Brigitte Studer. Historialaria

«Suitzan demokrazia erabili dute emakumeei bozkatzeko eskubidea galarazteko»

Europan demokrazia modernoa ezartzen lehenetakoa izan zen Suitza, baina emakumeei boto eskubidea onartzen azkena. Paradoxa ulertzen lagunduko du Bernako Unibertsitateko irakasleak gaur Donostian.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Brigitte Studer (Basilea, Suitza, 1955) historia irakaslea da Bernako Unibertsitatean. Citizenship, democracy and gender. How is the suiss exception to be explained? (Hiritartasuna, demokrazia eta generoa. Nola azal daiteke Suitzako salbuespena?) hitzaldia emango du gaur, 12:00etan, EHUko Zuzenbide Fakultateko gradu aretoan, Donostian.

Europako demokraziarik zaharrenetako eta iraunkorrenetako bat da Suitza. Eta, halere, emakumeen botoa 1990. urtean zabaldu zen herrialde osora. Nola uler daiteke halako kontraesana?

Bozkatzeko eskubide unibertsala 1848. urtean onartu zieten Suitzako gizonei. Harez geroztik hausturarik gabe iraun du eskubideak. Emakumeek, ordea, 1971. urtera arte ez zuten izan bozkatzeko eskubiderik, eta hori onartzen azken kantonamenduak —Appenzell Innerrhoden— ez zuen indarrean jarri 1990era arte. Nola ulertu horren tarte handia egotea bien artean? Alde batetik, Suitzak ez zuen inongo gerratan parte hartu XIX. eta XX. mendeetan. Egonkortasun politiko handia egon zen horren ondorioz, eta ez zen inoiz hausturarik edo bat-bateko gehiengo aldaketarik izan. Beraz, ez zen mobilizaziorik egon, eta emakumeek ez zuten gizonezkoen tokirik hartu administrazioan edo lantegian.

Paradoxa dirudi: demokraziaren sendotasunak berak galarazi zuen demokrazia emakumeengana zabaltzea?

Konstituzioak botoa gizonezkoei eman zien, eta bozketak hala egin ziren, besterik egitea Konstituzioa aldatzea litzateke. Beraz, gizonezkoen gehiengoa behar zen aldaketa gertatzeko. Europako beste herrialdeetan, berriz, emakumeen bozkatzeko eskubidea gobernuen edo legebiltzarren erabakiz onartu zen. Suitzarrak oso kontserbadoreak dira, eta patriarkalak. Herrien autonomia handiak ere erresistentzia handia ezarri zuen, emakumeen bozka eskubidearen kontra. Oso demokrazia zuzena da Suitzakoa: norberak bere burua ordezkatzen du, eta langilea zein lantegiaren zuzendaria elkarrekin esertzen dira eztabaidatzeko mahaian. Zuzentasun hori erabili zuten eskubidea ukatzeko. Paradoxa da, beraz, oso antolakuntza demokratikoak modernotzea galarazi du.

Aldea egon al da horretan italieraz, frantsesez edo alemanez mintzo diren kantonamenduen artean?

Italieraz mintzo den Suitzak ez du bultzatu eskubideak onartzea; bai, ordea, frantsesez mintzo denak. Neuchatel, Vaud eta Geneva izan ziren lehenak eskubidea onartzen, eta hori irautzailea izan zen. Horiek frogatu zuten eskubidea onartzearen aurkakoen argudioak faltsuak zirela: gehiengoak goitik behera aldatuko zirela, sistema politikoa eta familiak hankaz gora jarriko zirela... Horrez gain, Suitzan bazegoen argudio berezi bat, demokrazia aurreratu eta sakonari zegokiona: erreferendum eta bozketa asko egiten direnez hori guztia emakumeentzat lan handia izango zela esaten zuten.

Berandu ibili arren, gaurko Suitzako Gobernuan emakumeak nagusi dira. Garaipena da hori?

Ez dago parekotasunik politikan, aurrera egin bada ere. Legebiltzarrean emakumeen ordezkapena %25-30 inguru dabil. Ekonomian, emakumeek ia ez dute ordezkapenik goi mailatan, eta emakumezkoen eta gizonezkoen soldaten artean alde handia dago oraindik ere. Gobernuaren gehiengoa emakumezkoa izatea zoriz gertatu da, eta litekeena da ez irautea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.