Distopia ez hain distopikoa

Asel Luzarragak 'Bioklik' nobela plazaratu du Elkarrekin, 2011tik idatzi duen lehena. Askatasunaren itxurapean bere burua kontrolatzen duen gizartea irudikatu du

Asel Luzarraga, atzo Donostian, Bioklik nobelaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Biogizartea. Biodemokrazia. Dagoeneko gizarte eredu hori indarrean ez bada, berehala iritsiko da. Hala uste du Asel Luzarraga idazleak, eta hala islatu du Elkar argitaletxearekin plazaratu berri duen Bioklik nobela mardulean—400dik gora orrialde ditu—. Zer gizarte eredu da hori? Honela definitzen du Luzarragak: «Bio hori biometriatik dator. Gaur egungo teknologietan geroz eta gehiago erabiltzen da, segurtasun sistemetan, eta abarrretan. Esaterako, irisaren edo eskuaren bidez jakin liteke zein den pertsona hori. Pertsona bakoitzak dauka bere profil publikoa, eta geroz eta gehiago biltzen dituzte gure datu biometrikoak. Pertsona bat edozein gailutara konektatzen denean, gailuak ezagutzen du nor dagoen bere aurrean. Eta behin identifikatuta, izango dute gure fitxa, gure istorio guztia». Eta gizarte horren jokabide zenbait aletzen ditu Luzarragak, kontua argiago irudikatzeko: «Dena telebisten bidez bideratzen da, baita gobernua ere. Edozer gauzari buruz bozkatzeko aukera ematen dute, Anaia Handia saioaren tankeran. Baina benetan hariak mugitzen dituztenak ezkutuan daude. Komunikabideek etengabe ateratzen dituzte gai desberdinak bozketara. Biobozketaren bidez erabaki daiteke ea enpresa batean greba egiteko eskubidea daukaten ala ez, atsegin ez dugun musikak merkatutik desagertu behar duen ala ez, edo balizko delitu baten akusatua erruduna den ala ez». Luzarragaren iritzian, «itxura batean inoizko gizarterik aske eta demokratikoena da, baina askatasun horren mendean dagoena erabateko kontrola da; azken finean, herritarrak beraiek egiten dira zentsura eta errepresioaren partaide eta erantzule».

Distopia bihurtu diren utopien tradizio politikoari helduz idatzi du Luzarragak Bioklik —nabarmena da Aldous Huxley eta Georgel Orwellen itzala, eta Ray Bradbury eta Ursula K. Le Guinen eragina ere aitortu du egileak—. Baina ez da gertatzen hain distopia urrunekoa. Nobela 2044ko «Bilbo posturistikoan» kokatu du, eta ageri diren baliabide teknologikoak nahiz gizarte joerak ez dira egun ezezagunak. Ez da distopia hain distopikoa ere. Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editoreak hala azaldu du: «Ez da oso etorkizun urruna: ez dago hegan egiten duen autorik edo bidaia interplanetariorik... Teknologia ere ez da hain desberdina, telebistak eta sakelako telefonoak dira protagonistak. Ematen den gizarte eredua, gaurko kontuak ikusita, imajinatu daitekeen zerbait da».

Gizarteaz duen ikuspegi horren inguruan eraiki du istorioa egileak, eta bost kideko familia jarri dujopuntuan. Txetxu Urruti eta Nere Poza gurasoek, eta Aiora, Xabier eta Naomi seme-alabek ezagutuko dute «gardena dirudien sistema horren ifrentzua». Ama hilda azalduko da bere etxean, eta aita atxilotu eta kartzelatuko dute haren hilketaren erantzule gisara. «Hortik aurrerakoa kontatzen da. Familian gertatzen dena, Txetxuri kartzelan gertatzen zaizkionak, epaiketaren prestaketak... eta horren guztiaren bidez islatzen da gizarte molde bat».

Ziklo baten amaiera

Istorioko narratzailea ez da familiako kide bat, baizik eta unibertsitateko ikasle bat. «Lan bat egin behar du, txosten bat, oso garrantzitsua izango dena karrera bukatu dezan, eta familia horri gertatutakoa aztertzea eta unibertsitatean ikasitakoarekin ekartzea egokitu zaio». Badaude beste narrazio plano batzuk ere: «Ageri dira erreferentzia bibliografiko batzuk, baina ez benetako idazleenak, baizik eta etorkizun horretan idatziko diren saiakera liburu fikziozkoenak. Horien bitartez, gizarte horren oinarri ideologikoak azaltzen dira».

Duela hamar urte inguru bururatu zitzaion Bioklik idazteko ideia Luzarragari. Zati bat ere idatzi zuen orduan, 100 orrialde inguru. Txilen zegoen, besteak beste maputxeen egoera gertutik gertura ezagutzen, eta 2009ko urte hondarrean atxilotu egin zuten, herrialde hartan izandako atentatu saiakera batekin zerikusia zuela leporatuta. «Ordenagailua eta disko gogorra kendu zizkidaten, eta ez nituen berreskuratu 2012ra arte. Argentinan nengoen orduan, eta etenaren ondoren ekin behar izan nion berriro nobelari. Eten hori gabe liburua ez litzateke egun dena».

Kartzelaren esperientzia ere ezagutu zuen, eta badute presentzia istorio distopikoan. «Gero eta gehiago dira makrokartzelak, hiri kartzelak. Baliabide ekonomiko edo prestigioaren arabera kartzelako auzo batean edo

bestean egongo zara; enpresa handiek presoak esplotatzen dituzte eskulan merkea lortuz, eta abar... Hori guztia islatzen du nobelak».

Bioklik ziklo baten amaiera da, Luzarragaren hitzetan. «Orain,beste gauza batzuk idazten ari naiz, baina Bioklik-ek, aurreko liburu guztiekin batera, deskribatzen ditu egungo gizartearen gainean ditudan kezkak. Badago hari bat guztiak lotzen dituena, eta keinu bat egin dut liburu guztietako pertsonaiaren bat sartuz, agerikoago edo ezkutukoago...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.