Oteizaren zerrendakoak

Danok taldea sortzeko Nafarroan izan zen saioa du oinarri 'Danok taldea. 1966-1967. Modernitate osatugabea' erakusketak. Nafarroako Museoan dago ikusgai

Danok taldeko kide izatekoak ziren artisten lanak daude ikusgai erakusketan, baita Arabako Orain eta Bizkaiko Emen taldeko hainbatenak ere. J. MANTEROLA / FOKU.
Naiara Elola.
Iruñea
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Artearen abangoardian kokatzen ziren Nafarroako artistak talde berean batzeko saialdi bat izan zen 1960ko hamarkada erdialdean. Sustatzaileen artean, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bezala, Jorge Oteiza artista zegoen, beste hainbaten artean. Talde hori osa zezaketen Nafarroako artistak zerrenda batean izendatu zituen sortzaileak. Taldearen izena ere pentsatua zuen: Danok. Egitasmoa abiatzeko lehen bilera 1966ko udaberrian edo udan egin zuten, Iruñeko Gazteluko plazan dagoen Iruña kafetegian. Desadostasunak tarteko, ez zuten lortu taldea sortzea, eta Oteizaren ahalegina ezerezean gelditu zen. Saiakera hori da Nafarroako Museoan dagoen Danok taldea. 1966-1967. Modernitate osatugabea erakusketaren funtsa.

Egun arteak Euskal Herrian duen testuinguruarekin ez zuen ezer ikustekorik 1960ko hamarkadako panoramak. Abangoardien bidean emandako aurrerapausoak eten egin ziren 1936ko gerraren ondotik. Hain zuzen ere, gudak hautsi zuena berriz abiatzeko, abangoardian oinarritutako taldeak eratu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bide horri jarraituz hasi zen batez ere Oteiza Danok taldea sortzeko ahaleginetan. Euskal Eskola sortzeko bidean beste pauso bat zen.

Javier Baldaren ekimenez osatu dute Danok taldea. 1966-1967. Modernitate osatugabea erakusketa Nafarroako Museoan. Orain dela bi urte Gaur taldearen inguruko erakusketa bat zabaldu zuten Donostian, eta Emen taldeko hainbat kideren lanak ere erakutsi dituzte azkenaldian Bilbon. Horien ondotik, Nafarroan ere zerbait egitea otu zitzaion Baldari, askorentzat ezezaguna zen Danok taldearen inguruan. «Danok taldeak porrot egin arren, saiakera bat izan zen, eta horrekin zerbait egitea ezinbestekoa zela iruditzen zitzaidan».

Bildutako dokumentazioaren bitartez deskribatzen den errealitatea birsortu egin du Baldak Iruñean. Nafarroako Museoko behin-behineko erakusketen aretoan sartu orduko topo egiten du bisitariak 1960ko hamarkadako testuinguruarekin. Oteizaren testu bat dago horma batean zintzilik. Bertan, besteak beste, Nafarroako artisten zerrenda bat dago: «Jose Uribarrena, Isabel Baquedano, Julian Martin-Caro, Jose Maria Ascunce, Gloria Ferrer, Xabier Morras [...]», irakur daiteke. Zerrenda hori hamazazpi artistak osatzen zuten, eta horien lanak batu dituzte erakusketa aretoaren eskuinaldean.

Gainontzeko lurraldeekin alderatuta, testuinguru artistikoari dagokionez Nafarroa «atzeratuago» zegoen, Baldaren iritziz. Gainera, herrialdeko artista multzoa Gipuzkoakoa baino «hetereogeneoagoa» zela uste du. «Testuinguru tradizionalagoa zegoen hedatua Nafarroan, eta horren isla agerikoagoa da Danok taldeko kide izateko zerrendako artisten artelanak aztertuta. Hori zen errealitatea».

Zerrendatutako artisten artean ageri denetako bat da Pedro Oses. Harena da erakusketako lehenengo lana. 1968ko maiatza seriekoa da. Argazki baten itxura du; garaiko egunkarietako albisteak ilustratzeko argazkia iduri du, bere zehaztasunagatik, batez ere. Baina ez da argazki bat, olioz pintatutako koadro bat baizik. Bi gizonezko daude lurrean etzanda, kikilduta. Zutik polizia bat dago, eskuetan duen borrarekin bi gizonezkoetako bat jotzeko imintzioa eginez.

Osesen lanaren ondoan dago Juan Miguel Etxeberriaren Naturaren haria deituriko koadroa. Ama Birjina baten irudia dago erdigunean, eta besoetan dauka sortu berria dirudien haurra. Osesen koadroan ez bezala, agerikoa da lanaren kutsu erlijiosoa, artistak erabiltzen duen sinbologiagatik, batez ere. Esaterako, San Ferminen irudia koadroaren albo batean kokatu zuen artistak. Aurreko lanarekin antzekotasunak bilatzea zaila da oso.

Iruña kafetegian 1966ko udaberrian edo udan egindako bilera haren ondotik beste batzuk izan ziren arren, ezerezean gelditu zenekinbidea. Taldea sortzeko adierazpen bateratua adostea ere ez zuten lortu. Horregatik esaten da taldea ez zela inoiz sortu. «Ika-mikak izan ziren Gasteizen, Bizkaiko eta Arabako artisten artean. Bakoitzak interes estetiko eta politiko ezberdinak zituen», dio Baldak. Gaiztotuta zegoen giroak Iruñean ere eragina izan zuen. Egoera ezberdinak bizi zituzten artistak elkartu nahi izan zituen Oteizak, eta horregatik egin zuen porrot, Baldaren iritziz.

Ezustekoak bidean

Nafarroako Museoaren artelanen funtsean 50 urtean «ahaztuta» egon ziren bederatzi artelan topatu zituen Javier Zubiaurrek, Museoko zuzendari izan zenak. Arabako Orain eta Bizkaiko Emen taldeetako kide izan ziren hainbat artisten lanak zeuden. «Uste da, Danok taldea sortzean, Nafarroako Museoan Arabako eta Bizkaiko artisten lanekin erakusketa bat egin nahi zela. Proiektuak porrot egin zuenez, bertan behera gelditu zen egitekotan ziren erakusketa hori», azaldu du Baldak. Hala, garaia kokatzeko kartelak eta materialak dauden txokoaren parean, ia mende erdiz museoko biltegian ahaztuta egon diren artelanak jarri dituzte ikusgai, tartean Carmelo Ortiz de Elgea, Maria Dapena eta Gabriel Ramosenak. Artista nafarren lanekin alderatuta, bistakoa da haiek sorkuntzaz duten ikuspegia «aurreratuagoa» dela. Batez ere, erabiltzen dituzten euskarri eta baliabideak «askoz ere aurreratuagoak direlako», Baldaren esanetan.

Erakusketa heldu den maiatzaren 27ra bitarte bisitatu ahal izango da. Datozen asteetan, ekinbidearekin zerikusia duten hainbat ekitaldi izango dira. Apirilaren 17an, esaterako, Euskal Eskolako taldeak, abangoardia berantiar baten asmakizuna hitzaldia emango du Fernando Galvano arte komisarioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.