Sanferminak Iruñean

Txikienentzat ere, besta handiak

Iruñeko haurrek euren eguna ospatu dute; San Fermin santuari lore eskaintza egin diote San Lorenzo elizako kanpoko aldeanErraldoien Konpartsaren atzetik ibiltzen dira umeak egunero, kilikiekin gozatzen

Santu beltzarana hurbiletik ikusteko aukera izan zuten atzo Iruñeko umeek, haien eguna zela baliatuta. JAGOBA MANTEROLA  / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gaueko parranda hurrengo egunera arte luzatzen dute iruindar anitzek, baina sanferminetan, hagitz bertzelakoa da goiz parteko eta ilunabarreko giroa. Egunez, haurrak izaten dira protagonista, eta, haien gurasoei, etxeko gazteenen atzetik ibiltzea egokitzen zaie egunero. Anitzek, parranda gauez egin izan balute baino nekatuago amaitzen dute eguna. Eta egun-argiz umeekin Iruñean barrena egiten duten ibilbideak poltsikoan uzten duen arrastoa ere ez da nolanahikoa.

Haurrak inoiz baino protagonistago izan ziren atzo, haien eguna baitzen. Eta sumatzen zen Iruñeko karriketan. San Lorenzo elizaren inguruan, adibidez, ohi baino haur kotxe gehiago bazen atzo. 11:00etan umeek lore eskaintza egin zioten San Fermini, eta, ondorioz, ordu erdi lehenagotik Aduanaren txokoa erabat inguratzen zuen ilara bazen. Krabelinak eta arrosak eraman zizkioten haurrek santuari. Kontent ziren gehienak San Ferminen irudia hurbiletik ikusteko aukerarekin, baina bazen une hori saihesten saiatu zenik ere. Malkoak erabili zituzten horretarako, noski. Haurren ohiko arma. Kasketarena. Muturreko trikimailuak erabiltzeko beharrik gabe, aspertu aurpegiarekin egiten zioten so bertze ume anitzek santu beltzaranari, gurasoek erositako loreak eramateko haien txandaren zain ziren bitartean.

Buruhandiei so

Eguzkiak gogor jotzen zuen Iruñean atzo goizean, eta, ondorioz, Errekoleten plazako zuhaitzen azpian bilatu zuten ume anitzek itzala, lore eskaintzak iraun zuen bitartean. Plazan atseden hartzeko aukera profitatu zuten, gainera, Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako kideek, eta unea ona zen haurrak erraldoien gona azpira hurbiltzeko. Konpartsa martxan noiz jarri zain ziren Iñaki eta Xabier Gonzalez, bederatzi eta sei urteko anaiak. «Konpartsa anitz gustatzen zaigu, batez ere Coletas kilikia», azpimarratu zuen anaia zaharrenak. «Sanferminetan, alkohola kenduta, dena da haurrentzat egokia», erantsi zuen.

Haren amak, Paula Unzitik, ez zuen iritzi bera. Semearen hitzak entzunda jarri zuen aurpegiak, behintzat, horixe adierazten zuen. Semeak baino nekatuago zegoen atzo. «Egunez ere gogorra da besten erritmoa, haurrekin, baina bestaz gozatzeko aukera ere bada». Eta onartu zuen gurasoak ere ahalegintzen direla, egunen batean, haurrak etxean utzi, eta besta gauez egiten.

Barrakak, konpartsa. Bada hirugarren aukera bat, egunero, sanfermin bestetan, Iruñeko haurrentzat. Rodezno kondearen txokoa. Han jarri dituzte haurrentzako jokoak, puzgarriak eta bertze, zer egin izan dezaten. Semeari so zegoen atzo, han, Amparo Yanot. Iruindarra da, baina Alfaron bizi da. Urtero, hala ere, hiriburura itzultzen da besta garaian. Argi eta garbi erran zuen. «Besten erritmoa, orain, semeak ezartzen du». Sanferminak gazteenen neurriko bestak ere baitira. Atzo, haien egunean, inoiz baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.