Hildako punk baten gorpua, hozkailuan

'Hozkailua' antzezlana estreinatuko du Huts Teatroak astelehenean, Aulestiko antzerki topaketetan. Unai Iturriagak idatzi du, eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia dira aktore

ARTEDRAMA.
Inigo Astiz
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Punkak izan ziren. Lagun minak. Bakoitzak bere bidea egin du urteekin, ordea, eta Jimmyren heriotzak batu ditu berriz. Hozkailu batean ekarri du haren gorpua Euskal Herrira bueltan Maitek, eta non ehortzi asmatzen saiatu beharko du Carlosekin batera. «Gure belaunaldiari buruz hitz egin nahi genuen», azaldu du Ander Lipus aktoreak. Horregatik sortu dute Hozkailua antzezlana; umore beltzarekin, bai, baina baita sakontasunarekin ere. Unai Iturriagak idatzi du testua, Ximun Fuchs aritu da zuzendari lanetan, eta Lipus eta Patricia Urrutia aktoreek jokatuko dute oholtzan. Amaia Garateren eszenografia izango du emanaldiak, Battitt Halsouetek egin du panpina, Asier Ituartek musika, eta Josep Dahuk argi diseinua. Astelehenean estreinatuko dute pieza, Aulestin (Bizkaia), 400 biztanle inguruko herria euskal antzerkiaren erdigune bilakatuko duen Artedrama Euskal Laborategiaren jardunaldietan, hain zuzen ere.

Astelehenetik igandera bitartean iraungo dute antzerki topaketek, eta Huts Teatroaren piezak abiatuko du arratseko antzezlanen programa. Horrez gainera, antzerki eta dantza ikastaroak izango dira, goiz eta arratsaldez, izena eman duten ikasleentzat, egunero. «Berezia» egingo du testuinguru horrek estreinaldia ere, Lipusen hitzetan. «Etxean jokatzea da, eta gozamena da guretzat hemen estreinatzea». Hozkailua piezan antzezle aritzeaz gainera, antolatzaile ere badabil Aulestin, eta bereziki lanpetuta dabil horregatik egunotan. Pozik ere bai, halere.

Artedrama konpainian aspaldi zerabilten formatu txikiko zerbait egiteko asmoa buruan, eta orain topatu dute aukera. Lipusen lan pertsonalenak plazaratzeko erabiltzen duten Huts Teatroaren zigiluarekin taularatuko dute lana horregatik. «Formatu horrek aukera ematen dizu antzokirik eta aurrekontu handirik ez duten leku askotara iristeko». Eta asmo horrekin sortu dute Hozkailua. Eszenografia eramangarria du horregatik antzezlanak, eta bi aktore baino ez oholtzan. Aulestiko emanaldiaz gainera, Donostian, Bilbon eta beste hainbat herritan ere izango dituzte saioak hurrengo hilabeteetan.

Laguntasunaren argi-itzalak

Adiskidetasuna. Hori da antzezlanaren gai nagusia, Lipusen hitzetan. Eta piezaren sinopsia egin du hori frogatzeko. «Maite, Jimmy eta Carlos lagun minak ziren, eta, udako festa guztiak elkarrekin egin ondoren, Londresera joan ziren, hura zelako orduko Meka, The Clash, Sex Pistols eta abarrekin, eta, noski, eskuat batera joan ziren bizitzera. Baina Carlosek erabakitzen du bizitza hori uztea eta Euskal Herrira bueltatzea. Urteak pasatzen dira, eta hor hasten da obra, Carlosek Maiteren deia jasotzen duenean, esanez Euskal Herrian dagoela hozkailu batekin, eta hozkailu horren barruan Jimmy hilda dakarrela». Lagunaren gorpuari lur emateko herriaren bila abiatuko dira orduan, eta hor azaleratuko dira adiskidetasun estu haren argiak eta itzalak.

Pisu berezia izango du musikak antzezlanean. Eskorbuto, Hertzainak, The Clash eta, batez ere, Baldin Bada taldearen Bizi nahi dut abestia. Lipusek dioenez, pertsonaiek lotura berezia dutelako kanta horrekin.

Huts Teatroaren lanaz gainera, beste zazpi obra eskainiko dituzte herrian igandera bitarte, eta haien kalitatea ere azpimarratu du Lipusek. «Euskal antzerkian zabala da eskaintza, eta gero eta gehiago kostatzen zaigu batzuk kanpoan uztea, egon badaudelako proposamen oso interesgarriak ezin izan ditugunak ekarri». Euskaraz sortzen denaren «lagin txiki bat» eskaintzen du programak, Lipusen hitzetan.

Antzerki gosea

Bihotz salataria eta Eltxoak lan laburrak eskainiko dituzte asteartean bata bestearen ondoren, Aitte hil aurretik taularatuko du Beheko Larraine taldeak asteazkenean, eta saio bikoitza izango da ostegunean: Lapur minak kale piezaren aurrestreinaldiarekin eta Jadanik hilda lanarekin. Asteburuan, Sweeney eta Francoren bilobari gutuna eskainiko dituzte, eta espresuki emanaldietarako egokituko dute herriko frontoia.

Topaketen aurpegietariko bat baino ez da emanaldiena, ordea. Izan ere, sei egunez arte eszenikoetan euskaraz aritzen diren guztientzako topagune bilakatu nahi dute herria antolatzaileek, eta formazioa ere eskaintzen dute horregatik. Guztira, hamalau ikaslek eman dute izena astelehenetik ostiralera egiten diren tailerretarako. «Eskoletara izena emateko epea zabaldu eta berehala bete ziren postuak, eta poz handia ematen du horrek, erakusten duelako badagoela antzerkirako gose bat», azaldu du Lipusek.

Guztira, ehunka ikasle eta 40 irakasle baino gehiago pasatu dira Aulestitik topaketak abiatu zituztenetik. Irakasle arituko da Lipus bera ere aurten: arnasa, oreka eta ahotsa lantzeko tresnak landuko ditu ikasleekin. Beste lau irakasle ere izango dira aurten, halere. Amancay Gaztañaga dantzari eta musikariak, esaterako, Erraiak eta arrazoia josten ikastaroa eskainiko du. Clown teknika landuko du Pablo Ibarluzea aktore, irakasle eta antzerkigileak, eta dantzaren eta antzerkiaren uztarketa landuko dute Garazi Lopez de Armentiak eta Unai Lopez de Armentiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.