Iñaki Etaio. Askapena taldeko kidea

«Euskal kooperatibistek baino askoz botere handiagoa dute Venezuelako langileek»

Krisi garaian badago zer ikasi itsasoz beste. Herritarrek bultzatutako herri kontseiluak eta lantegi sozialistak eredu alternatibo oparo bilakatu dira Venezuelan. Gaur, Gasteizen aztertuko dituzte.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Iñaki Etaio (Gasteiz, 1976) Askapena taldeko kideak Venezuela:demokrazia parte hartzailea hitzaldia emango du gaur, Askapenak antolaturiko brigadetan izena emateko kanpainaren barruan, 19:30ean, Gasteizko Izar Gorri tabernan.

Zein gai jorratzen dituzu hitzaldian?

Demokrazia parte hartzailea zertan datzan aztertu nahi da, eta aurretiko ereduak gogoratu. Independentziatik abiatu eta ibilbide azkarra egin, Hugo Chavez etaXXI. mendeko sozialismora iritsi arte. Chavezek herriaren parte hartzea eta boterea bideratzeko tresnak garatu ditu. Boterea eskualdatzen saiatu da, Estatutik herriaren egituretara.

Zein egitura sortu dituzte?

Hiru mailatan egituratzen da parte hartzea. Behean, herri kontseiluak daude, auzo batzarren antzekoak direnak. Auzo, herri eta jatorrizko komunitateetan sortzen dira. Arazoen diagnostikoa egiten dute, irtenbide bat bilatzeko plana sortu eta haren aurrekontua egituratzen dute. Azkenik, proiektua gauzatzen da. Gero, kontuak jende aurrean berrikusten dira, gardentasuna bultzatu eta ustelkeria eragozteko. Bigarren mailan, komuna sozialistak daude, eta hor tokian tokiko herri kontseiluak biltzen dituzte. Bertan proiektu konplexuagoak, denbora luzekoak, gauzatzen dira. Eta, azkenik, hiri komunalak. Horiek sortzeko, eskualde guztiek komuna sozialistetan banatuta egon behar dute; horregatik, gehienak nekazari eremuetan garatu dira. Hala ere, helburua hirietara zabaltzea da.

Nola erantzun herritarren beharrei?

Estatuaren egitura, demokrazia burgesaren barrutik, hauteskundeen bidez aldatzea oso zaila da. Oztopo ugari daude ministerioek gogobetetzeko herritarrek hezkuntzan edo medikuntzan dituzten beharrak, estatuaren barruan prozesuari sabotaje egin nahi dioten kontrairaultzaileak daudelako. Hori saihesteko misioak jarri dira martxan. Herritarrak alfabetatzeko, ikasketak bukatzeko, osasun etxeak irekitzeko, nekazaritza sustatzeko... Miliziak ere bultzatu dira: herria armatu da, inoiz estatu kolpe bat izatekotan defendatu dadin.

Eta lantegi sozialistak.

Herri kontseiluekin elkarlanean, autogestioa jorratzen duten lantegiak ere hasi dira garatzen. Bertan langileek kudeatzen dute dena, nahiz hainbat eredu egon.

Zein ezberdintasun dute Euskal Herriko kooperatibekin?

Langileek botere askoz handiagoa dute. Antolaketa desberdina da, eta langileek erabaki gehiago har ditzakete. Merkatuaren mendekotasunetik atera nahi dituzte lantegiak; eskaintza eta eskariaren eredutik aldendu. Gainera, gobernuak bere gain hartu ditu premiazko produktuak ekoizten dituzten zenbait enpresa. Aurretik, enpresa pribatu asko merkatua hornitu gabe uzten saiatu izan dira: biltegiak beteta eduki dituzte, prezioak garestitu eta eskasia areagotuz. Hala, herriaren haserrea gobernuaren aurka erabili nahi zuten. Orain estatuak dauka boterea, eta lagun dezake:zenbait produkturi prezio apala ezarri, eskuragarri izateko.

Chavezen osasun egoerak urduritasuna zabaldu du?

Kezka da nagusi; Chavez oso figura garrantzitsua da. Sektoreak bateratu ditu. Eta ez da ondorengorik ikusten. Ildo horretan, lan handia dago egiteko. Herria, egitura parte hartzaileen bidez, politikan hezi behar da, heldutasun politikoa lortu, eraso kapitalistei aurre egiteko gai izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.