Nafarroako Gobernuak ekainaren 16ko manifestazioan parte hartuko du

Solanaren arabera, «neurrigabekoa» izan da espetxeratzeko agindua. Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean testuak onartu dituzte ezarritako zigorrak arbuiatuz

joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Apirilaren 14an egin bezala, ekainaren 16ko manifestazioan egongo da Nafarroako Gobernua. Hala baieztatu zien Maria Solana eledunak kazetariei, atzo,gobernu kontseilu osteko asteroko agerraldian. Herenegun, Auzitegi Nazionalak Altsasuko auzian zigortutako zazpi gaztetatik lau —Jon Ander Cob, Aratz Urruzola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea— espetxeratzeko agindua eman zuen, eta horregatik kezkatuta agertu zen Maria Solana «ageriko neurrigabekeria» berretsi duelako. Gizartean piztu den suminaren jakitun, zentzuz eta zuhur jokatzeko eskatu zuen Solanak, «bai kritiketan, bai epaiari emandako erantzunetan». Halaber, Nafarroako Gobernuaren izenean, hilaren 16rako deitutako manifestazioan parte hartuko duela baieztatu zuen.

Agerraldian, Solanak gogoratu zuen hasieratik neurrigabekeria izan dela nagusi Altsasuko auzian. 2016ko urriaren amaieran, Covite biktimen elkarteak salaketa aurkeztu ondotik, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak zein instrukzio epaileak gogor presio egin zuten ikertuak ziren gazteei terrorismo delitua egozteko. Atzo, Solanak gogora ekarri zuen terrorismoaren kalifikazio hori erabakigarria izan zela epaiketa Auzitegi Nazionalak har zezan, «nahiz eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak auzia bere gain hartzeko eskumena aldarrikatu». Solanaren arabera, legeen zein Konstituzioaren arabera, epaile naturala Nafarroako epaitegia zen, baina Gorenak iazko ekainean entzungor egin zion eskaera horri.

Urte eta erdi geroago, azken epaiak terrorismo delitua ez du frogatutzat eman, baina epaiketa Auzitegi Nazionalean egin da, eta zigor gogorrak ezarri ditu. Ezohikoak segurtasun indarrekin liskarrak izan dituzten herritarren aurkako bestelako epaiketekin alderatuta. «Horretan ere neurrigabekeria antzematen da, berriki izandako beste kasuetan izandako epaiekin alderatzen badugu».

Era berean, oraindik ere epai hori ez da irmoa, eta, hala ere, epaimahaiak lau gazte espetxeratzeko agindua eman zuen, fiskalaren iritziarekin bat eginda. Erabaki hori ere kritikatu zuen Solanak: «Urte eta erdiz epaileen eskaera guztiei behar bezala erantzun diete, eta espetxeratzeko agindua emateko ihes egiteko arriskua dagoela argudiatzea ere neurrigabekeria bat da».

Bestalde, Gure Esku Dago-k "elkartasun kilometroa" eskaniko die Altsasuko gazteei, igandean egingo duen giza katean. Ibilbideko 193. kilometroa Altsasuko gazteentzako justizia eskari bihurtuko dute. "Erabaki judizialak Nafarroan eta Euskal Herrian" hartu behar direla aldarrikatu dute Gure Esku Dago-k eta auzipetuen gurasoek.

Iñaki Abadekin akatsa

Ostiralean zazpi gazteri bederatzi eta hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zieten —Ainara Urkijori, berriz, bi urtekoa—. Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno espetxean izan dira 2016ko azarotik, eta herenegun Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak beste lau gazteak kartzelatzeko agindu zuen. Hain zuzen ere, erabaki hori hartu zuten auzi saioan Abaden abokatuak erreklamatu zuen haren aurkako zigorrean oker bat egin zuela epaimahaiak, eta hamahirukoa izan beharrean, hamar urtekoa izan beharko lukeela. Izan ere, epaimahaiak lesio delitu bakoitzagatik hiruna urteko zigorra ezarri zion, bina urteko izan ordez.

Bestalde, Donostiako Udalean, EAJk, EH Bilduk eta Irabazik agiri bateratu bat kaleratu zuten atzo. Lehenik eta behin, ezarritako zigorrak arbuiatu dituzte, «neurrigabeak» direlako. «Desproportzio hori prozesu judizial osoan egon da». Bigarrenik, epaia irmoa izan arte, zigortutako gazteak ez espetxeratzeko eskatu dute. Hirugarrenik, gogora ekarri dute presio politikoa eta mediatikoa erabakigarriak izan direla, «gehiegizko egoerara iristeko». Azkenik, Altsasuko Gurasoak kolektiboak deitutako mobilizazioekin bat egiteko eskatu dute. Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazpen bera babestu dute —bezperan, Gasteizko Udaleko bozeramaileen batzordeak salatu zuen erabakia—.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.