Zigortutako bi grebalariak gorde egin dira

Espetxean aurkezteko epea amaitu zaien egunean jakinarazi dute ez direla kartzelan aurkeztuko.Urriaren 11rako Aske Gunea antolatu du Grebalariak Aske plataformak

Plataformako kideak, atzo, alboan zigortuen argazkiak dituztela, eta atzean, ehunka herritarren babesa. M. RAMIREZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi urte eta erdiko espetxe zigorra dute Urtzi Martinez eta Jon Telletxea Bilboko gazteek. Pintaketa batzuk egitea egotzita zigortu dituzte. Duela bi urte Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren kontra 2012ko martxoaren 29an egin zen greba orokorrean pintaketak egitea egotzita, bi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso dute. Irmoa da epaia. Espetxeratzeko agindua dute, eta auzitegiak urriaren 2a baino lehen espetxean aurkezteko agindu zien. Atzo bete zen epea. Eta atzo jakinarazi zuten ez dutela kartzelan aurkezteko asmorik.

Epea betetzen zen egunerako, elkarretaratzea eta agerraldia iragarria zituen zigortuen babeserako Grebalariak Aske plataformak. Auziaren sorburu den lekuan jarri zuten hitzordua: Bilboko auzitegiaren aurrean. Epaitegi kanpoan pintaketak egitea egotzita epaitu zituen epaitegi hark. Gazteak bertan izango zirela uste zuten askok, baina prentsaurrekorako prestatutako mahaian bien argazkiak zeuden. Plataformako bi kidek hartu zuten hitza, egoeraren berri emateko: «Urtzi eta Telle ez dira espetxean aurkeztu eta ez dira aurkeztuko».

Atzean ehunka herritarren babesa dutela azaldu dute bi gazteek bizi izan dituztenak. Auzia Poliziaren azpijokoa dela salatu dute; hala frogatu zela epaiketan bertan. Izan ere, hasieran istilu batzuetan parte hartu eta bi ertzain jipoitzea egotzi bazieten ere, ahozko saioan frogatu zen akusazio hori egiteko ustezko frogak manipulatuak izan zirela. Akusazio hori goitik behera erori zen, beraz, baina ez zigorra.

Pintaketak egitea egotzita, urtebete eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten. Fiskalak, zigorra gogortzeko eskatu zuen: pintaketak egitean aurpegia estalita edukitzeagatik, zigorra urtebete gehitzeko. Hala egin zuen epaileak: urte eta erdiko espetxeratzea agindu zuen pintaketak egitea egotzita, eta beste urtebetekoa «mozorrotuta» jardun zutelakoan. Argi azaldu dute emaitza plataformako kideek: «Bi urte eta erdiko kartzela zigorra bi gazteri ustezko estatu demokratiko honetan, greba batean pintaketa batzuk egiteagatik!».

Baldintzatutako bizitzak

Zigortuek beraiek ere plazaratu dute mezua. Gutuna igorri dute, eta auzi berean epaitu eta absolbitu zuten Irantzu Ialdeberek irakurri du jendaurrean: «Atxilotu gintuztenetik gaurdaino, bide luze eta astuna izan da gaur hemen ez egotera ekarri gaituena», esan du Telletxearen eta Martinezen partez. Astero epaitegira joan behar izan dutela azaldu du; «froga faltsuetan oinarritutako» akusazioa, epaiketa eta epaia jaso dituztela; errekurtsoaren eta kartzelatze aginduaren zain egotera behartu dituztela. «Horrek guztiak bi urtez gure bizitzak eta maite gaituztenen bizitzak baldintzatu ditu, inolako proiekturik eraikitzeko aukerarik gabe».

«Gure bizitzen gaineko erabaki ahalmena eduki nahi izan dute», azaldu dute gutunean. «Eta gaur hemen bi urtez espetxera joateko aurkeztea nahi zuten. Baina ez diogu inori gugatik erabakitzen utziko».

Bi zigortuak seguru daude «bestelako eredu sozioekonomiko» baten alde jarduteagatik atxilotu zituztela; «Euskal Herri libre, sozialista eta feminista eraikitzen» ari zirelako jo zutela beren aurka. Hala ere bide horretan jarraitzen dutela ziurtatu, eta, «egoera berean egon diren beste hamaika euskal herritarrek bezala», desobedientzia egiteko erabakia hartu dutela jakinarazi dute. «Justiziaren eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako, eta desobedientzia herri oso baten erabakia delako».

Aske Gunea Deustuan

Grebalariak Aske plataformak babesa adierazi die zigortuei eta ekitaldia antolatu du hilaren 11rako: bost orduko Aske Gunea egingo du hurrengo asteko larunbatean Deustuan, San Pedro plazan, 10:00etatik 14:00etara.

Grebalariei babesa eman dietenerakunde politiko, eragile sozioekonomiko, sindikatu, mugimendu feminista eta gazte mugimenduaren laguntzarekin goiz osoko elkarretaratzea egingo dute, eta musika emanaldi zein bestelakoak ere izango dira. Elkarretaratze nagusia 14:00etan izango da, Ez zaituztegu bakarrik utziko lelopean. Bertaratzeko deia egin die herritarrei, «denok grebalariak izan ginelako eta garelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.