Turkiak HDPko buruzagi berria ikertzeko eskatu du, «terrorismoa» egotzita

Pervin Buldanek Afringo erasoaldia salatu zuen alderdiaren kongresuan. Muslim PYDko buruzagia «terroristen zerrendan» sartu du Ankarak

Afringo erasoaldiaren kontrako nazioarteko martxa, atzo, Lausanan, Suitzan. LAURENT GILLIERON / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Pervin Buldan HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidente izendatu eta biharamunean bertan agindu du Turkiak hura ikertzeko. Igandean egindako kongresuan izendatu zituzten alderdiko bi buruzagi berriak, eta han egindako adierazpenengatik egin du fiskaltzak haren kontra. Turkiak Siria iparraldean martxan duen operazio militarra salatu zuen politikari kurduak: Afrinen «zibil kurduen» kontrako erasoa egiten ari direla esan zuen. Ahmet Akca fiskalak hori «terrorismo propaganda» egitea ote den ikertzeko agindu du: besteak beste, «ezinikusia eta areriotasuna eragitea» ote den.

Sirri Sureyya Onder diputatu kurduari ere gauza bera egotzi diote. Buldani, baina,«erakunde terroristako kide» izatea ere leporatu diote, 2008 eta 2015 bitartean diputatu gisa eginiko hamabi hitzaldigatik. Bost-hamar urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.

Pervin Buldan Kurdistango HDPko presidente izendatu zuten igandean, Sezai Temellirekin batera. Kongresuak 30.000 militante elkartu zituen, eta, jazarpenaren aurrean, erresistentzian jarraitzeko deia egin zuten buruzagi berriek. Selahattin Demirtasek mezu bera helarazi zuen kartzelatik: «Batzuk espetxeratu arren, beste batzuek borrokan jarraituko dute, eta, jarrera aldatu ezean, espetxe berriak eraiki beharko dituzte».

Demirtasen eta Figen Yuksekdagen lekukoa hartu dute bi buruzagi berriek —gizon bat eta emakume bat daude buruzagitzan, alderdiko estatutuetan jasota dagoen bezala—. Demirtas eta Yuksekdag 2016an atxilotu zituzten, kargua hartu eta bi urtera, eta kartzelatik mezu bana bidali zuten kongresura. Yuksekdagek kongresuan elkartutakoei zuzendu zizkien hitzak: adierazi zien«amore emateko prest ez dagoen herritarren indar erakustaldi bat» egiten ari zirela.

Pervin Buldan eta Sezai Temellik ibilbide luzea daukate polikan. Buldan (Hakkari, 1967) diputatua izan da azken hamar urteetan; besteak beste,parlamentuko bozeramailea. Savas Buldan, haren senarra, 1994an desagerrarazi zuten, eta, ondoren, desagertutakoen aldeko elkarte bat sortu zuen. Larunbatero epaiz kanpoko heriotzak salatzen dituen elkarteko kide ere bada. Buldanek, ildo horretan, ez direla makurtuko adierazi zuen igandean: «Ez gara izango historiako atal ilun honen laguntzaile. Ez du axola zenbat ahalegintzen diren gu bakartzen eta indargabetzen: gure eskubideen eta zilegitasunaren indarrean sinetsiko dugu aurrerantzean ere».

Temelli (Istanbul, 1963) HDPren sortzaileetako bat da. Diputatu izandakoa da, eta, ekonomian doktorea izaki, alor horretako bozeramailea izan da. Istanbulgo Unibertsitateko katedradunorde kargua kendu zioten 2016ko ustezko estatu kolpearen ostean. Temelliren hitzetan, aurtengoa HDPren urtea izango da, «bakeari» egingo dion ekarpenagatik: «Gobernu tirano honi zentzabidea emango diogu. Demokrazia ulertzeko gure modu erradikalarengatik boterera iritsiko gara. Hori da gure xedea».

Datorren urteko azaroan dira hauteskundeak egitekoak Turkian. HDP Turkiako hirugarren indar politikoa da egun. 2012an sortu zen, kurduen ekimenez, baina ezkerreko jende ugari erakarri du, eta azken bozetan lortutako emaitzak dira horren erakusle. 2015eko ekainean, botoen %13,1 lortu zituen, eta, handik bost hilabetera berriz egindako bozetan, jazarpena itzela bazen ere, %10eko langa gainditzea lortu zuen: parlamentuan 59 eserleku eskuratu zituen.

HDPren emaitzek, baina, errepresioa handitzea eragin dute, eta, ordutik, alderdiko kide ugari kartzelatu dituzte. Kurdistanen, berriz, etxeratze agindu etengabean bizi dira.

Mugetatik haratago

Turkiaren jazarpenak mugak ere gainditzen ditu. YPG Herriaren Babes Unitateak PKKren adar bat dela uste du Turkiak. Eta Sirian, Rojavan, milizia kurduen kontrako erasoaldia abiatu zuen iragan urtarrilaren 20an; Olibondo Adarra operazioa. Afrin kantonamenduan hainbat bonbardaketa egin ditu ordutik —dozenaka zibil hil ditu—, etajada 666 lagun atxilotu dituzte erasoaldiaren aurka kalean edo sare sozialetan protesta egiteagatik. Giza eskubideetako hainbat ekintzailek salatu dute bakea defendatzea delitu dela Turkian. Recep Tayyip Erdogan presidenteari, ildo horretan, operazioa eteteko eskatu diote 173 idazle, artista eta intelektualek.

Kritikek, hala ere, ez dute ondoriorik izan, ez bada erasoaldia gogortzeko. Turkiako Barne Ministerioak «terroristen zerrenda» eguneratu du, eta bertan «ehunka lagun» sartu ditu, tartean Saleh Muslim PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentekidea —YPGren beso politikotzat dute—.

YPGren kontrako erasoaldiak, baina, nazioarteko aliatuekin ere eragin dizkio arazoak Ankarari. AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa izan dute orain arte milizia kurduek, eta, sostengu hori amaitu ezean, harremanak «guztiz» suntsituko direla ohartarazi dio Ankarak Washingtoni. Rex Tillerson Estatu idazkariaren bisitaren atarian egin ditu adierazpenak Turkiako Gobernuak. Ostegunean iritsiko da Tillerson Ankarara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.