Nafarroako gobernu akordioa. Jarduneko gobernua

Nafarroarik «onena» utzita doa

Legegintzaldiaren balantze baikorra egin du Yolanda Barcinak azken agerraldian.Trantsizio «garden eta orekatua» nahi du «lau alderdiko gobernu nazionalista» berriarekin

Ibai Maruri Bilbao.
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Datu hutsak emanez agurtu du Yolanda Barcinak Nafarroako Gobernuko presidente kargua. Atzo, legegintzaldiko azken gobernu kontseiluko bileraren ondoren, adierazle ekonomikoen errepasoa egin zuen. Lurraldearen egoera sozioekonomikoari argazkia egin nahi izan dio, bere objektibotik. Nafarroa «oso egoera onean» uzten duela esanez egin zion harrera hurrengo gobernuari. Barcinak uste du horri esker datozenek beraiek baino errazago izango dutela.

Estatistikari lotutako agerraldia egin zuen. «Ni ez nago hemen balorazioak egiteko, legegintzaldiaren balantzea datu bidez egiteko baizik», erantzun zuen osatuko den gobernu berriaren inguruko iritzia galdetu zioten aldiro. Dena den, lekukoa hartuko diena «lau alderdiko gobernu nazionalista» izango dela azpimarratu zuen, irmo. Kasurako, soslai teknikoa duten kontseilariak izendatzearen inguruan galdetuta, deskribapen berbera errepikatu zuen: «Bai, baina funtsean lau alderdik osatutako gobernu nazionalista izango da». Aldaketa «gardena eta ordenatua» egin gura du haiekin. Eta, Uxue Barkos hurrengo gobernuburuak nahi edo eskatuz gero, harekin biltzeko prest dago Barcina.

Jarduneko gobernuak egindako lanaz ere, iritzi adierazgarririk ez. Beti datuak erantzun legez. Ez zuen argitu nahi izan lau urte hauetan hartutako erabakiren batek damurik eragiten ote dion. Ezta UPNk agintea galdu izanaren errudun sentitzen den ere. Nafarroako aldaketaren erantzule bakar herritarrak egin zituen jarduneko presidenteak: «Nafarrek askatasunez bozkatu zuten. Bakoitzak bere arrazoiak izango zituen bozkatu zuena bozkatzeko. Haiei galdetu beharko zaie».

«Gogobeteta» doala esan zuen; «harro», «lan ona» egin duelakoan. Besteak beste, gobernuaren kontuak orekatzea lortu dutela azpimarratu zuen. Etengabe, gainontzeko autonomia erkidegoekin alderatu zuen Nafarroa, eta azaldu zuen zor publikoa gutxien hazi den lurraldea dela. Ekonomiaren hotzaldia gainditzen ere asmatu dutela iruditzen zaio. Horren adierazle, gobernu kontseiluak Nafarroaren barne produktu gordinaren 2015erako aurreikuspena egokitu zuen atzo. «Beti egiten dugun moduan, zuhurtziaz jokatu dugu. Gogoratu guk iragarritakoa baino gehiago hazi garela». Horrela, jarduneko gobernuaren esanetan, aurten %2,6 barik %3 haziko da Nafarroako ekonomia.

Langabezia tasa legegintzaldia hasi zeneko mailara itzultzea lortu dutela ere nabarmendu zuen. Nafarroako Osasunaren barometroa erabili zuen, «Espainiako osasun publikorik onena» Nafarroak duela esateko. Itxaronaldiak laburtu direla ekarri zuen gogora. Pisa txostena erabili zuen, «Espainiako hezkuntzarik onena» Nafarroak duela adierazteko. Ingelesezko hezkuntza eredua 28 ikastetxetatik 107ra zabaldu dutela azaldu zuen. Eta Nafarroa herritar bakoitzeko gizarte langile tasa altuena duen autonomia erkidegoa ere bada, Barcinaren hitzetan. Edonola ere, onartu du murrizketak egin dituztela.

Aurreko gobernuak ere UPNrenak izan zirela kontuan hartu gabe, herentzian jasotako arazoak konpondu dituztela aipatu zuen. Besteak beste, Volkswagen auzia ekarri zuen gogora. Eskerrak eman zizkien Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Gorteetan itun ekonomikoa moldatzea ahalbidetu zuten alderdiei. Gobernuko kideez gain, goraipatu zituen bakarrak izan ziren.

Garapena, «auzitan»

Nafarroaren etorkizunak sortzen dio kezkarik. Azpimarratu zuen bere gobernuak ingelesaren eta zerga jaitsiaren aldeko apustua egin duela, «garapenaren mesedetan». Gobernu berria osatzeko negoziazioetan hezkuntzan eta zerga politikan iragarri diren aldaketek, ostera, «garapen» hori «auzitan» ipiniko dutela uste du.

«Animoz indartsu» sentitzen da; «gogotsu» Nafarroako Unibertsitate Publikora itzultzeko. Farmazian doktorea da, 1984tik. «Beti esan izan dut politika uzterakoan lehengo lekura itzuliko nintzela. Ordezkari politiko guztiek horrela jokatu beharko lukete». Baina ez du argitu noizbait politikara itzuliko den. «Ez naiz etorkizuna asmatu zalea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.