Sentimendu eragileen merkatua

Harrera ona izaten ari da 948 Merkatua, bi egunez Iruñean egiten ari direna. Arte proposamenak aurkezteko profitatu dute artista askok Nafarroako arteen azoka

Lagun bat, ConCienciArteren zientzia irakasteko metodo berritzailea probatzen, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Esaten duzuna ahaztuko du jendeak, egiten duzuna ahaztuko du, baina inoiz ez du ahaztuko sentiaraziko diozuna». Pepe Zapatarenak dira hitzok. Eduki artistikoak ustiatzen aritzen den Focus taldeko komunikazio zuzendaria da. Publikoa erakartzeko estrategiez mintzatu zen atzo,Iruñean egiten ari diren 948 Merkatuan, Nafarroako arteen azokan. Zapatak argi du artea zergatik kontsumitzen den: «Besteekin harremanak izateko eta partekatzeko». Hain zuzen ere, hori da Nafarroako Kultura Departamentuaren proiektu estrategikoa denaren xedea: artearen sorkuntzan, sustapenean zein ekoizpenean lan egiten duten profesionalen arteko hartu-emanak sortzea eta sendotzea.

Lehen aldia da Nafarroako Gobernuak Iruñeko Udalarekin elkarlanean 948 Merkatua antolatzen duena, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, oso pozik daude izandako harrerarekin. Goizez, Baluarte da azokaren epizentroa. Hitzaldi, tailer eta aurkezpenez gain, 25 sortzaile eta enpresak esku artean dituzten proiektuak plazaratzeko profitatzen dute Baluarteko atondoan utzitako espazioa. Programazioa mardula da, aldi berean tailer, laborategi eta hitzaldi bat baino gehiago baitaude. Hala, kreditatutako 500 profesionalak hautatzera behartuta daude. Arratsaldez, berriz, musika, zinema eta antzerki emanaldiak daude.

Baluarteko atondoko erakustokien artean ziurrenik ConCienciArterena da arretarik handien erakarri dutenetako bat. «Artearen bitartez zientzia irakasteko beste modu bat posible dela frogatzen dugu», azaldu du proiektuaren sustatzaile den David Ballanok. Gorputzaren mugimendua musika bilakatzen duen aplikazioa aurkeztu dute, besteak beste. Oso urrundik ere entzun daiteke «musika» hori. «Hau hezkuntza eredu tradizionalaren alternatiba da». Azaldu duenez, hezkuntzan aritzen diren profesionalak eta erakunde publikoak erakartzea da euren xedea.

Daniel Rodriguezek, berriz, Baionako Magneto aretoaren berri eman du. «Gaur egun ekoizten den musikak du tokia gure aretoan. Gustatuko litzaiguke, Ipar eta Hego Euskal Herriko hartu-emanak sendotzea azoka honen bitartez». Izan ere, Rodriguezen irudiko, «Baiona eta Iruñea artean ordubete eskaseko bidea egon arren, muga politikoak zaildu egiten du alde bateko eta besteko musika sorkuntzaren ezagutza». Aretoan euskaraz egiten den musika orain arte baino gehiago programatzea nahiko lukeela gaineratu du.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak ere badaude 948 Merkatuan. Halako egitasmo batean egotearen garrantzia nabarmendu du elkarteko ordezkari den Ander Perezek. «Nafarroako kultura eta hemen sortzen diren proiektuak ikusgarri egiteko toki bat den heinean, bertsolaritzak ere presente egon behar duela uste dugu». Ohiko saioez gain, bertsolaritza bestelako arte eta kultur diziplinekin batzeko dauden aukerak plazaratzeko profitatu nahi dute azoka.

Kultura Departamentuaren proiektu estrategikoa dena diseinatzerakoan, sorkuntzan aritzen diren profesionalek «erakusleiho bat izateko duten beharra»izan dutela kontuan adierazi du Dori Lopez Jurio Nafarroako Kultur Ekintzarako Zerbitzuko zuzendariak. Era berean, egiten den hori plazaratzea «hil edo bizikoa» dela irizten dio Joaquin Calderon zinema zuzendariak. Bi proiektu ditu orain esku artean, Basque Selfie eta Arte Flamenco on fire filmak. «Finantzaketa bila nabil; bi egun hauetan sortuko diren harremanekin buruan ditugun bi proiektuak gauzatu ahal izatea espero dut». Ofizioz aktorea da. «Bizimodua aktore gisa aurrera ateratzea oso zaila da. Horregatik, zuzendari ofizioa hartzera behartu nau sistemak, kultura etengabeko krisian baitago», salatu du.

Datorrenaz eta dagoenaz

Kulturaren sektorean eskarmentu handia duen profesionala da Marisol Lopez. Sektorean teknologia berrikuntzaren bidean egiten ari diren proposamenak aurkeztu zituen Kataluniako Kultura Digitaleko Zerbitzuko zuzendariak. Lepo bete zen Baluarteko hirugarren aretoa. «Ohiko kultura eskaintza gainditu eta eskura dugun teknologia baliatzea ezinbestekoa da publiko berria erakartzeko».

Baliabide berritzaileen erabileraren harira, Hatsune Miku artista japoniarraren kasua aipatu zuen. Ez da artista arrunta. Milaka jarraitzaile ditu, ekialdeko herrialdeetan batez ere. Software baten bidez sortzen dituzte bere abestiak, hitzak eta ahotsak. Baina harenmusika ez da teknologia baliabideekin sortutako gauza bakarra. Izan ere, Hatsune Miku ez da pertsona bat, holograma bat baizik. Lopezen irudiko, «datozen urteetan adimen artifizialaren eta errealitate birtualaren bidetik gauzatuko da arte adierazpen ezberdinen sorkuntza».

Egungo sorkuntzaren egoeraz eta datorrenaz hausnartzen eta eztabaidatzen jarraituko dute gaur goizean ere Iruñeko Baluarten programatutako saioetan. Arratsaldean, berriz, antzezlan eta kontzertu andana eskainiko dituzte Iruñeko areto eta antzokietan. Hutsun txalaparta taldeak esaterako, Geltokian joko du 18:45ean, The Icer Company taldeak 20:15ean Zentralen, eta Locutorium antzezlana ikusi ahal izango da 20:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan. Horrez gain, Geltokian, igandera arte, liburu eta disko azoka izango da arratsaldez. www.948merkatua.com atarian dago agenda osatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.