Ur-lasterrak eramango ez dituen hitzak

Itxi gabe dauden iraganeko eta egungo orbainetatik egin dio so errealitateari Mikel Etxaburu idazleak, 'Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak' bere azken liburuan

Mikel Etxaburu, Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak liburua eskuetan duela. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Marmoka izan eta korrontearen arabera mugitzea hautatzea zilegi da, hautu hori kontzienteki egina bada. Kasu horretan besteen menera egongo zara. Pertsona asko dira marmokak, gaur egun; errealitatea aldatu nahi badugu, baina, marmoka izateari utzi beharko diogu». Barneko kezkak, eta bere hirugarren liburuaren atzean dagoen mundu ikuskera metafora horrekin azaldu zituen, atzo, Mikel Etxaburuk (Ondarroa, Bizkaia, 1969). Erein argitaletxearekin kaleratu duen Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak poema liburuaren aurkeztu zuen.

Errealitateak gorputz guztietan uzten ditu orbanak Etxabururen arabera: «Gorputz bakoitza hondartza bat da, eta itsasoak orbanak uzten ditu gorputz horietan». Orban horiek islatzen saiatu da bere lanean. Oraindik ere itxi gabe dituen bere orban propioetaz ari da, berdin iraganekoak ala egungoak; Bilboko kaleetan ikusi dituen gauzek eragindakoak horietako asko: «Itxi gabe dudan orbain bat Bilboko San Frantzisko kalean ikusitakoek eragindakoa da, eta banuen halako gogo bizi bat horretaz aritzeko».

Orbana bere eskutik bizitzeko aukera ere eman zien Donostiako Udal Liburutegiko Sotoko aurkezpenera bildutakoei, Maite nau... ez nau maite...poesia irakurriz: «Huntza enborrari bezala lotu zaizkit oroitzak azalari, eta oroitzea da denbora geratzeko era bakarra, baina oroitzea ez da berriro bizitzea».

Sinbologiak ere leku berezia du Etxabururen hitzetan, itsasoaren eta argiaren inguruko irudiek, bereziki. «Maitasuna, oinazea, kartzela, utopiaren argia...» irudikatu nahi izan dituela esan zuen. Bilbo bai, baina jatorrizko herria duen Ondarroa ere presente izan ditu liburua idazterakoan: «Biak barnebildu nahi nituen».

Errealitatea begiratze hutsetik, hori, gutxienez, ikustera pasatzea irmoki defendatzen du Etxaburuk: «Tokatzen zaigu planeatze hutsetik, gutxienez, kontzientzia hartzera pasatzea».eta ikustea berdina ez dela dio Etxaburuk. «Begira nahi gaituzte, ez ikusten, ikusteak kontzientzia hartzea baitakar, eta transformaziora eraman daiteke ikusitako hori». Ideia bera errepikatzen da liburuaren kontrazalean ere: «Finean, nahi edo ez nahi, satorrak ez du ikustea helburu; baina gu, zoritxarrez, ez gara sator».

Eraldaketarako tresna

Poesiaren zentzu eraldatzailearekin bat egiten du idazleak: «Poesiak ez du zertan errealitatea bere horretan erakutsi. Badu gaitasuna errealitatea transformatzeko, eta hori egiten saiatu naiz». Poesiak berekin kontzientzia hartzea dakarrelakoan dago, askotan exijitu ere egiten duela. «Hiperkomunikazioaren mundu honetan», kritikotasunak duen garrantziaren adierazle, «subertsiboa» da poesia harentzat, «kontzientzia hartzea» dakarrela uste baitu.

Errealitateak, hala ere, hankak lurrean jartzera bultzatzen du sarri, eta korronteek norbanakoakritikotasunetik aldentzen dutela kontziente da bera ere: «Denok dakigu daukagun mundua ez dela eduki genezakeen onena. Denbora guztian mugimenduan nahi gaituzte, hausnartzeko denborarik gabe eta informazioa jasotzerakoan titularrarekin bakarrik geratuz».

Bestelako gizarte eredu baten aldekoa da Etxaburu. Askatasun kolektiboari buruz asko hitz egiten dela da bere iritzia, baina ezer gutxi norbanakoaren askatasun pertsonalaz. Alderantzizko prozesua proposatzen du: «Norbanakotik abiatuta sortuko ditugu kolektibitateak». Norabidea argi du: «Kritikotasuna duten pertsonez osatutako herri batean bizi nahi nuke».

Sariketako irabazle

Argitaratutako hirugarren olerki liburuarekin Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko VIII. Poesia Lehiaketako sari nagusia irabazi du Etxaburuk. Sariarekin gustura da, eta baita bere «barneko bulkadak» bultzatuta idatzitakoa argitaratuta ikustearekin ere. Liburua, baina, ez du sariketa buruan zuela idatzi: «Nire burua sormenean jartzen dut, eta sortzen den horrek sariketaren ezaugarriekin bat egiten badu bidali egiten dut».

Erein argitaletxearekin kaleratu duen liburuaren aurretik baditu beste bi idatziak. 2011n Zu zara orain txoria (Elkar) atera zuen, eta 2014an, berriz, Hodeiak zapatetan (Susa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.