Xabier Paya. Bertsolaria eta ikertzailea

«Normalizaziorako, ekimen iraunkorragoak dira bertso eskolak, euskaltegiak baino»

Zergatik ez da inoiz arabarrik heldu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalera? Halako galderak jarriko ditu mahai gainean Payak Gasteizen, 'Bertsoak euskararen normalizazioan' ekitaldian.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Xabier Paya (Getxo, Bizkaia, 1982) itzultzailea, ikerlaria, irakaslea eta bertsolaria da. Bertsoa euskararen normalizazioan ekitaldian hartuko du parte gaur, 18:00etan, Montehermoso kulturgunean, Gasteizen, Erdalguneetako bertso-eskolak edo euskal dimentsiorako ate interestelarrak hitzaldiarekin. Ekitaldi berean Andoni Egañak hitz egingo du, eta, mahai ingurua egingo dute biek Juan Mari Juaristi, Oihane Perea eta Manex Agirrerekin.

Zerikusik al dute bertso eskolek zientzia fikzioarekin?

Aspaldi idatzi nituen Euskal Herrian bi dimentsio daudela, euskalduna eta erdalduna. Bata bestearen gainean daude, baina euskaldunok erdal dimentsiora pasatzeko aukera dugun bitartean, erdaldunak ezin dira euskal dimentsiora sartu. Erdal guneetako bertso eskolek euskal dimentsioan sartzeko tresna ematen diete eskolak halamoduzko euskal hiztun bihurturikoei.

Halere, bertso eskolen eragina, euskategiena baino askoz txikiagoa izango da, estatistikoki. Ez?

Neurri batean, bai. Baina aztertzekoa litzateke bertso eskolen arrakasta maila. Euskaltegietan, helburua euskara da. Haatik, bertso eskolen helburua gozatzea da, eta, horretan, euskara tresna bat da. Beraz, alde horretatik, akaso, euskararen normalizaziorako egitasmo iraunkorragoa eskaintzen dute bertso eskolek, euskaltegiek baino.

Erdal eremuetako bertso eskolak zertan dira bereziak?

Nik bertsolaritza literaturarekin konparatzen dut, egoera azaltzeko: literaturan kanona dago, eta, gero, periferiako literatura. Bertsolaritzan gauza bera ikus daiteke. Erdal eremuetako bertsolaritzak baditu bereizgarriak: ez du euskalkirik izaten, eta, euskara jatorra nondik hartu ez dutenez, hura lehenetsi baino gehiago, komunikaziorako arrakasta duen euskara egokia aukeratzen dute bertsolariok, nagusiki kaleko euskaratik eta eskolak eman dien euskara zuzenetik. Horren adibidea da Arkaitz Estiballesek joan zen igandeko finalerdian erabilitakoFederer, Jes Estender eta joder hitzak. Errima moduan ez da oso euskara jatorra izango, baina komunikazio helburua betetzen du, dudarik gabe.

Apokalipsiaren tronpeten hotsa izango da hori askorentzat.

Errealitatea hori da. Israel eta Gazarekin ere eskandalizatu beharko litzateke jende asko, baina... Beste dikotomia Euskal Herri urbanoa eta ez horren urbanoa. Erdal guneetako bertsolaritza urbanoagoa da. Hori kanonean dago, edo bertsolaritza periferikoa da?

Epaileek kontuan hartu beharko lukete hori puntuak emateko orduan?

Hori litzateke ondorioetako bat. Galdera bat dago hor: zergatik ez du inoiz Arabako bertsolari batek Euskal Herriko Bertso Txapelketako finalean kantatu, kontuan hartuta hor aritu diren bertsolari asko Gasteizen prestatu edo handik pasatu direla? Andoni Egaña, Jon Maia... han bizi izan dira. Ate interestelar horietako bat dago, antza, Gasteizen. Batzuk badakite hortik pasatzen eta itzultzen.Bilatu beharko dugu. Akaso izango da Arabako bertso eskolek eta bertsolaritzak daukan eredua ez dela kanonetik horren hurbilekoa. Euskal herritarren gehiengoa erdal guneetan bizi da, Bizkaian, esaterako. Bertsolaritza eredu horretara gehiago egokituko bagenu, akaso hurbilago egongo litzateke benetan euskal herritar guztietatik, ez eta soilik erabat euskaldun edo euskal hiztun oso direnetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.