Kuotak bete ez arren, estatuek iheslari gehiago hartzea nahi du EBk

50.000 iheslari jasotzeko proposamena aurkeztu du Europako Batzordeak. Schengengo Ituna aldatzeko prest agertu da Brusela

Siriako errefuxiatu talde bat Alemaniako enbaxadaren aurrean kexaka, Grezian. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak 50.000 errefuxiatu gehiago jasotzeko proposamena aurkeztu du. Horiek EB Europako Batasunetik kanpo dauden estatuetatik iritsiko lirateke. Horretarako, batzordeak 500 milioi euroko laguntza ezarriko du datozen bi urteetan, 10.000 euro iheslari bakoitzeko. EBko herrialdeek Italian eta Grezian dauden 180.000 iheslari jasotzeko epea amaitu den aste berean egin dute proposamena. Epe horretan, ordea, ia herrialde bakar batek ere ez ditu bete ezarritako kuotak: ezarritako bost iheslaritik bat mugitu dute.

«Elkartasuna ez da gelditu behar: estatu kideek elkartasuna erakusten jarraitu behar dute», adierazi du Dimitris Avramopulos Barne komisarioak. Elkartasun hori bideratu nahian hasiko dute «borondatezko» programa berria. Aurretik, ordea, Europako Parlamentuaren eta estatu kideen baietza behar du proposamenak.

EBko estatuen elkartasuna, baina, 2015ean ezarritako akordiotik urrun geratu da. Plan hark 2015. eta 2016. urteen artean Greziara eta Italiara iritsitako 1,4 milioi immigranteetatik 180.000 estatuetan ezartzea zuen helburu, baina 29.144 lekualdatu dituzte. Malta izan da ezarritako zifra bete duen bakarra (%113). Finlandia (%93) eta Irlanda (%81) ere gertu ibili dira. Halere, gutxiengoa dira batasunean. Espainiak egokitutakoen %13 jaso ditu —189 Hego Euskal Herrian daude— eta Frantziak, %21. Poloniak, Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak, zuzenean, parte ez hartzea erabaki zuten.

Plan berriaren helburua, ordea, ez da jada Europako Batasunean dauden iheslariak banatzea. Kuota sistemaren porrota ikusita, EBtik kanpo «lehen lerroan» dauden estatuetatik iritsiko lirateke EBra: Turkiatik, Ekialde Hurbiletik, Afrikako Adarretik eta Afrika iparraldetik.

Hango biztanleriaren zatirik «ahulenaren» harrerarekin Mediterraneo erdialdetik iristen den «immigrazio ilegala» egonkortu eta UNHCR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Agentziaren lana erraztuko lituzkete, batzordearen esanetan. «Ezin dugu elkartasuna gelditu; jende hori etsita dago», esan du Avramopulosek. Horregatik, estatuek «asmo handiko konpromisoekin» erantzutea espero du Barne komisarioak.

Estatu kide guztiak animatu dituzte errefuxiatuak hartzeko ekimen pribatuak bultzatzera, gizarte zibileko elkarteek harrerak antolatu ahal izateko.

Bestalde, «asilo eskubiderik gabeko» immigranteen itzulerak bultzatu nahi dituzte. Egun, horien %36 itzularazten da euren herrialdeetara. Bruselaren ustez, zifra hori «apalegia» da, eta lana hobetu beharra dago «fronte horretan».

Barne mugak gogortzera

Egun berean, Europako Batzordeak proposamena egin du EBko estatuen arteko Schengen mugarik gabeko guneen akordioari aldaketak egiteko. Proposamena aurrera eramanez gero, bi urtetik hirura igaroko litzateke kide bakoitzak barne kontrolak ezartzeko duen gehienezko epea. Avramopulosek azaldu du «azken errekurtso» gisa erabili beharrekoak direla kontrol horiek, «terrorismo mehatxuari» aurre egiteko: «Mugitzeko askatasunaren eta segurtasuna bermatzeko borrokaren arteko oreka aurkitu behar dugu».

Barne mugetako kontrol sistematikoen ezarpena segurtasun nazionalerako edo ordena publikorako «mehatxu larrien» aurrean erabiltzen da. Egungo araudien arabera, 30 egunez ezar daitezke kontrolak, sei hilabetera luzatzeko aukerarekin, bi urteraino salbuespenetan. Ezarpen hori luzatzea erraztu nahi du proposamenak, «mehatxuak irauten badu»: sei hilabeteko luzapenetik urtebetera, eta, salbuespenetan, hiru urtera. Hori egiteko, baina, estatu barruan «neurri indartsuak» ezartzen ari direla arrazoitu beharko dute; salbuespen egoera, adibidez.

Betiere, estatuek Europako Batzordeari eman beharko liokete luzatzeko nahiaren berri. Batzordeak Europako Kontseiluariegoera aurkeztu, eta azken horren gomendioak baimenduko luke edo ez luzapena.

Egun, sei estatuk dute kontrol mota hori indarrean. Frantziak, 2015eko Parisko atentatuen ondorioz. Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Suediak eta Norvegiak, berriz, 2016an ezarri zuten, errefuxiatu krisiari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.