Turkiak prest du plan bat Sirian 170.000 errefuxiatu birkokatzeko

Ankarak esparruak prestatu ditu kurduen Afrin barrutiaren ondoko Idlib probintzian eta Azaz eskualdean. Muslim lider kurdua estraditatzeko eskatu dio Turkiak Alemaniari

AREF WATAD / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk Turkiak behin eta berriz eskatzen diela Nazio Batuen Erakundeari eta Siriako gerran parte hartzen diren herrialdeei Sirian «eremu seguruak» sortzeko, Turkian dauden hiru milioitik goiti errefuxiatuak han ezartzeko. Eufrates ibaitik mendebaldera, Turkiak inbadituta du Siriako mugako eremu zabal bat, eta matxino islamisten baimenarekin ere presentzia militarra bermatu du Idlib probintzian. Lurralde horiek muga egiten dute Kurdistango Afrin barrutiarekin, eta, urtarrilaren 20az geroztik, Turkiako armada Afrin inbaditu nahian ari da. Bada, Ankarak jakinarazi du prest duela plan bat Siriako 170.000 errefuxiaturentzako esparruak sortzeko Idliben eta Afrinen ekialdeko Azaz eskualdean.

Atzo. Hami Aksoy Turkiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak eman zuen plan horren berri. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere agerraldi bat egin zuen, AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren ekitaldi batean. Ez zuen plan hori zuzenean aipatu, baina Afrinen aurkako erasoaldiarekin zer asmo duten azaldu zuen: «Eremua eraldatzea, gizakientzako ingurune apropos bat bilakatzeko, azpiegiturekin eta egiturekin, Siriako anai-arrebak segurtasunean eta bakean bizi daitezen». Aksoyk, berriz, jakinarazi zuen datozen egunetan ofentsiba diplomatiko bat hasiko dutela. Alemanian hasi da; Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroa Berlinera joan zen atzo, eta Salih Muslim —Siriako kurduen buruzagirik ezagunena— estraditatzeko eskatu zuen. Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroak erantzun zion aztertuko dutela.

Hegazkin istripua Sirian

Erdoganek ez du meniarik eman nahi Afrinen, baina NBEren Segurtasun Kontseiluari eskatu dio indarrean jartzeko, Damasko ondoko Ghouta Ekialdean, Siria osoan su-etena ezartzea eskatzen duen «ebazpen madarikatua». Errusiako Defentsa Ministerioak atzo adierazi zuen ihes egiteko bide bat irekitzea eskaini diela matxino islamistei, eremua Siriako armadaren esku uztearen truke. Borroka eremutik urruti, Hmeim base militarrean, Errusiako hegazkin batek lurra jo zuen, eta 39 lagun hil ziren; gehienak, militarrak. Kremlinek erran zuen istripu bat izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.