Maddalen Iriarte bozetara aurkeztuko da, EH Bilduren zerrendetan

Gipuzkoako zerrendako bigarrena izango da EITBko kazetaria, Otegiren hurrengoa. Aktualitatea jorratuz ibilbide luzea egin du Iriartek. Emakunde saria jaso zuen 1993an

Hodei Iruretagoiena.
2016ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Maddalen Iriarte Okiñena (Donostia, 1963) izango da irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako bigarrena. Koalizio subiranistako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, EITBko kazetariak beteko du Arnaldo Otegi lehendakarigaiaren ondorengo postua. Oraingoz, lurralde bakoitzeko zerrendaburuak soilik jakinarazi ditu EH Bilduk. Gipuzkoako bigarrenaren gisan, emakumeak izango dira Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak ere: Jasone Agirre (Abadiño, Bizkaia, 1968) kazetaria, eta Miren Larrion (Legazpi, Gipuzkoa, 1969) ingeniari eta Gasteizko alkategai izandakoa.

Zuzenbide ikasketak egin zituen, baina kazetaritzan ibilbide oparoa egin du Iriarte Okiñenak. Donostiako Herri Irratian hasi zen gaztetan, 18 urterekin. Bost urtez aritu zen han, eta telebistara egin zuen jauzi 1986an. EITBn ibili da geroztik, beti aktualitateari lotuta; izan albistegietan —hogei urtez aritu zen horretan—, izan bestelako programetan. Besteak beste, Ados, Euskadi zuzenean, Gaur egun eta Azpimarra saioen aurkezle izan da ETB1en. Prentsa idatzian ere egin izan du ekarpena, zutabegintzan: Euskaldunon Egunkaria-neta BERRIAn, Gara-n, Noticias de Gipuzkoa-n eta Deia-n. Atletismoan ere aritu zen gaztetan.

Hainbat sari ere jaso izan ditu, kazetaritzari lotuta. EITBn lanean hasi eta zazpi urtera, 1993an, Emakunde saria eman zioten, kazetaritzaren bidez berdintasunaren alde egindako lanagatik. 1999an, EITBren Iparragirre saria jaso zuen, eta bi aldiz hautatu dute Argia sarietarako ere. 2013an, Azpimarra programa saritu zuen euskarazko astekariak. Programa hori zuzentzen aritu da orain arte Iriarte Okiñena. Hauteskundeetara aurkeztuko denez, legebiltzarkide karguan ari den bitartean behintzat ezingo du telebista publikoan lanik egin.

«Zoru komun bat»

Kazetari gisa aritu den 35 urteetan, gertutik erreparatu dio politikari Iriarte Okiñenak. Lizarra-Garaziko prozesuaren garaian, adibidez, ETAren ordezkaritza bati elkarrizketa egiteko aukera izan zuen, Joseba Balerdirekin batera. 1999. urtea zen. Iaz, ETB1eko Soinu Ehiztaria saioan ekarri zuen gogora elkarrizketa hura. «Ez diot sekula inori egingo nizkien galderen berri eman, eta haiei ere ez nien eman».

Abuztuaren 7an atera zuen BERRIAk Monica Terribas kazetariarekin eta biekin egindako elkarrizketa. Honela esan zuen Iriarte Okiñenak: «Badira uste dutenak azken 50 urteotan gertatu dena amortizatuta dagoela. Uste dut baditugula gauzak egiteko, martxoaren 3ko biktimek egia, justizia eta erreparazioa eskatzen baitute, eta gauza bera frankismoaren eta Poliziaren biktimek, eta baita torturatuek eta ETAren biktimek ere... Zoru komun bat jarri behar dugu, eta zauriak itxi, ahal bada. Zeren, bestela, arriskua egongo baita berriz zabaltzeko».

Azken urteetan, Kataluniako eta Eskoziako prozesuei sarri begiratu die EITBko kazetariak, Azpimarra-ko talaiatik. Honela adierazi zuen azken elkarrizketa hartan: «Hasi behar dugu berriz ilusioa hartzen, Kataluniari begiratzen, ea Eskoziak zer mezu ematen duen brexit-aren garai hauetan.... Baina, prozesu historiko guztietan bezala, hori ez da goizetik gauera gertatuko». Iriarte Okiñenaren ustez, Euskal Herrian prozesu bat hasteko, «bide orri bat» egiten hasi beharra dago: «Proposamen zirriborro bat, behintzat».

EH Bilduko militanteek berretsi zituzten herrialde bakoitzeko zerrendaburuak, herriz herriko batzarretan. Haien proposamenak «kontuan hartuko» dituzte zerrendak osatzeko, baina Mahai Nazionalak berretsiko ditu, bozen «aurrerapenak» eraginda prozesua moldatu behar izan dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.