparte, nik neuk jaso dudala nik idatzitako gutuna».

Karta zuria-ren jardunaldietan «lekuko isila» izatea egokitu zitzaion Harkaitz Canori, eta entzundakoak bere ikuspuntuarekin elkartuta, hausnarketa bat egin du libururako. Hizkuntza gutxituetan aritzen diren idazleen existentzialismorako joera azpimarratu du: «Etengabe pentsatzen dugu hizkuntzari buruz eta gure existentziaren zalantzaz, halabeharrez».

Hausnarketa horietako bat aipatu du: «Hizkuntzari buruz ari garenean, botereaz ari gara». Bi adibide jarri ditu gogoeta horri eusteko. Brexit-aren ostean, ingelesak «pisua galdu» duelakoan, ingelesez hasitako hitzaldi bat frantsesez amaitu zuen Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, ironikoki. Beste adibidea da kupoaren auzian EAJ eta PP ados jarri diren honetan, Alfonso Alonsok jeltzaleei egindako ohartarazpena: euskara «lasai» batean hitz egin bitartean, dena ondo joango zela esan zuen; ordea, arazoak izango zirela euskara «azentu katalanarekin» hitz egiten hasiz gero. «Zertaz ari gara? Orain ere, hizkuntza ez den zerbait adierazteko edo zerbaitekin borrokatzeko erabiltzen da hizkuntza; irudizen zait hori dena oso presente dagoela liburuan».

Liburua Tabakaleran, Kutxa Fundazioaren Ruiz Balerdi aretoan, aurkeztuko dute gaur, 18:30ean, Lertxundik eta Canok, Xabier Olarra eta Koro Navarro itzultzaileak ondoan dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.