Bego Vicario. Zinemagilea

«Ez dut sinisten logika narratiboan»

Euskal animazioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen 1990eko hamarkadan, eta, sorkuntza isilune luze baten ostean, Vicario loraldi betean dago orain berriz ere.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Leioa
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lixiba usaina dute Bego Vicarioren eskuek (Caracas, 1962). Pelikula zintak garbitzen pasatu du goiza lantoki duen Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arte Ederren Fakultateko laborategian, eta bertan egin du elkarrizketarako hitzordua BERRIA egunkariarekin. Aurten, 50 urte beteko dira Jose Antonio Sistiaga artistak De la luna a Euskadi animazio filma sortu zuenetik, eta haren hurrengo proiektuak efemeride hori izango du ardatz. Euskal Herriko lehen animazio filma izan zen Sistiagarena, baina desagertuta dago, eta, horregatik, Vicariok eta beste 20 sortzaile inguruk pelikula berregiteko asmoa dute. Irudien faltan, animatzaile taldeak artistaren hitzezko azalpenak soilik izango ditu oinarri, eta askea izango da zaharberritzea. Horretarako, lau eguneko itxialdia egingo dute laborategian, guztiek batera. Horregatik Vicarioren eskuetako usaina, eta horregatik elkarrizketaren kokapena ere.

Frogak egiteko zeluloide puska batzuk han-hemenka, bideoak editatzeko ordenagailuak piztuta, baita argazki kamerak eta mahai erraldoi bat ere, gelaren erdialdean. Ezker-eskuin begiratu, eta Vicariok irribarrez eman du azalpena, elkarrizketa hasterako: «Hementxe egingo dugu lo, bai». Euskal Herriko animazio esperimentalaren aitzindari bilakatu zen 1990eko hamarkadan, Geroztik ere (1993), Zureganako grina (1995), Pregunta por mi (1996) eta Haragia (1998) film laburrekin, eta, urte luzez arreta irakaskuntzari eskaini ostean, berriz ere sorkuntzan murgildu da azken aldian, besteak beste, Beti bezperako koplak (2016)eta Areka (2017) film labur kolektiboekin.

Lan metodo bihurtu duzu animatzaile lagunak egun batzuetarako leku bakarrean bildu eta aske lan egiten jartzearena.

Nik amua botatzen dut, eta oso erraz heltzen diote.

Pixkanaka helduko zinen sistema horretara.

2016an egin genuen Beti bezperako koplak. Horretarako egin genituen pare bat bilera, baina gero lana nahiko autonomoa izan zen. Areka egiteko, proiektua koordinatuagoa izatea nahi genuen, eta maiatzeko zubian egin genuen barnetegia. Hemendik gutxira aurkeztuko dugu Miraila filma ere, eta beste bi proiektu ere baditugu bidean: Sistiagarena bata, eta bestea proiektu masibo bat. 50 ikasle inguru bildu gara eta ari gara Bilboren erretratu bat egiten, baina txikitasunean. Animazioa izango da, baina argazkien bidez. Miren Agur Meabek egin digu testu bat oso ederra, taldeka antolatu dugu jendea, auzoka banatu dugu hiria, eta talde bakoitzak egokitu zaion auzoan topatu beharko ditu animazioa egiteko elementuak.

Bakarrik egindako lanarekin lotzen da animatzailearen ofizioa. Badirudi zu kontrako norabidean zoazela.

Ideia bi apurtzen ari gara, nik uste. Ideia bat da animazioa egiteko animatzen jakin behar duzula. Orain lanean ari diren 50 ikasle horietako gehienek ez dute animaziorik egin inoiz, baina argibide batzuk eman, adibide pare bat jarri, eta jendea ari da.

Apurtzen ari zareten beste ideia da bakardadearen ideia?

Bai. Film bat egiten ari garen animatzaileok asko sufritzen dugu pelikula bat egiten dugun bakoitzean. Edozein animatzailek esango dizu pelikula bat amaitzerakoan gorrotatu egiten duela ia. Eta mundura botatzen duenean eta hasten denean mugitzen festibaletan, joaten da bera ere, eta bota egiten du, baina beste gauza batean hasten da pentsatzen. Normalean, pelikulak amaitzen ditugu esanez ez gaituztela berriro horrelako batean harrapatuko, bizitza zerbait gehiago da eta. Hemen inork baloratzen ez duen film xixtrin bat egiteko dena. Baina horrek magia dauka guretzako, eta horregatik egiten dugu. Beti erortzen gara. Esperientzia bakarti hori izan dugunontzat, talde lana oso emankorra da, eta oso bizia; eta asko eskertzen dugu. Sorpresa gehiago dauzka.

Profesional zaretenak eta profesional ez zaretenak biltzen zarete talde berean. Zer-nolakoa da esperientzia hori?

Teorian, profesionalek irakatsi behar liekete besteei, baina ez da inoiz hori gertatu. Daukagun abantaila bat da, nire ustez, proiektuak hasten ditugula pentsatuz agian ez dugula amaituko, eta igual azkenean ez dela egongo produktu bat.

Eta horrek bultzatu egiten zaitu?

Bultzatu baino gehiago, lasaitu egiten du. Ez daukagu bukatu beharraren antsietaterik. Eginez zoaz, eginez zoaz, eta momentu batean esaten duzu: «Badaukagu, aurrera». Eta momentu hori oso polita izaten da.

Beti aritu zara horrela?

Niretzat beti izan da inportantea ez jakitea helduko nintzen ala ez; ez jakitea lanak zer emaitza izango zuen. Inportantea da filmari bere bidea erakusten uztea. Adibidez, oraintxe eskutan ditugun bi proiektuak —Bilbokoa eta Sistiagarena— inkognita hutsa dira.

Eta zu orduan zara zoriontsuen.

Guztiok gara zoriontsuen une horretan. Sistiagaren etxera ere joan ginen, pelikulaz berbetan aritzera, eta gauza bera kontatzen zuen bere filmei buruz. Horrela gehiago disfrutatzen duzu, ze sorpresa bat prestatzen duzu zeure buruarentzat.

Eskuetan lixiba usaina duzula ari gara hizketan, eta esango nuke zure pelikuletan ere igartzen dela maite duzula eskulangintza hori. Eskuetatik pasatutako filmak dira zureak.

Arte Ederretan badauzkagu materikotasun hori eta eskuak erabiltzeko joera. Pintura eta marrazketa egin dugunok badakigu ekinaren ekinez lortzen dela halako lotura bat eskuaren eta burmuinaren artean, eta, [Rafael Ruiz] Balerdik esaten zuen bezala, eta Sistiagak ere esaten duen bezala, une batetik aurrera eskuak dakiela, autonomia hartzen duela. Batzuetan, ahaztu egiten zaigu gorputz oso-osoan dauzkagula neuronak, gure eskuetako neuronek ere ikasi egiten dutela eta memoria daukatela. Guretzako, eskua oso inportantea da.

Argazkilaria zenuen aita, eta laborategia zuen etxean. Han piztu zitzaizun, agian, lilura hori?

Aitak beste lan bat ere bazuen, eta argazkiak gauean bakarrik errebelatzen zituen. Horrek bikoiztu egiten zuen misterioa. Beste haurrek telebista ikusten gelditu nahi zuten, eta nik aitarekin errebelatzera joan nahi nuen. Uzten zidan apur batean. Kimikoen usain hori... Oso barneratuta dut hori dena. 1970eko hamarkadan, langile guztiek bezala, aitak ez zuen aukerarik izan horretan nahi beste aritzeko. Venezuelan bai, profesionala izan zen han, eduki zuen ekipamendu ederra; Euskal Herrira etortzeko txartelak erosteko, baina, saldu egin behar izan zituen. Formatu handikoak behintzat bai. Arte Ederretan ere, argazkilaritza egin genuen gero.

Masterra eginda bazenu bezala helduko zinen hara.

Ez pentsa, ze aita oso intuitiboa zen; ez zuen ezer apuntatzen, eta ez nuen ezer ikasi modu analitikoan. Txorrotada bat botatzen zuen, denbora ere gutxi gorabehera kalkulatu... Unibertsitatean ikasi nituen denborak eta mililitroak eta gainerakoak, eta asko disfrutatu nuen ikusten magiak bazuela bere zientzia atzean. Aitarekin hori komentatu, eta esaten zidan denborena eta mililitroena txorradak zirela.

50 urte dira Jose Antonio Sistiagak Euskal Herriko lehen animazio filma egin zuenetik. Zer du lan horrek orain berriz hari begira jartzeko?

Bibliografian badaude aztarnak, diotenak Azkuna anaiek zerbait egin zutela Sistiagak baino lehenago, baina esango nuke Sistiagarena dela lehenengo animazioa. Film abstraktu bat da, baina irudi abstraktu horien gainean, momentu batean, irudi figuratibo batzuk ere sartzen ditu. Suziri bat sartzen du, eta kultur funtzionarioei egiten die kritika hor: ilargian bizi direla irudikatzen du. Nahi dute Euskadira etorri Euskadi salbatzera, eta diruarekin nahi dute salbatu, Eliza katolikoarekin, futbolarekin, eta Desde Santurce a Bilbao eta horrelako folklorekeriekin. Oso labur egiten du kritika, pelikula gehienbat abstraktua da eta. Horregatik ere bada inportantea, horrek esan nahi baitu euskal zinemagintzan zinema esperimentala dagoela lehenengo, beste zinemagintzetan ez bezala. Ez dakit hori beste inon gertatzen den. Horrez gainera, inportantea da De la luna a Euskadi, zeren Sistiagak daukan obrarik ezagunena da ere erera baleibu izik subua aruaren, eta lan hori zera da, film abstraktu luze bat zuzenean pelikulan pintatua, eta munduan dagoen estilo horretako film bakarra; oso aitortua izan da, eta, hain zuzen ere, De la luna a Euskadi izan ziren pelikula horren hasierako sei minutuak. Baina gero hasierako parte hori kentzea erabaki zuen, titulu propioa ematea, eta film luzea zerotik hastea.

Omenaldi bat da, beraz?

Gu sentitzen gara euskal animazioaren katebegi bat. Kateari jarraitzea da katebegiaren funtzioa, eta katea ez etetea. Guk nahi dugu kateari gure kontribuzioa egin. Eta iruditu zitzaigun ideia polita zela desagertuta dagoen film hori berregitea gure erara.

50 urteren ostean, kultur funtzionarioak ilargian bizitzen ikusten dituzu oraindik ere?

Bai. Sistiagak oso garbi esaten du: zertan dabiltza artista ez direnak arteari buruz erabakiak hartzen? Ardura daitezela kaleak garbi izaten, trafikoa kudeatzen, semaforoak jartzen, baina utz diezagutela artistoi geurea kudeatzen. Sistiagaren filma gaurkoa da guztiz, eta ni guztiz bat nator kritika horrekin.

Esperimentazio formal handiko lanak izan arren, zure lanek beti izaten dute eduki soziala ere. Landu dituzu bortizkeria matxista, organo lapurreta, hobi komunak, memoria historikoa...

Ez zait bururatzen esperimentazio formal hutsa egitea, are gutxiago kasu horiek nire egunerokoa ukitzen dutenean. Badaude gaiak momentu batean egonezina sortzen dutenak, eta horiek lantzen ditut nik. Ideiak izaten ditut buruan, eta ez hainbeste gidoiak. Ez zait asko interesatzen istorioak kontatzea eta kontu narratibo hori. Istorio bat kontatzen duzunean, justua izateko, istorio horren alde asko kontatu behar dituzu, eta amaiera bat eduki behar duzu; nik ez dut sinisten logika horretan. Istorioak linealak izaten dira gehienbat, eta niri ez zaizkit ateratzen horrela.

Animatzaileak bazaudete, animazio filmak badira, kalitatea badago, baina zinema aretoetan nekez ikusten da Pixar etxearena ez den animazio filmik. Banaketa da animazioaren borroka esparrua orain? Etsigarria da?

Bai, bada etsigarria, baina frustrazioan ezin da bizi. Aspaldi erabaki nuen ez kexatzea, bestela kexatzen egongo ginen denbora guztian. Begira, datu bat: Kimuak egitasmoaren 20. urteurrena ospatzeko, Donostiako Tabakaleran antolatu zuten festa bat, eta eman zituzten sei film, eta sei film horien artean ez zegoen ez animaziorik, ezta emakumezkoen lanik ere. Egin dute beste bilduma handiago bat, Blue-ray bat ateratzeko, eta 40 film inguru batuko dituzte bilduma horretan; hor ere, animazioko bi lan daude: Kote Camachorena bata, eta Izibene Oñederrarena bestea. Izibene da bildumako emakume bakarra. Horiek dira datuak. Nik ez dut nahi kexatu, kexa dadila gizartea. Horrekin batera, jabetu ginen Euskadiko Filmategiak atera duela bere 40. urteurrena ospatzeko film hautaketa bat, eta hor ere ez dago emakumezkoen lanik. Bakar bat ere ez. Kexatzen ibiliko ginateke denbora guztian, baina ez. Guk geuk ez badugu geurean sinesten... Eta hor dator Sistiagaren kexa berriz ere: nor ari da erabaki horiek hartzen? Nik konfiantza osoa dut Kimuak taldekoengan, baina, hori gertatzeko, zerbaitek egin du huts. Denok lortu behar dugu berriz hori ez gertatzea, bestela hutsak baitira gure diskurtso guztiak.

Lana geratzen da egiteko, beraz.

Nik zer aurpegirekin esango diet hurrengo eskolan neskei aurrera egiteko, eta gero eta emakume gehiago daudela zinemagintzan. Nik ezin dut horrela ibili. Nire diskurtsoa, horregatik, beti izan da bera: ez dakit lekurik izango dugun etorkizunean, baina guk gurea egin behar dugu. Guk gure ideiekin eta gure nahiekin bat egin behar dugu; hori da garrantzitsuena. Gero, lekurik eta aitortzarik ez dugula? Bada, bai, hori gertatuko da seguruenik, baina egin egin behar dugu. Bizitza laburregia da kexatzen ibiltzeko.

Hobe eskuak lixibatan edukitzea?

Bai, beti martxan.

Zure sortzaile ibilbidean badira etenaldi luze batzuk. Nagusiki, irakasle aritu zara denbora tarte horretan. Nola ibili zara horretan?

Emakumezkook oso zaila daukagu etxeko lana, kanpoko lana, seme-alabak eta gainontzeko guztia uztartzea. Urte luzez, ozta-ozta lortu nuen irakasle lanarekin betetzea, eta, 50 urte bete ditudanean eta jadanik seme-alabak nagusitxoagoak egin direnean, loratu egin naiz. Errusiarrek basushka liet deitzen diote horri. Esaten dute amamek, justu amama bilakatu baino lehen, loratze bat izaten dutela. Bada, hori nabil ni egiten. Deskontu denboran ari naiz orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.