Bake prozesua Kolonbian. Memoria historikoa. Jorge Posada. Memoria Historikoaren zentroko koordinatzailea

«Biktimek dute barkatu eta adiskidetzeko gaitasun handiena»

Biktimek orain arte izan ez duten protagonismoa dute, Posadaren esanetan. Haatik, gizartea zatituta dagoela dio Habanako akordioaren inguruan. «Bada jendea onartzen ez duena FARCen gizarteratzea».

JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Bogota
2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Momentu historikoa da Kolonbiarentzat, abuztuaren 24an Habanan FARC gerrillak eta gobernuak lau urteko negoziazioak amaitu baitzituzten. Elkarrizketa mahaitik gizarte zibilera bide egin beharko du orain bake prozesuak. Memoria Historikoaren Zentro Nazionala (CNMH) ezinbesteko bitartekaria izanen da lan horretan. 2011ko dekretu baten bidez sortu zen, eta zentroak badu nahikoa autonomia gerrillak eta paramilitarrek eragin kalteez gain estatuaren erantzukizunak ere ikertzeko. Ahal gutxirekin, gatazka armatuaren errealitatea sozializatzea du eginbeharra, elkarbizitza kausitzeko xedez.

Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak zein rol jokatzen du bake prozesuan?

Habanan adostu zen Justiziaren Sistema Integralaren parte izateko bere burua aurkeztu du zentroak, espektro zabalean gatazka armatuko biktimak kontuan hartuak izan daitezen. Sistema horren barruan, zentroak rol garrantzitsua jokatuko du. Egiaren Batzordea osatzeko, adibidez, zentroak aholkularitza lanak eginen ditu.

Nola lantzen da memoria oraindik ere zauriak irekiak direnean?

Gatazkaren erdian memoria egitea eta memoriaren prozesua eramatea erronka handia eta oso arriskutsua izan da, baina begi bistakoa da egin daitekeela. Gizarte zibileko biktima guztiek jadanik memoria lan bat egiten zuten inguruko pertsonak oroituz, gertakari latzenak oroituz ahantziak izan ez daitezen; kantuak eginez, elkarguneak instituzionalizatuz, artelanak eginez, monumentuak... Oroimen lan horiek gatazkak iraun duen hamarkadetan egin dira. Orain, estatuari dagokio konpontze sinboliko bat egitea, gertatua ez dadin errepikatu.

Zentroak egiten duen lanean nabaritzen ote da elkarbizitzarako borondatea?

Gatazka armatuaren biktimak dira adiskidetzearen froga gehien ematen dutenak, eta barkamenerako gaitasun handiena daukatenak. Zazpi milioi pertsona dira; Kolonbiak 46 milioi biztanle ditu. Biktimak dira autoritate moral handiena daukatenak herri honi indarkeria gainditzeko eskatzeko. Gobernu honek bere hitza bete du, kolonbiarrek baitituzte akordio hauek onetsiko plebiszituaren bidez, presidenteak dekretu bidez egin zezakeelarik. Baina herria zatitua da Habanako akordioak onartu ala gaitzesteko, zatitua da bakea onartu ala gaitzesteko. Egoera hau bakarra da munduan. Bada jendea herri honetan ez duena onartzen FARCek armak utzi ditzaten, ez duena onartzen FARCeko militanteak gizarteratu daitezen, nahiago lukeena FARCekoak hilik edo preso ikusi... Hori gatazkaren ondorioa da, baita herri hau gobernatu izan dutenen erantzukizuna ere, herrak handitu izan dituztelako.

2011n, biktimek jasan kalteak konpontzeko lege bat onartu zuen gobernuak. Mugimendu sozial batzuen arabera, ordea, lege hori ez da betetzen.

Biktimen eta lurren itzultzearen legeaz mintzo gara, 1448. legeaz. Lege horrek egin nahi duena da gatazkak eragin dituen zazpi milioi biktimek [6,5 milioi biktima desplazatuak izan dira] pairatu dituzten kalteak konpontzea, eta lapurtuak izan ziren lurrak beren jabeei itzultzea. Oso zaila izan da legea gauzatzea. Aitzinamendu handiak izan dira, baina zailtasunak ere handiak dira. Txosten batzuen arabera, asko gelditzen da egiteko. Hori hala da, baina alde positiboak ere izan dira: biktimen erregistroa egin da, eta ordain materiala eman zaie. Biktimek badute sekula ukan ez duten protagonismoa. Azpimarratu behar den beste puntua da konponketa sinbolikoarena, ez soilik guk hala diogulako, baizik eta biktimek beraiek horrela onartzen dutelako.

Gatazkaren parte izan diren bi aldeek akordioa lortu dute. Bakoitzak beste aldeari eragin sufrimendua onartzen al dio?

2015eko abenduan, FARCek barkamena eskatzeko ekitaldi publikoa egin zuten Bojayan. Hango elizan babestu ziren ehun pertsonatik gora hil ziren erakundeak ezarri zuen lehergailu batek eztanda egitean. Gatazkaren historian hil gehien utzi duen ekintza izan zen hura. Gerrillak ekitaldi hori egin zuen benetako konpromiso bat agertzeko Justiziaren Sistema Integralarekin. Kolonbiako Estatuak, Amerikarteko Giza Eskubideen Auzitegiaren sententzia baten bidez, iaz onartu zuen giza eskubideak urratu zituela 1985eko azaroaren 6an eta 7an Justizia Jauregia hartzean. Errepublikako presidenteak berak egin zuen barkamen eskaera.

Pedagogia egiten duzuela adierazten duzue behin eta berriz. Kolonbiako hezkuntzak elkarbizitzarako hezten al ditu datozen belaunaldiak?

Hori erronka bat da, baina, oraingoz, prozesua hasiberria da. Zentroak aholkularitza lanak egiten ditu Hezkuntza Ministerioarekin,etorkizunean hezkuntza ereduak kontuan har dezan garrantzitsua dela jakitea zer gertatu zaigun, berriro ez errepikatzeko. Horregatik, zentroak badu pedagogia talde bat. Talde horrek lehen eta bigarren mailako hezkuntzan Bakea eta Adiskidetze katedra lantzen du. Katedra horretan, irakasleekin lan egiten dugu, herri honetan gertatu diren gertakariak irakasteko. Gauzak ezagutarazteko, beren izenez deitzeko eta biktimei duintasuna emateko.

Orain gizarteak bake prozesuan parte hartu beharko du. Horretarako espaziorik izanen ote da?

Biktimek arrazoi dute diotenean bake prozesu hau gizarte zibila gabe ezin daitekeela erdietsi. Gobernuak eta gerrillak deliberatu dute armak isilaraztea, eta gatazka armatu hau amaitzea. Baina horrek ez dauka zentzurik jendeak ez badu parte hartzen, ez dauka zentzurik biktimek ez badute zuzenki parte hartzen eskualdeetan, ez dauka zentzurik gizarteak ez baditu akordio horiek bereganatzen. Negoziazio eredu honek—itxia eta diskretua izan da— gizartearen parte hartzea anitz baztertu du. Hein handi batean, erran daiteke horri esker akordioa gauzatu ahal izan dela, baina, oraingo inplementazio fasean, parte hartzea sustatzea da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.