Parisko Kontseiluak aho batez babestu du bake prozesua, A-9aren atarian

Bakegintzan eginiko urratsak eta jasotako sostengua nabarmendu dituzte hautetsiek. Antolatzaileek Parisen bertan aurkeztuko dute abenduaren 9ko mobilizazioa, gaur

Iñaki Lasa Etura.
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko jarrera azaldu du Parisko Kontseiluak —udala eta departamendua gobernatzen dituen organoak—, abenduaren 9ko manifestaziorako bi asteren faltan. Atzoko osoko bilkuran aho batez onartu zuten aferari babesa emateko mozioa hautetsiek: «Bake prozesuak etapa garrantzitsuak gainditzen dituen une honetan, Parisko Kontseiluak bere sostengua helarazi nahi dio bake prozesuari».

EELV talde ekologistako Jerome Gleizes eta Komunistak-Ezkerreko Fronteko Nicolas Bonnet-Ulalj eta Raphaele Primet hautetsiek aurkeztu zuten mozioa. Bakegintzan eginiko urratsak goraipatu dituzte idatzian, Aieteko Konferentziatik apirilaren 8ko armagabetze iraunkorrera arte. Bake prozesuak gizartean duen babes zabala nabarmendu dute; eragile politikoek ez ezik, «20.000 herritarrek» bakegileei armagabetzerako emandako sostengua azpimarratuta.

Onartutako mozioan, aipamena egiten diote LDH Giza Eskubideen Ligari. Hain zuzen, LDHren egoitzan prentsaurrekoa egingo dute gaur, Parisen, A-9ko manifestazioaren harira. Michel Tubiana LDHko ohorezko presidenteak, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileak parte hartuko dute. Mobilizazioaren berri emango dute, eta, aurreratua dutenez, «gutxienez 10.000 euskal herritar» izango dira Parisko karriketan. Atxikimendu zerrenda ere jakinaraziko dute : Jean-Luc Melenchon, Jean-Christophe Lagarde, Susan George, Jose Bove, Marie Darrieussecq... Halaber, Frantziako Gobernuari egiten dizkioten eskariak zehaztuko dituzte.

Espetxeen birari ere erreferentzia egiten dio Parisko Kontseiluaren mozioak, eta, horri dagokionez, hiriburura martxanjarraitzen dute eragileek. Asier Ezeizaren eta Ibon Goieaskoetxearen senideekin Arlesen eta Tarasconen izan ostean, Marseillan eman zuten atzoko eguna; hango hautetsiekin eta eragileekin bildu ziren. Roannera iritsiko dira gaur.

Etxerat-en salaketa

Jesus Mari Altabe euskal presoari ama ikusteko baimena ukatu diote. Amak 92 urte ditu, eta Parkisonen gaitza dauka. Hori dela eta, ezin du espetxerainoko 550 kilometroko bidaia egin, eta hiru urte daramatza semea ikusi ezinik. Etxerat-ek salatu du kartzelako zuzendaritzak eta Espainiako Espetxe Instituzioak ez diotela baimenik ematen Altaberi. Egoeraren «krudeltasuna» salatu zuten, atzo: «Ezin dugu onartu». Izan ere, senideengandik gertu egoteko espetxe aldaketa eskatzeko baldintzak betetzen ditu Altabek, baina zaintzako epaileak «behin eta berriro» egin du eskaeraren kontra, prozedura atzeratuta.

Bestalde, Reauko kartzelara lekualdatu dute Iratxe Sorzabal presoa, Euskal Herritik 930 kilometrora, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Fresnesko espetxean zegoen preso orain arte.

Ibon Iparragirre presoaren egoera larria salatzeko, berriz, elkarretaratzea egingo du gaur Sarek; Bilbon, 10:00etan, Espainiako Gobernuaren delegazioaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.