Burua galdu, gorputzera itzultzeko

'Emakume burugabea' poema ilustratua plazaratu dute Antxiñe Mendizabalek eta Iraia Okinak. «Bere gorputza okupatzeko beharra» duen andre bat du protagonista

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Emakume onak etxea argitzen du, dio euskal esaera zahar batek. Esaldi horrek lehen kolpean ekar dezakeen irudia eraldatzeko, Antxiñe Mendizabal hitz bakoitzarekin jolasean hasi zen, beste konbinazio posible batzuk bilatzeko. Ariketa hori du abiapuntu Emakume burugabea liburuan kontatu duen istorioak. «Bere gorputza okupatzeko beharra» daukan emakume bat jarri du protagonista, eta poema forma eman dio narrazioari, zeina Iraia Okinaren ilustrazioek osatzen duten. Elkar argitaletxearekin plazaratu dute.

Editore lanetan maiz ibilia da Mendizabal, eta sortzaile gisa haur literaturan jardun izan du; helduentzako fikziozko lehen liburua du Okinarekin aurkeztu berri duen hau. Andre bat eta bere gorputza jarri ditu narrazioaren erdigunean. Bere gorputza «okupatzeko» bide horretan, protagonistak oinak mozten ditu lehenik. Hans Christian Andersenen ipuinari keinu eginez, emakumea «preso» sentitzen da bere zapata gorrietan, «eta nahiago du hankarik gabe ibili, preso sentitu baino; horregatik ebakitzen ditu oinak», azaldu du Mendizabalek. «Sustrai berriak beharko ditu, eta basamortuan topatuko ditu. Eta une batean burua kenduko du, iruditzen zaiolako bere bideari jarraitzeko ezinbestekoa dela». Bidaia baten istorioa dela zehaztu du, eta bidaia horretan protagonistak «berriro etxera eramango duten aztarnak» topatuko dituela. Basoa da ipuinean bidaia horren gune nagusietako bat, zeina «esanahiz betetako toki bat» den egilearentzat: «Mundutik desagertzeko eta ihes egiteko leku bat da, eta baita norberaren lekua bilatzeko, aurkitzeko eta, ahal bada, berriro jaiotzeko leku bat ere».

Istorioari hitzak jarri dizkio, eta hitzak izan ditu hizpide Mendizabalek berori azaltzeko. Lehen aldiz duela hamar bat urte irakurri zuen esaera zahar hartakoak lehenik, kontakizunaren abiapuntu izan zirenak. «Esaldi horrekin sekulako gatazkak izan ditut, erakartzen ninduelako, baina gogaitu eta nazkatu aldi berean. Pentsatu nuen bazegoela hor ariketa bat, eta eraldatze bat; horregatik heldu nion sormenari». Emazte, on, etxe eta argitu hitzekin jolasean hasi zen orduan, bestelako elkarketak probatzen. «Zergatik? Banuelako emakume izateko eta sentitzeko beharra. Etxera itzultzeko beharra ere banuen. Eta argitara irteteko beharra ere bai».

Ona zen soberan zuen hitz bakarra, baina azaldu du hari ere ez diola uko egin nahi, iruditzen zaiolako zerikusia duela besteen lekuan jartzearekin. «Ontasunak gogaitzen ninduen, batez ere gure kulturan emakumeen kasuan oso modu demagogikoan erabili izan delako beti; obedientziarekin erlazionatu izan da beste ezerekin baino gehiago». Ordea, uste du errebeldia dela andreen ezaugarri nagusietako bat; «orain eta ia beti —zer esanik ez lehen— galarazi eta zigortu zaigun errebeldia».

Bestalde, aipatu du emakumea eta burugabea hiztegian askotan elkarren ondoan datozen hitzak direla; andraize terminoa nahiz Freuden zenbait ideia ere ekarri ditu gogora. «Kontua da ipuin honetan pentsatu dudala arrazoia ematea, eta emakumeok erotik asko dugula onartzea». Horregatik, adierazi du protagonista bere buruaz gabetzea hautu «kontzientea» izan dela. «Berak kentzen du burua, kontzientziatik eta guztiz ahaltsu sentitzen denean». Gehitu du horrek ere baduela azalpena: «Behin andre jakintsu bati entzun nion emakumeek, adin batetik aurrera, gorputzarekin pentsatzen hasi behar zutela. Ez dakit emakume guztien bidea hori den; hau nire esperientzia da, baita nik ezagutzen ditudan beste andre batzuena ere. Nolabait, gure gorputzetatik arroztuta sentitu garen emakumeak gara: etxetik erbesteratuak sentitu gara, eta itzuli egin nahi dugu, gure etxera eta gure gorputzera; etxea eta gorputza bat eginda». Geure kulturan eta gizartean zentralitate handia ematen zaiela buruari edo adimenari, baina fisikoki periferian dagoela ohartarazi du. Hori esanda, zehaztu du ez duela andreen emozioen «aldarri edulkoratu bat» egin nahi. «Esan nahi dudan gauza bakarra da askotan inteligentziak pentsamendu kontzientetik urrunduta ematen dituela emaitzarik onenak, eta sortzen duten emakumeek hori badakite; sormenera hurbiltzea besterik ez dago jakiteko burua ez dela gure zentralitatea».

Simone de Beauvoirrek Emakume ez da jaiotzen, egin egiten da esaldia idatzi zuenetik, «emakumeek izateko eta egoteko forma asko daudela» deskubritu dute,Mendizabalen ustez. Eta sormena dagoela beti eratze lan horren oinarrian. Marcela Carranza haur literaturan adituak sormenaz emandako definizioa ekarri du gogora: haren hitzetan, sormena da ezinezkoa den hori egiazko bihurtzea. Horren harira, bere ipuina «sormenaren aldeko aldarri bat» dela iruditzen zaio. «Niri behintzat, askatasun eta maitasun kantu bat bihurtu zait».

Trazu askeak

Okinak irudien bidez kontatu du istorioa. Ilustratzaileak azaldu du asko gustatu zitzaiola Mendizabalen ideia, baina aitortu du hasieran beldurtu ere egin zela: «Hain zen barrutik irtendako istorioa, bere istorioa, ez bainekien zelan azaldu irudiekin. Baina gero berehala egin nituen bere hitzak neure». Eta Mendizabalek aurrez aipatutakoen bidetik hasi zen lanean bera ere. «Batzuetan, beldurra kendu eta gorputza okupatzen dudanean, pentsamendua isildu egiten da. Eta orduan ibiltzen naiz gusturen irudiak egiten. Liburu honetan azaldu nahi nuen askatasunerako bide hori».

Bide horren isla dira irudiak ere. «Hasierakoak zurrunagoak dira, mugimendurik gabekoak. Gero, istorioak aurrera egin ahala, trazuak askatasuna lortzen du, eta irudiko pertsonaiak adierazkortasun eta mugimendu gehiago lortzen ditu». Askotariko teknikak baliatuta ondu ditu irudiak: akrilikoa trazu aske bat egiteko, tinta orbanak egiteko... «Gehien erabili dudana izan da zerbait urtsua, pintzelkada askea izateko».

Gustura aritu dira bi sortzaileak elkarrekin. Okina: «Gustatu zait ikustea, nahiz eta ikuspegi ezberdinetatik ibili, nolabait bat egiten genuela eta elkar ulertzen genuela; nik Antxiñeren hitzak neure egin ditudan moduan, nire irudiak ere heldu zaizkiola berari». Mendizabal: «Oso esperientzia polita izan da emakume hau haragitzen eta burua galtzen nola joan den ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.