Txernobylgo hondamendi nuklearrak landareetan utzitako aztarna, artegai

Anais Tondeur artistak eta Michael Marder ikertzaile eta filosofoak ondu dute mostra. Maiatzera arte egongo da Ingurumen Baliabideen Etxean

Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean, maiatzera bitarte egongo da zabalik erakusketa. ANDONI CANELLADA / ARP.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Chernobyl Herbarium izeneko erakusketa ireki dute Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean, Kristinaenea parkearen bihotzean; landare eta hazietan Txernobylgo hondamendi nuklearrak eragindako ondorioei buruzko «gerturatze bat» da, artearen eta filosofiaren ikuspuntuetatik. Bi elementu konbinatu dituzte erakusketan. Batetik, Txernobylgo eremu baztertutik hartutako 30 landare ditu, eta, bestetik, istripuaren ondorioez hausnartzeko testu bana. Maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai, eta, oraindik zehaztu ez dituzten arren, erakusketari lotutako zenbait jarduera antolatu asmo dituzte.

Eremu baztertu izendatu zuten zentral nuklearraren inguruko 30 kilometroko erradioa; hortik datorkio izena, hutsarazi egin baitzuten. Gertatuak gertatu, fauna, landaredia eta basabizitza aberatseko lekua da; gertatuak gertatu, bizitza ez zuen eten istripuak. 2015ean, ezbeharretik 29 urte igarota, ireki egin zuten eremu hori, eta hango laginak erabiliz osatu du belar bilduma Anais Tounder artistak.

Eslovakiako Zientzia Akademiako Landare Genetika eta Bioteknologia Institutuko Martin Hajduch ikertzailearengan inspiratu zen Tounder. Landarediak erradiazio handiko eremuetan jasaten dituen alterazioei behatzen die Hajduchek, linazeoen familian arreta berezia jarriz. Tounderrek gauza bera egin du Txernobylgo eremu baztertutik hartutako landareekin, baina artearen bidez.

Fotogramaren teknika erabili du Tounderrek erakusketako irudiak hartzeko. Teknika horrek bonba atomiko batek igorriko zukeenaren pareko argiarekiko muturreko esposizioa itxuratzen du. Fenomeno hori Hiroshiman eta Nagasakin hauteman zuten 1945eko bonbardaketa atomikoen ostean, hormetan eta lurrean inprimaturik gelditu ziren itzaletan. Fotogramen teknika landareei aplikatuta, istripu nuklearrak landareengan zein aztarna utzi zituen aztertu du.

Aztarna horiek ez dira begien bistakoak. Ukrainarrek «etsai ikusezin» terminoa erabili izan dute erradiazioak ingurumenean izan dituen ondorioak izendatzeko. Hain zuzen, herritar asko janariak kutsatuta gaixotu ziren: ez zuten ikusten, ez zen begien bistakoa, baina baratzeko fruituak kutsatu zituen istripuak, eta haiekin elikatzea heriotza epaia izan zen askorentzat.

Denboraren joana

Elikaduraren bidez ez, baina hondamendi haren ondorioz gaixotu zen Marder, Tounderrekin erakusketa osatu duen ikertzailea. Sei urte betetzear zela, Anapa herrira (Errusia) iritsi zen 1986ko apirilaren 26 hartan. Hainbat landareri alergia zien, hiru polen motari, eta Mosku jaioterritik Itsaso Beltzaren ertzean zegoen herri horretan zegoen sendategira joateko aholkatu zioten hainbat espezialistak. Hango palmondo eta zipresek on egingo ziotela esan zioten; ez zekien, ezin zuen jakin, mila kilometrotik gorako distantziara gertatutako istripu nuklearrak zuzenean eragingo ziola.

Tounderrek Parisen jarritako Dessiner l'invisible (Ikusezina dena marraztuz) erakusketaren bidez ezagutu zuten elkar, iaz: 30. urteurrena zuen istripu nuklearrak, eta liburu bat osatu zuten horren aitzakian. 30 landareren rayograma eta gogoeta bana bildu zituzten, igarotako urte bakoitzeko bat. Testu horiei Eztanda egindako kontzientzia baten zatiak deitu zien Marderrek, eta ibilbide intimo eta autobiografiko bat marrazten dute. Bien ekarpenak bat eginda sortu zuten Chernobyl Herbarium erakusketa.

Liburu horren berri izan bezain pronto eman zion arreta Lidia Montesinosi: Ingurumen Baliabideen Etxean egiten du lan, eta komisario gisa aritu da. Azaldu duenez, egileekin kontaktuan egon da; hasieran, iaz jarri asmo zuten erakusketa, baina, urte «ero samarra» izan zenez, propio atzeratu zuten 2017ra. 31. fotograma gehitu diote erakusketari, hori ere, berariaz: «Aurtengoa ez denez urteurren biribil bat, oharkabean pasatuko da, eta horretaz ohartarazi nahi izan dugu». Txernobylgo istripu nuklearraren lazgarritasunaz eta haren ondorioez ez ezik, denboraren joanaz ere hausnartzea nahi dute, erradioaktibitateak uzten duen «aztarna ekologiko amaigabearekin» lotura eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.