Epemugaren atarian, geroa kolokan

Frantziako Gobernuak bart gauerdira arteko epea eman die BBGko ekintzaileei beren egoera legeztatzeko. Gunea husteko mehatxuak bizirik jarraitzen du

Frantziako Poliziak suntsituriko eraikinak konpontzen aritu dira asteotan. THIBAULT VANDERMERSCH / EFE.
ander perez zala
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bart gauerdian amaitu da Frantziako Gobernuak BBG babestu beharreko guneko ekintzaileei ezarritako epemuga. Gobernuak nahi zuen gunean bizi diren 250 bat biztanleek beren burua legeztatzea atzoko epea amaitu baino lehen, BBGan garatzen ari diren proiektuen berri emanda eta beren izen-abizenak jakinarazita;ostiralean izan zuten azken hartu-emana Pays de la Loire eskualdeko prefet Nicole Kleinek eta ekintzaileen ordezkaritzak, eta bilera horretan 40 proiekturen datuak eman zizkioten gobernuaren ordezkariari —28 nekazaritza proiektuak dira—, tartean liburutegi bat, irrati bat eta garagardoa ekoizteko asmoa. «Aurrerapauso» hori eskertu egin zuen Kleinek, baina gogorarazi zien ez dagoela bere esku behin betiko erabakia: «Zazpi proiekturekin ez dugu arazorik, eta beste hemezortzi garatzea posible da, baina gainontzekoekin arazoak ditugu». Testuinguru horretan, ekintzaileek ez dute arrastorik gaur zer gertatuko den, asteotan Polizia inguruan ibili baita, eta Parisek gunea husteko egindako mehatxuak bizirik jarraitzen baitu. Edouard Philippe lehen ministroarentzat, okupazioa «legez kanpokoa» da.

Eremua erresistentziaren ikur bilakatu da urteotan: norbanakoaren eta etekinen gainetik, proiektu kolektibo batean jarri dute arreta, autogestioaren eta desobedientziaren bitartez, bakoitzak bere proiektu eta bizitza pertsonala garatzea helburu. Parisen interesak, ordea, bestelakoak dira: Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bertan behera utzi zuen urtarrilean BBGan aireportu bat egiteko proiektua—bere kanpainako neurrietako bat zen, nahiz eta proiektua aspaldikoa izan—, baina eremua ez du oraindik ahaztu. 1.425 hektarea estatuaren esku daude, eta ekintzaileek aurkezturiko proiektuek eremu horretako 280 bat hektarea betetzen dituzte.

Epemugaren bezperan, BBGan giroa lasaia zen. Orduak igaro ahala, ordea, gero eta polizia gehiago bertaratu ziren gunera, eta eremura sartu nahi zutenei kontrolak areagotu zizkieten.

Hilaren 9ko oroitzapenak

Apirilaren 13an eman zuen epemugaren berri Kleinek: «Tokian legez ezartzeko, beren izena, proiektua eta ustiatu nahi duten lurra zehazten dituen inprimakia bete beharko dute». Horren aurretik, bi aldeen arteko negoziazioen erdian, Frantziako Gobernuak «ebakuazio» lanak abiatu zituen: apirilaren 9ko ordu txikietan bertaratu ziren 2.500 bat polizia BBGra, 70 bat autobusetan, eta negar gasa eta zorabioa eragiteko 11.000 granada jaurti zituzten ekintzaileak sakabanatzeko. Denera, BBGko 29 eraikin suntsitu zituzten.

Biztanleen erantzuna berehalakoa izan zen: hainbat barrikada eraiki zituzten, eta molotov koktelak eta harriak jaurti zituzten. Denera, polizia bat zauritu zen, baita BBGko 240 bat biztanle ere; erantzun sinboliko gisa, erasoaldi horretan erabilitako 11.000 granadak prefeturaren aurrean utzi zituzten ekintzaileek joan den astean, gertatutakoa salatzeko. Fronte sozialak areagotzen ari zaizkio Macroni, eta gaur gertatuko denak argituko du presidentea gai ote den gatazka hori era baketsuan konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.