Mendeko euri jasa handienari buelta ematen

Debagoieneko eta Aiaraldeko hainbat herri igandeko uholdeen kalteak neurtzen ari dira. Metro koadroko 61 litro ur zenbatu zituen Deskargako plubiometroak, ordu batean

Antzuolako liburutegiraino sartu zen ura, leiho bat apurtu ondoren. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Antzuola, Bergara, Laudio, Amurrio, Atxondo, Elorrio... Euskal Herriko hainbat herrik lanean jarraitzen dute normaltasuna berreskuratzeko. Igandean markak hautsi zituzten euri jasek, eta kalteak eragin zituzten hainbat txokotan. Deskargan kokatutako plubiometroak 61 litro ur neurtu zituen metro koadroko: «Azken ehun urteetako erregistrorik altuena izan da Gipuzkoan», ezagutarazi du aldundiak. Hamar minutuan, hogei litro ur pilatu ziren. «Horrek argi uzten du muturreko fenomeno meteorologikoa izan zela».

Debagoienean (Gipuzkoa) eta Aiaraldean(Araba) eragin zituen kalterik handienak euri jasak. Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak kalteen nondik norakoak aztertu ditu. «Bergara-Zumarraga autobideko obren ingurutik zetorren urak bere bidea aurkitu zuen, eta zuzenean herrira etorri zen». Menditik jaitsi zen urak GI-632 errepidea trabatu zuen. Kalteen behin betiko zenbaketa egin bitartean, alkateak adierazi du kalte gehien Torresoroan izan direla, hainbat zerbitzu publiko biltzen dituen eraikin horretan. Azaldu du liburutegia «guztiz berrizteko» dagoela. Kortabarriak zehaztu du liburutegiko leiho batek mendi aldera ematen duela; hori apurtu, eta barrura sartu zen ura. Azkenik, alkateak nabarmendu du herritarrek elkarri eman zieten laguntza. «Horri esker ez zen gauza larriagorik gertatu».

Errekaren bidea zailduta

Bergaran, erreka bere bidetik atera zen zenbait lekutan, eta inguruko errepideetan ur asko pilatzea eragin zuen, baita aparkaleku batzuetan pilatzea ere. Udalak nabarmendu du errekak gainezka egin zuela «tapoi» bat egin zelako. Udal langileek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek garbitu zuten ibaia, urak bere bideari jarrai ziezaion. Udalak, ohar bidez, azaldu du ez dituztela zenbatu kalteak, baina herritarrei babesa eman nahi dietela. Halaber, erreken kudeaketa berrikusteko eskatu diote Uraren Euskal Agentziari. Udalak esan du erreka gai dela igandean botatako ura hartzeko, baina inguruetan hazten diren zuhaitzek buxadura egin zutela. «Uraren Agentziari eskatzen diogu errekaren inguruetako zuhaitzen kudeaketa eredua azter dezala, segurtasuna bermatzeko».

Gipuzkoako Aldundiak goratu egin du herrietako ordezkariekin izandako lankidetza. Halaber, gaineratu du euri jasak ez zuela utzi «aurreikuspenerako eta defentsarako tarterik». «Antzuolan, eskualdeko goiko aldetik eroritako ezohiko ur kopurua dago kalteen atzean, eta ez autobidearen obra». Ordea, aitortu du lanek modua eman dutela euriak eramandako material kopurua «handiagoa» izateko.

Aiaraldean ere uholdeak eragin zituzten ekaitzek. Amurrion, Aemet agentziaren arabera, hamar minutuan 27,2 litro ur bota zituen metro koadroko. Estolda zuloek ezin izan zuten bideratu botatako ura. Herria «blokeatuta» geratu zela azaldu dute herritarrek, eta hainbat garaje ere urez bete ziren. Josune Irabien Amurrioko alkateak ezagutarazi du bizilagun askok autoak garajeetatik atera zituztela egoera ikusita, eta hori esker ez dela kalte handiagorik izan. Nerbioi ibaitik ez zen urik atera; bai, ordea, Zankueta ibaiadarretik. Igerilekuetan ur zikina sartu zuen, aldageletaraino.

Amurrion jo zuen indartsuen euriak, baina Aiaraldeko beste hainbat herritan ere eragin zituen kalteak; Laudion, esaterako.

Gaur ere, euria

Igandeko kalteak garbitzen ari dira hainbat herritan. Ordea, eguraldia ez dute lagun izango lan horietan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du gaurko Gipuzkoan eta Bizkaian, euri jasengatik. Gauerditik 18:00ak arte egongo da indarrean, eta, iragarri dutenez, baliteke egun osoan 30 eta 50 litro artean jasotzea metro koadroko; une jakin batzuetan, litekeena da hamabost litro ur ere botatzea ordu batean metro koadroko.

Horrez gain, ipar haizea sartuko da bihar, eta tenperatura apur bat jaitsiko da. Asteazkenerako, Euskalmetek hobekuntza txiki bat iragarri du, batez ere Euskal Herriko mendebaldean: ostarteak agertuko dira. Nafarroan, ordea, euria botako du. Ostegunean tenperaturak igoko direla gaineratu dute, eta ostiralean eta larunbatean ekaitzak eta euria itzuliko direla iragarri dute bai Euskalmetek eta bai Aemetek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.